Live
Kostata, baina Xboxek lortu du azkenean. Call of Duty, Warcraft, Diablo, Crash Bandicoot eta Candy Crush bezalako bideojoko ezagunen jabea erosi du: Activision Blizzard King erraldoia.
Ez zaio merke ez erraz irten, baina. 68.000 mila milioi dolarretako balioarekin, bideojokoen zein teknologia industrien erosketarik handiena da. Monopolioari lotutako salaketek eta oztopoek eragotzi diete orain arte 2022 hasieran iragarritako fusioa burutzea: Europako, AEBtako zein Erresuma Batuko erakundeekin epaiketetan murgilduta aritu dira Redmond-ekoak azken urtean.
Onerako edo txarrerako, honen inguruan hausnartu dugu Game Erauntsian. Ondorioak ikustear daude, eta, alde onak edukiko dituen arren, ez da erraza begi onez ikustea, batez ere jokalarien aldetik.
PlayStation-ek, bere aldetik, PS5 kontsolaren modelo berria aurkeztu du. Ez du izen berezirik, baina slim edo modelo meheagoaren aurrean gaudela dirudi: kontsola originalaren tamaina % 30 murriztu dute. Eskertzekoa, 2021ean merkaturatutako gailua sekulako tankea dela kontuan hartuta. Ez dugu oraindik saltokietan ikusiko, baina: originalaren stock guztia agortu arte itxaron beharko da.
Bilboko Relevo estudioaren hurrengo bideojokoaren argitaratze data ezagutu dugu, gainera. Frontball Planet dibertigarria azaroaren 10ean estreinatuko da PlayStation kontsoletan eta ordenagailuetan: pilota partiduak proposatuko ditu, baina frontball estiloan, pareta bakarrarekin. Onena? Euskaraz estreinatuko dela!
Bukatzeko, analisiak alboratu ditugu azken saioan. Zergatik? Steam Next Fest ekimenaz gozatzeko aukera eduki dugulako. Beti bezala ehundaka demo bildu dituzte Valve-koek euren plataforman, bai garatzaile handienak, bai sortzaile txikienak.
Gure aldetik Jusant, Another Crab’s Treasure, Super Crazy Rhythm Castle, The Last Exterminator edo Holstin bezalako lan interesgarriak aukeratu ditugu saioan ezagutzera emateko!