Live

Peli Lekuona

«Berdin jarraituko dugu, ez dugu inoren hizkuntza eskubiderik urratzen»

UEMAko lehendakari Martin Aramendik tokiko erakundeetan euskararen normalkuntza arautzen duen dekretuaren aurkako EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena gogor kritikatu du. Ataungo alkate ere bada eta euskara lehenesten jarraituko dutela azaldu du, herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatuz.

Audio_placeholder

«Berdin jarraituko dugu, ez dugu inoren hizkuntza eskubiderik urratzen»

Loading player...
Martin Aramendi UEMAko lehendakari eta Ataungo alkatea.
Martin Aramendi UEMAko lehendakari eta Ataungo alkatea. (Jon URBE | FOKU)

EAEko Auzitegi Nagusiak aintzat hartu ditu VOX eta PP alderdiek tokiko erakundeetan euskararen normalkuntza arautzen duen dekretuari jarritako helegiteak. Erabakiak udal guztietarako eragina izan arren, eragina handiagoa da orain artean euskara hutsean jardun izan duten udaletxeetan.

UEMAren baitan biltzen diren herri askori eragingo dio ebazpenak. «Uztaileko ebazpenaren ondoren, ez da ezustekoa izan. Batez ere ikusita nor dagoen ekimen honen atzean eta nondik datozen erabakiak». Dekretuak hainbat urtean ongi funtzionatu duela azaldu du, «ez du herritarren artean inolako arazorik eragin».

Joan Mari Torrealdai zenak ‘Euskararen liburu beltza’ lanean jasota utzi zigun euskaldunok mendez mende zer eraso eta zigor jasan ditugun. Gerora, ‘Asedio al euskera’ atera zuen. «Azken hilabete eta asteetan bizi izaten ari garen guztia uste dut liburu horietako eranskinen batean jasotzeko modukoa dela», esan du Aramendik.

Bere ustez, euskaraz administrazioarekin harremana izateko eskubide osoa duela jakin behar du herritar orok. Administraziotik jasotzen duen informazio guztia euskaraz jasotzeko eskubidea du eta norbaitek euskaraz ulertzen ez badu, gaztelaniaz eskatzeko aukera ere badu.

«Telefonoa gaztelaniaz hartu behar dugu?»

UEMAko lehendakari izateaz gain, Ataungo alkate ere bada Aramendi. «Lau urteotan ez dira asko izan, baina batzuek eskatu dute idatziak gaztelaniaz jasotzea eta halaxe jasotzen dituzte. Hori ere egiten dugu. Orduan, ez dakit non dagoen arazoa».

Udalean euskara lehenesten jarraituko dutela azaldu du, inoren hizkuntza eskubiderik urratzen ez dela ziur baita.

Lakuako Gobernuak 30 egun ditu kasazio errekurtsoa aurkezteko. «Behin betiko erabakia bide beretik etortzen bada ikusiko dugu zer egin, baina guk printzipioz berdin jarraitzeko asmoa dugu, guztion hizkuntza eskubideak errespetatuz», adierazi du.

Euskaraz lan egiteaz gain, kontzientziazio lan bat ere egin da azken urteetan UEMAko herrietan, eta jende aunitzen ahotan dabil, adibidez, atzera bota duten dekretu horietako batek puntu batean dioena: telefonoan edo harreran lehen hitza euskaraz egitea Konstituzioaren kontrakoa da. «Orduan, zer egin behar dugu? Gaztelaniaz hartu behar dugu telefonoa, edo isilik gelditu behar dugu eta ikusi herritarrak zein hizkuntzatan egiten duen? Gauza zentzugabeak dira», kexatu da Aramendi.

Bere iritziz, «dekretu honek lehen gutxitua eta oso larri dagoen hizkuntza bati arnas pixka bat ematen dio erabilera %80tik gorakoa den herrietan euskaraz funtzionatzeko, euskara lehenesteko, lehen esan dugun baldintza horiekin guztiekin. Inork gaztelaniaz eskatzen badu informazioa, eman egiten zaio eta kito».

Orain, «Lakuak errekurtsoa jar dezala, eta gainerako alderdi eta eragileok, denok batera lan egin beharko dugu, elkarrekin eta norabide berean, ahalik eta talderik eta proiekturik sendoena izan, gehiago hartuko gaituztelako aintzat. Beti izango gara txikiak, hizkuntza gutxitua gara, ez gara inoiz izango ondoan ditugun bi hizkuntza hegemonikoen neurrikoak, ez dugu izan nahi gainera, baina utz diezagutela bizi izaten», egin du aldarri UEMAko lehendakariak.

Euskara lehenesteko aukera ematen duen dekretuak adostasun oso zabala zuen, eta adostasun sozial horri eutsi eta denok batera protesta egitera deitu du Martin Aramendik.

Jaurlaritza Logoa