Live

Peli Lekuona - NAIZ IRRATIA
Interview
Eva Ferreira
EHUko errektorea

«Gure unibertsitatearen emaitzak eta harremanak oso onak dira»

Euskal Herriko Unibertsitateak une ona bizi duela uste du Eva Ferreira errektoreak; nazioarteko proiekzioa ona dela dio eta ikerketa «bikaina». Ordezko irakasleen protesten aferari dagokionez, enplegu partzialak murriztea eta plaza huts gehiago sortzea dutela helburu adierazi du Barakaldokoak.

Audio_placeholder

«Gure unibertsitatearen emaitzak eta harremanak oso onak dira»

Loading player...
Eva Ferreira EHUko errektorea, GARA eta NAIZeko erredakzioan, Donostian.
Eva Ferreira EHUko errektorea, GARA eta NAIZeko erredakzioan, Donostian. (NAIZ)

Eva Ferreira EHUko errektoreak «argi eta garbi» defendatu du zuzentzen duen unibertsitatea, «ez bakarrik publikoa delako, oso ona delako baizik». «Harrotasunez diot emaitza eta harreman oso onak ditugula», adierazi dio NAIZ Irratiari elkarrizketan.

Ordezkapena egiten duten irakasleak, ordea, kexu dira lan baldintzez, kontratu partzialetan 800 euro inguruko soldata dutelako batik bat. Ekonomialari eta matematikari bizkaitarrak azaldu du Unibertsitate Lege berriaren aurretik ere bazirela kontratu partzialak, baina lege honekin ez dela posible ordezkapena egiteko kontratu osoa izatea.

Horri irtenbidea emateko, kontratu partzialak gutxitzen saiatzen ari dira, eta bete gabeko lanpostu gehiago sortzen. Osteguneko «Gobernu Kontseiluan 16 plaza berri onartu genituen. Bestalde, Jokin Bildarratz sailburuak luzamendu bat eskatu dio Ministerioari, egoera zuzentzeko. Unibertsitate gisa formalki ezin diogu lege bati zuzenketarik egin. Ministerioari eta Parlamentuari aurkeztu genion zuzenketa, baina ez zuten onartu, eta orain luzamendua oso lotuta dago zuzenketa horrekin».

Sindikatuek bilerak eskatu dituzte, ordainsarien dekretua moldatzeko ere bai. «Edonorekin eztabaidatzeko prest gaude», baieztatu du Barakaldokoak. «Arduradun politikoek dute dekretuak aldatzeko aukera. Guretzat garrantzitsuena gure irakasleen karrera hobetzea eta egonkortzea da. Horretarako postu huts gehiago sortzea da onena».

Shangai zerrenda

Shangai zerrendan hiru urtez jarraian munduko 400 unibertsitate onenen artean kokatu ostean, 400-500 onenen artean egotera pasatu da EHU. Eva Ferreirarentzat «oso posizio ona» da. «Kontuan hartu behar dugu lehiaketa bat dela eta toki hori mantentzea oso zaila dela; urtez urte unibertsitate gehiago daude. Beti esaten dut zenbaki batekin ez dugula gure unibertsitatea definitzen. Egia da posizio hau nazioarteko proiekzioa hobetzeko oso garrantzitsua dela, adibidez partzuergo bat egiteko, beste unibertsitateekin harremanak hobetzeko, atzerriko ikasleak guregana etortzeko. Gainera, gure ikerketa bikaina dela erakusten du».

2030erako Shangai zerrendan 300 hoberenen artean kokatzea dute helburu. Errektoreak beti esaten du unibertsitatea «gizarteak nahi duena izango dela». «Xede hori lortzeko gure unibertsitatea hobetu behar dugu, noski. Ikerketa gehiago bultzatu behar dugu, nazioartean erakargarri izatea ere bai. Posible da, badugu ahalmena».

Euskararen erabilera

Euskarak unibertsitatean duen erabileraz galdetuta, baikor mintzatu da ekonomialari eta matematikaria. «Graduekin eta ikasketa ofizialekin lotu ohi dugu euskara, eta bide onean goaz hor. Graduondokoetan, doktoretzetan eta campuseko bizitzan erabiltzea da orain erronka. Erabilera hori zabaltzea ekitaldi akademiko eta kulturaletan ere».

Medikuntzako fakultatean hezkuntza prozesu osoa euskaraz egitea aldarrikatu izan dute. «Medikuak falta direnez, plazak gehitu ditugu. Eskaintza ez da nahikoa batzuetan, klasea euskaraz emateko irakasleak falta dira, baina konpontzen ari gara. Adibidez, Galdakaon ia dena euskaraz eskaintzen dugu. Lan handia da, poliki-poliki egin beharrekoa, erabilera handitzeko eta klaseetan euskara maila hobetzeko, gizartean bezala».

Lan mundura sartzea

Unibertsitate pribatutik igarotzen denak gerora errazago al du lan munduan barneratzea? Sentipen hori nabaritzen dute EHUn?.

Ferreirak erabat gezurtatu du ideia hori. «Non daude datu horiek?», galdetu du, eta EHUren «emaitzak oso-oso onak» direla errepikatu du. «Gure datuak oso onak dira lana lortzeko, lan egokiak».

Euskampus Fundazioa

Duela hamabi bat urte sortu zen Euskampus Fundazioa. Hasieran Tecnaliarekin eta DIPCrekin. Gero Bordeleko Unibertsitatea gehitu zen. Ferreiraren arabera, «oso harreman ona» dute. Erakunde gehiagorekin ere badute erlazioa: zentro teknologiko bat, ikerketa zentro bat, enpresa batzuk, unibertsitateak... Sare interesgarria izaten ari da ikasleentzat hainbat tokitan ikertu eta lan egiteko.

«Bordeleko Unibertsitatearekin akordioak lortu ditugu laborategi mistoak egiteko. Arrakasta handia dute, badauzkagu sei-zazpi laborategi, eta harreman oso ona dute ikertzaile, ikasle eta irakasleek. Gizartea, unibertsitatea eta erakundeak lotzen ari gara horrela», kontatu du.

Ipar Euskal Herritik gero eta ikasle gehiago gerturatzen da EHUra. Duela urte batzuk arazoak zeuden, baina jada konpondu dituztela esan du errektoreak.

Aurrekontua

2023rako 494 milioi euroko aurrekontuak beste urteetakoa gainditu du, gertuen 2009. urteko zifra dago. Unibertsitate plan berria daukate. Hiru arlo nabarmendu ditu bertan Ferreirak: oinarrizko finantziazioa, azpiegiturak (hor sartzen da Medikuntza eta Erizaintzako eraikina) eta kontratu programak.

«Beti bezala, ikerketa, formazioa eta transferentzia hobetzea ditugu helburu. Bereziki etengabeko prestakuntza bultzatuko dugu, gazteen ikerketa eta emakumeen lidergoa ere bai, gizartearekiko harremana, dibulgazioa, gizartearen onura lortzeko. Garapen jasangarrirako helburuak daude erdigunean, dena erronka sozial horiekin lotua dago».

EHUk ateak itxi zituen oporretan energia aurrezteko. «Duela urte batzuetatik badaukagu Campus Planeta, energia kontsumoa gutxitzeko. Iaz eta aurten gure gelak eta eraikinak itxi ditugu oporretan, energia kontsumoa murrizteko, beti ikerketa mantenduz».

Entzute eta Erantzute Sarea

Pandemiak nerabeen osasun mentala kaltetu du. Urteak dira unibertsitateak arreta zerbitzua eskaintzen duela eta gero eta gehiago erabiltzen dute ikasleek, behar handiagoa dutelako.

«Zerbitzu horrez gain, beste proiektu polit bat sortu dugu, Entzute eta Erantzute Sarea. Ikasle, irakasle eta langileen artean sare bat sortzen ari gara gure komunitatea zaintzeko eta jendeak, oso modu informalean, laguntza lortzeko aukerak zein diren jakiteko. Oso ondo doa eta etorkizunari begira gure komunitatea hobeto lotzeko bidea izango da», adierazi du Eva Ferreirak.

Jaurlaritza Logoa