Live

NAIZ irratia
Interview
Eider Mendoza
Gipuzkoako ahaldun nagusia

«Konfiantza osoa dut Jose Ignazio Asensiorengan»

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak Jose Ignazio Asensio Gipuzkoako Hondakinen arduradun nagusiaren jarduna babestu du, Donostiako epaitegi batek haren aurkako prozedura zabaldu ostean. Erraustegiaren onurak azpimarratu eta GuraSOSek 40 epaiketa baino gehiago galdu dituela ekarri du gogora.

Audio_placeholder

«Konfiantza osoa dut Jose Ignazio Asensiorengan»

Loading player...
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, NAIZ irratian.
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, NAIZ irratian. (NAIZ)

NAIZ Irratiko mikrofonoetan Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak nabarmendu du oraindik jakinarazpen judizialik ez dutela jaso eta, beraz, zaila dela aferaren jarraipena egitea. Hala ere, zehazki zertan datzan jakin gabe, Asensio diputatuarengan «konfiantza osoa» duela adierazi du, bere lana babestearekin batera. GuraSOSek 40 salaketa baino gehiago jarri eta epaitegietan galdu egin duela gaineratu du. Gogor egin du gainera ahaldun nagusiak plataformaren aurka. Bere ustez, «kezkagarria» da «talde batek faltsuki kezkak sortzea eta osasuna bezalako gai garrantzitsu bat erabiltzea erakunde baten kontra egiteko».

Zubietako erraustegiaz duten informazioa «gardena» dela azaldu du eta isuriren bat izan denean zigorrak egon direla azaldu du. Erraustegiaren onurak azpimarratu ditu. Hala nola, egungo CO2aren isurien kopurua edota birziklatze tasa.

Fiskalitate eredua ezbaian

Nafarroak aurrez egin moduan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Ogasunek aberastasun handien zerga indarrean jartzeko arauaren proposamena egin dute. Egun indarrean dagoen ogasun zergarekin bateratzea konplexua izango dela diote ahots askok eta aukera bat ondare zerga hori birmoldatzea izan liteke.

Mendozak azaldu du ez zegoela berme juridiko nahikorik horretarako, aberastasun handien zerga espainiar Auzitegi Konstituzionalean baitago une honetan, errekurtsoak aztertzeko zain. «Gure ondasun zerga zuzenean Espainiako hori aplikatzeko aldatzeak segurtasun falta ikaragarria ekartzen zuenez, baztertu egin genuen». Bi urterako eta Madril eta Andaluziako egoerei erreparatuz sortutako zerga dela gaineratu du.

Sortutako ika-miken aurrean, Mendozak azpimarratu du honez gero Gipuzkoan indarrean dagoen ondare zerga «justuagoa eta progresiboagoa dela». Eta Espainiakoa aplikatuz gero, bilketa erdira baino txikiagoa izango litzatekeela.

Arrisku eta aukera berriak fiskalitatean

Madrilen arau berriaren alde bozkatu eta EAEn kontrako jarrera azaldu duten alderdien jarrera kritikatu du ahaldun nagusiak, baina, hala ere, adostasunetara iristeko borondatea erakutsi du. Desarmonizazio fiskalerako arriskua ere mahaigaineratu da kritiken artean, herrialde bakoitzak afera honen gainean onartu dezakeenaren baitan. Mendozak alderdi guztien ardura dela azpimarratu du eta elkarrizketa aldarrikatu.

Ahaldun nagusiak dio zerga sistemaren bitartez Gipuzkoak dituen erronkei akonpainamendua egin nahi dietela: «Jarduera ekonomikoari, ikerkuntzari, erronka demografikoari, etxebizitzari…». Ondare zergak bilketaren %1a suposatzen duela gogoratu du eta beraz, fokua beste eremu batzuetan jartzearen beharra adierazi du. Izan ere, egungo zerga sistemak «ondo funtzionatu duela» defendatu du eta orain, «ongizate sistema eusten eta jarduera ekonomikoa hazten lagunduko duena» behar dela.

Sozietate zerga izan liteke horretarako tresna bat, baina %7ko jaitsiera izango du honek eta 25 milioi euro gutxiago bilduko da. Zerga horren inguruan galdetuta, «hazkuntza» kasu guztietan helburu dela azaldu arren, «oreka» bilatzearen beharraz mintzatu da ahaldun nagusia. EAEko sozietate zergaren ekarpen kopurua «Europako herrialde aurreratuenen parekoa» dela nabarmendu du.

Palestinako egoera

Begi guztiak Gazara begira daude. Gipuzkoako ahaldun nagusiak «Israelek jasandako sarraskia Hamasen aldetik ikaragarria» izan dela salatu du eta «elkartasuna adierazi nahi» izan du. Aldi berean, bere burua defendatzeko eskubidea duela atortuta ere, «beti eta kasu guztietan zibilak errespetatu» behar direla gehitu du. Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzak bere egin ditu eta «Palestinari dagokionez, pasabideak irekitzea eta zibilak errespetatzea» eskatu du.

Eusko Jaurlaritzak Gazara 500.000 euro bidaltzea aurreikusi du. Mahai bat osatu du horretarako, gainerako erakundeekin. Bertan parte hartzen ari da Gipuzkoako Aldundia eta eginkizun horri eutsi diotela azaldu du Mendozak.

Jaurlaritza Logoa