Live
Duela bederatzi urte sarera igotako bideo batean, Summer sun kantatuz ikusi genun, beraz, abestia ez da berria, baina badu berritasunik. Ze eguraldi egin ote du Iñigorengan azken urteotan? Horixe galdetu diogu. «Aurten, esperientzia batzuk eta gero, Kanarietara joatea erabaki nuen, reseteo bat egitea, eta udako eguzkia bizi izan nuen neguan, nirekin ekarri nuen eta esan nuen, zergatik ez kantak hartu, batzuk zaharrak besteak berriak eta kaleratzeko beldurrik ez izan?».
Musikaren alorrean itzalean lantzen ibili ote den galdetu diogu, urte asko igaro baitira…. «Arnasa hartzeko beharra nuen eta erabat egin nion uko gitarrari bere garaian, erlazio txarra izan genuen momentu batez eta distantzia hartu nion, baina adiskidetu gara berriz».
Gitarra lagun, ahotsa da Indigo proiektuan Iñigok duen bereizgarrietako bat eta kantatzeko modu honi nola heldu dion azaldu digu. «Norbera, urteen poderioz, bere ahotsa deskubritzen joan ohi da, ni denborarekin saiatu naiz nire egira gehiago hurbiltzen, nahi nuen esfortzu hori egin nire ahotsera gehiago hurbiltzeko eta prozesu bat izan da».
Abesti batzuk urte asko dituztela aipatu digu, bazutela forma bat, baina Mon Dvy produktorea lagun, irekiera bat eman nahi ziela. «Beste batzuekin sortzen den lengoaia horrek nora eramaten zaituen deskubritu nahi nuen eta Mon Dvy-k nire musikarekiko izan duen jarrera eta nik nire burua aske utzi izanak harrotasun handia sorrarazi dit».
Eta datozen hilabeteetan zer? Ez dizkigu xehetasun guztiak eman, misterioa ere gorde behar delako baina…«Kanta batzuk prozesuan daude, oraingoz lau kanta ditugu grabatuta eta itxura ematen ari gara kaleratzea nola egin zehazteko».
Aktore, musikari…non dago erosoen Iñigo? «Ezberdintasun handiena, une honetan, da antzerkian edo beste lanetan norbaiten obra bati jartzen diodala niretik, eta Indigo nire proiektu pertsonala da, hasi besterik ez gara egin, baina proiektu honekin inoiz baino biluziago sentizten naiz».