Live
Haurdunaldien edertasunaz hitz egitea helburu duten sare sozialetako kontu asko zabaldu izan dira azken urteetan. Lantzen dutena alaitasunetik egin ohi dute, alde ederra erakutsiz eta gauza batzuk ezkutuan utziz. Haurdunaldien inguruan, gizartean badira hainbat gai lantzen ez direnak, gehiengoan beldurragatik eta sareetan interesa ez dagoela uste delako. Horiek izan daitezke biolentzia obstetrikoa, haurraren heriotza edota amarena.
Gai zailak dira lantzeko, zailak familiarentzat, medikuentzat eta baita gizartearentzat orokorrean ere. Eider Otxoa doluan aditua den terapeutak azaldu du isildutako gaia dela gizartean eta bizipena gertu dutenek gutxitan jakiten dutela nora jo. «Ama bat hiltzen denean familia egitura bat hausten da, eta espero baino jende gehiagok igaro behar dute dolu hori», kontatu du Otxoak.
Azaldu du kasu horietan garrantzitsua dela alargun gelditu den bikotea sustengatzea, eta horretarako ingurukoen laguntza beharrezkoa denez, terapietan ere lantzen dutela hori. «Ingurukoa izanez gero, behar duenean laguntzeko prest agertzea, edota terapian landutakoa berekin partekatu nahiko zenukeela adieraztea garrantzitsua da». Erditzerakoan edo erditu ostean amaren heriotzak dakarrena honen inguruan landu beharrekoak ekarri dizkigu Eider Otxoak Bigarren Kafera.