Live
«Lore bat eta ez duk kulparik» dio Maite Larbururen kantuak, edo «Insomnioa amaitu eskean dut azala» abesten du Olatz Salvadorrek. Asier Serranoren olerkiko protagonistek gauero irrati nobela bera aditzen dute insomnioari aurre egiteko, eta igande honetatik aurrera Egoitz Albeniz eta Oihana Aranarentzat lo egin ezina inspirazio iturri izanen da irratsaio bat egiteko: 'Gure Insomnioa'. (Hilabeteko hirugarren igandean, 21:00).
«Ezagutzen gaituenak badaki gutaz asko hitz egiten dugula: gure bizipenak, gatazkak, kezkak konpartitzen ditugu, eta hortik hainbat ari mutur ateratzen ditugu» azaldu du Albenizek Bigarren Kafea saioan. Sarean dago 'Gure Insomnioaren' lehen denboraldia, Zebrabidea saioko kolaborazio bezala sortu baitzen podcasta iaz, eta bigarren denboraldia formatu aldaketarekin abiatuko dute.
Hilabetean behin izango da saioa, eta ordu bete iraungo du. Bi zati izango ditu saioak. «Formatu berriari bueltan ematen hasi eta pena ematen zigun gure arteko elkarrizketa galtzea, horregatik saioak bi zati izango ditu. Lehen zatia gure arteko solasaldia izango da eta bigarren zatira gonbidatu bat gehitu da» azaldu du Oihana Aranak.«Baina ez dugu gonbidatua elkarrizketatuko, ez gara bere obraz arituko, baizik eta elkarrizketatua gure insomniora gonbidatuko dugu», Albenizek.
Intentsitateaz, Ines Osinagarekin
Denboraldi berria Ines Osinaga arrasatearrarekin abiatuko dute eta ‘Intentsitatea’ da aukeratutako gaia. «Intentsitatea hitz egiteko nahiko garbi genuen Ines Osinaga gonbidatzea» esan du Aranak. ‘Gure Insomnioa camping edition’ bezala definitu dute denboraldi berria Aranak eta Albenizek, izan ere, gonbidatuaren herrira hurbilduko dira eta podcasta kalean grabatuko dute. Hilabeteko hirugarren igandean zabalduko da saioa FMbidez eta podcast plataformetan, eta aste bat beranduago ikusi ahal izango da bideoa NAIZeko youtube kanalean. Instagramen ere badute kontua.