Live

Interview
Gorka Aranberri
Urdaibaiko patroia

«Atzokoa denboraldiko estropada onena ez bazen, onenetakoa izan zen; borobila atera zen»

Urdaibaik bigarren urtez jarraian astindu du Kontxako Bandera eta Gorka Aranberrik (Zarautz, 1987) zortzigarren aldiz irabazi zuen. Garaipenaren biharamunean, NAIZ Irratian solastu da zarauztarra, estropadaren balorazioa egin eta Eusko Label ligako azken txanpari buruz hitz egiteko.

Audio_placeholder

Gorka Aranberri: «Atzokoa denboraldiko estropada onena ez bazen, onenetakoa egin genuen eta borobila atera zen»

Loading player...
Gorka Aranberri, argazkiaren eskuinaldean, Kontxako Bandera irabazi berritan, pozik.
Gorka Aranberri, argazkiaren eskuinaldean, Kontxako Bandera irabazi berritan, pozik. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Kontxako Bandera irabazteko plana pentsatu legez atera izanarekin pozik dago Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia. Lehen asteburuan garaipena eskuratu bazuten ere, abantaila oso txikia atera zuten eta beraz, bigarren igandean, Zierbenari adi aritu ziren. ‘Galipoek’, lehendabiziko txandatik, sekulako estropada egin zuten eta zazpi segundoko aldea hausteko merituak egin zituzten. ‘Bou Bizkaia’, baina, urduri jartzetik urrun aritu zen, Aranberrik NAIZ Irratian ziurtatu legez.

Beraien planean zentratu ziren, Zierbenaren erreferentziei begi batekin begiratuta eta ohorezko txandako gainontzeko arerioak ohartu orduko atzean utzita: «Gure planean sartzen zen Zierbenak ondo egingo zuela eta haizeak gora egiten bazuen, hala egin zuela, gainera, Zierbenak bost-sei-zazpi segundoko abantaila ateratzea izango zuela kanpora. Azkenean 5 segundo izan ziren, zazpira geneukan, gure planean denbora horiek maneiatzen genituen eta lasai ginen. Gure plana zen 12. minutura arte dena emanda joatea eta 12. minutuan hasiko ginen Zierbenak egindako denborari begira, kezkatzekoa baldin bazen gehiago estutu edo ahal zena egiteko».

Azkenean, bikain atera zitzaien plana eta beraz, zarauztarraren ustez «enboraldiko estropada onenetakoa ez bazan, onenetakoa egin genuen eta borobila atera zen».

Bere zortzigarren Kontxako bandera astindu zuen Aranberrik. Arrillaga da Donostiako trapu preziatu gehien irabazi duen patroia (9) baina Aranberrik ez dauka erronka moduan, «urtetik urtera disfrutatzen» saiatzea baita bere lema, irabazi ala ez. Azken urteetan «irabaztea egokitzen» ari zaiola-eta, «erraza da disfrutatzen dela esatea, baina entrenatzen eta egunerokotasunean inoiz baino gehiago ari naiz disfrutatzen eta horrek betetzen nau».

Eusko Label liga ere bideratuta dauka Bermeoko ontziak. Bi estropaden faltan, bederatzi puntuko abantaila dauka Hondarribiarekiko eta beraz, kalapita gertatu ezean, Urdaibairentzat izango da ligako trofeoa. Dena dela, Aranberrik erronka moduan bai jarri du etxeko estropada irabaztea, larunbat honetan, Bermeon. 2016tik ez duela ‘Bou Bizkaiak’ etxean irabazten eta «ederra litzateke Kontxa irabazi ostean, herrira joan eta zaleei beraien aurrean eskaintzea garaipena».

Behin denboraldia bukatuta eta «ideiak freskatzean» hartuko du Aranberriko hurrengo denboraldian egingo duenaren erabakia, ate guztiak irekita utzi ditu, «familia ere handitu egin» dela-eta, «gauzak ondo doazenean uzteko garairik onena dela» iritzita.

Jaurlaritza Logoa