Live

NAIZ irratia

«Emakumeen eskubideak festa bizitzeko irudikapenekin parekatzea akats politiko handia da»

Egun handia du gaur Hondarribiak. Goizean goizetik txilitbito eta danbor hotsek hartu dituzte herriko kaleak. Jaizkibel konpainiak 8tan ekin dio desfileari, berritasun eta polemika ugari bildu dituen urte batean. Oihana Etxebarrieta kapitain ohiarekin hitz egin ahal izan du bezperan NAIZ irratiak.

Audio_placeholder

«Emakumeen eskubideak festa bizitzeko irudikapenekin parekatzea akats politiko handia da»

Loading player...
Oihana Etxebarrieta Jaizkibel konpainiako kapitain ohia, Hondarribiko kale nagusian desfilatzen aurreko edizio batean.
Oihana Etxebarrieta Jaizkibel konpainiako kapitain ohia, Hondarribiko kale nagusian desfilatzen aurreko edizio batean. (Juan Carlos Ruiz | FOKU)

Urtetan Jaizkibel konpainia parekideko kapitaina izan ostean, aurten Nora Ferreirak hartu du Oihana Etxebarrietaren (Hondarribia, 1987) tokia. «Erreleboak ondo egin» behar direla uste du eta, hori dela-eta, alboan izango du kapitain berriak Etxebarrieta gaurko egunean.

Geroz eta txapel gorri gehiago ikusten dira Jaizkibel konpainiarekin desfilatzen, baina baita txalotzen dutenak ere. «Horrek erakusten du ez dela soilik konpainiako kide izan nahi duen jendea handitzen doala, baizik eta ideia bera, emakumeek festaz goza dezaketenaren ideia, ere bai zabaltzen eta normalizatzen ari dela gure herrian».

Emakumearen parte hartzearen aldekotasun geroz eta handiagoaren isla, Etxebarrietaren ustetan, badira baita ere bestelako eragile eta sektoreetatik sortu diren proposamenak. Jaizkibelek horiek osotasunean ez partekatu arren, Etxebarrietaren aburuz, bada adostasun elementurik: «badela garaia emakumeek alardean parte hartzeko edo konpainia berezitu batean parte hartzeko». Proposamen horietan elkarrizketarako eta entendimendurako puntuak mahaigaineratzen direla eta oinarrian soluzio bat bilatu nahia dutela azaldu du. «Festa normalizatu nahi dugunaren ideian, emakumeek parte hartu behar dutenaren ideian eta behingoz Hondarribiko herrian, bere aniztasunean, elkarrizketa abiatzeko bidea ezarri behar duenaren ideian » bat egiten dute Jaizkibelekoek, desadostasunak-desadostasun.

Berritasun urtea

Aurten Jaizkibelen desfileak abiapuntu berria izan du.  Gernikako Arbola ondoko kaletik jarri dira martxan, alarde baztertzailearen hasiera puntua den belardiaren ondotik. Udal berriarekin izandako elkarrizketetan mahia gainean jarritako proposamenetako bat izan da honakoa, eta udalak begi onez ikusi eta, beraz, onartutakoa. «Keinu sinbolikoa da. Espazio baten bereganatzea ere bada», nahiz eta zehaztu duen ez dela zehazki alarde baztertzailearen kokaleku beretik egin. Udal-aginte aldaketak ekarri du baita ere elizako eskaileretan harrera ofiziala izatea lehengoz Jaizkibelek. «Lehen aldiz gure herriaren instituzio nagusia den udalaren aitortza dugu, orain arte izan ez duguna».

Herriko alkate berri Igor Enparanez gain, EAJ ez beste udal-taldeak izan dira bertan. Emakunde eta Ararteko ordezkariak ere bai. Eta aurten, lehen aldiz, EAJko ahaldun nagusi batek egin dio agurra Jaizkibeli; Eider Mendozak ere bat egin baitu ekitaldian.

Asteartean iragarri zuen Mendozak harreran parte hartuko zuela, «elkarrizketaren aldeko mugimendu» gisa definituz. Atzera-pausoa dela deritzo Jaizkibel konpainiak, ez baita lehen aldia ahaldun nagusi batek Jaizkibeli harrera egiten dionik. EH Bilduko Martin Garitanok hala egin zuen 2011 eta 2015 urteen artean, baina inoiz ez alarde baztertzaileari.  «Kasu honetan larria dena da bi aukera pareko bezala irudikatzea. (...) Emakumeen eta berdintasunaren aldeko eskubideak festa  bizitzeko egon daitezkeen irudikapen ezberdinekin parekatzea akats politiko larria dela iruditzen zaigu».

Elkarrizketarako ordua

Etxebarrietaren ustetan, Udalaren harrera aurrera urrats garrantzitsua da, «immobilismoan baino, jarrera baztertzaileak babesten zituen udalak izan genituelako orain arte». Irtenbidea erdiesteko, ordea, Jaizkibeleko kideak beharrezkoa ikusten du instituzioez gain, eragileak mahai baten bueltan jartzea, «betorik gabe». Eta zehaztu du «badela garaia norbaitek eseri nahi ez badu, eseri nahi duten horiekin guztiekin prozesu bat hasteko».

Herritarrak partaide izango diren prozesua izan beharko lukeela uste du Etxebarrietak: «hau herri osaren ondarea da. (...) Hori da behar duguna, herritarron ahotsa entzunarazi behar da eta ez gutxi batzuk guztiengatik hitz egitea».

Jaurlaritza Logoa