Live

NAIZ irratia

«Gure egotea eta lekua adostasunaren kulturan dago»

Gure Eskuk eta Nafarroa Berriz Altxak asteburu honetan Espainiako Vuelta Euskal Herritik igaroko dela baliatuta errepideak euskal ikurrez betetzeko dei egin dute. Josu Etxaburu Gure Eskuko eleduna gonbidatu dugu datozen egunetako hitzorduei buruz, baita egungo testuinguru politikoaz jarduteko ere.

Audio_placeholder

«Gure egotea eta lekua adostasunaren kulturan dago»

Loading player...
Josu Etxaburu Gure Eskuko eleduna Tourrareko dinamikaren aurkezpenean
Josu Etxaburu Gure Eskuko eleduna Tourrareko dinamikaren aurkezpenean (Oskar Matxin | FOKU)

Frantziako Tourrarekin egin moduan, datorren irailaren 9 eta 10ean Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa dinamikek Espainiako La Vuelta txirrindularitza lehiaketa baliatuko dute Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen aldeko aldarria egiteko. Horretarako, ikurrina eta nafar ikurrez errepideak betetzera animatu nahi dituzte herritarrak, ‘Euskal Herriak erabaki’ lelopean.

Zabaldu nahi dituzten aldarrikapenen artean daude Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea «bi estatuekiko baita gure arteko harremanei ere» dagokionez, Euskal Herrian libreki mugitzeko eskubidea eta muga behar eza.

Zentzu horretan, irailaren 9an Larrainen egin dute deia, itxita dagoen muga-pasabidea La Vuelta igaro dadin irekiko baitute. Tourrean Bidasoako Santiago Zubian egin moduan, barne-mugen deuseztatzea aldarrikatuko dute: «Euskal Herria zazpi lurraldez osatua dago, gure artean ez dugu mugarik ikusten eta gure nahia eta ahalegin guztia hori gauzatzean datza». Irailaren 10ean Lekunberrin egin dute deialdia, eguerditatik aurrera.

Lurraldetasuna, eztabaidaren erdigunean

Erabakitze eskubideak eta autodeterminazio eskubideak Espainiar Estatuko panorama eta eztabaida politikoaren erdigunea hartu dute.

Gure Eskurentzako pozgarria da lurraldetasunaren afera mahaigaineratu izana, eta «proposamenak proposamen eta iritziak iritzi», positibotzat jo du Etxaburuk lurraldetasuna auzi nagusi bilakatu izana: «Gure egotea eta gure lekua adostasunaren kulturan egotea da, beraz erabakitzeko bidea elkarrekin jorratu beharra» dagoela uste du eledunak herritar, eragile eta erakundeen artean.

Iñigo Urkullu lehendakariaren Euskal Herria, Katalunia eta Galiziaren etorkizunaz eztabaidatzeko Konstituzio Konbentziorako proposamena adi jarraitzen ari dira: «Lurraldetasunaren gaia nabarmena da oraindik egiteke dagoen eztabaida sakon eta demokratiko bat da. Egin beharreko kontua da, nazio izaera plurinazional horri hurrengo urratsean zer nolako gauzatzea eskaintzen zaion» ebaztea, alegia.

Proposamen bat edo beste, ezinbestekotzat jo dute eztabaidaren abiapuntua euskal herritarren artean gauzatzea eta adostea: «Herri erronka bat bada, herritarron babesa eta hauspoa behar-beharrezkoak ditu».

 

 

Jaurlaritza Logoa