Live

NAIZ Irratia

EZTENA, lehengo eta oraingo hitz debekatuak

NAIZ Irratiak 'EZTENA' podcasta estreinatuko du heldu den irailaren 12an. Azken mende erdian Euskal Herrian izandako zentsura eta debekuen sei kasu paradigmatiko dakartza. Ikastolen sorreratik XXI. mendeko zentsura kasuetara.

Kontxita Beitia lehen ikastolen sustatzaileetakoa, Joxe Mari Iriondo kazetaria, Anje Duhalde musikaria, Teresa Toda 'Egin' egunkariko langile ohia, Iñaki Uria 'Euskaldunon Egunkaria'-ren sortzaileetako bat eta Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx' dira 'EZTENA' podcasteko sei gonbidatuak. Bakoitzak, bere garaian bizitako debeku eta zentsura kasuak ekarri ditu gogora solasaldi lasaiaren formatuan. Irailaren 12an estreinatuko du podcasta NAIZ Irratiak.

EZTENA podcasteko elkarrizketatuak
EZTENA podcasteko elkarrizketatuak

Zentsurak eta jazarpenak euskal kulturaren eta izatearen garapenean izan duten eraginari erreparatu asmo dio lanak, sei bizipen adierazgarri hauetatik abiatuz argazki orokorrago baten isla izan nahian. Ikastolen sorrera garaiko giroa, oztopoak eta hauei iskin egiteko bideak ditu hizpide Kontxita Beitiak. Frankismo garaiko zentsuraren ibilmoldea Joxe Mari Iriondo kazetariak, baita honen beldurrez norberak bere buruari ezarritakoak ere; 'Ez dok amairu'-ren sorrera eta Herri irratiaren hastapenak, besteak beste.

Zentsurari iskin eginez hasi zituen Anje Duhaldek ere lehen plazak eta 90eko hamarkada abian zela oraindik ez zuen atzean utzi. Hamarkada horren amaierakoa da 'Egin'-en itxiera eta hurrengoaren hastapenekoa 'Euskaldunon Egunkaria'-rena. Zentsura edo boikota, Pirritx eta Porrotx pailazoek ere bizi izan dute asko ez dela.

Gradu Bukaerako Lana abiapuntu

Transmisio falta bati erantzun asmo dion lana da. Sara Iriarte, Garaia Pagola eta Danel Teranen Gradu Bukaerako Lanetik (GBL) eratorritakoa da podcasta. 'Euskal kulturak 1998tik 2023ra izandako isilpeko zapalkuntzaren transmisioaren etenaren isla gazteengan' izenburuarekin osatu dute hiruek GBLa (Ikus-entzunezko Komunikazio Gradua, Mondragon Unibertsitatea. 2022-2023).

Lan honetan azken hamarkadetan euskal kulturak jasandako oztopoen argazki sakona egin dute hiru graduatuberriek eta ikerketa-galderak gazteengan izan den, edo ez den, transmisioan ardaztu dituzte.

Asteartetan 19.00tan eta sarean

Podcasta irailaren 12an estreinatuko du NAIZ Irratiak (19.00) eta asteartero eskainiko du atal berri bat. Irratian ez ezik podcast plataformetan ere entzun ahalko dira eta elkarrizketen bideoak irratia.naiz.eus webgunean ikusi ahalko dira.

Jaurlaritza Logoa