Live

Naiz irratia.

AEK-k 2023-2024ko ikasturterako matrikulazio kanpaina abiatu du

AEK-k martxan jarri du 2023-2024ko ikasturterako matrikulazio kanpaina.
Euskara hurbil, zu urrun heltzeko leloa du eta herritarrak euskara ikasi, maila hobetu eta erabiltzen jarraitzera egin dute deia. AEK-ko koordinatzaile nagusi Alizia Iribarrekin mintzatu gara kanpainaren inguruan.

Audio_placeholder

AEK-k 2023-2024ko ikasturterako matrikulazio kanpaina abiatu du

Loading player...
Comparecencia de AEK en Bilbo para anunciar el inicio de su campaña de matriculación.
Comparecencia de AEK en Bilbo para anunciar el inicio de su campaña de matriculación. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Leloari helduta, euskara hurbil edo gertu izanik, urrunago iristeko aukera ematen al dio herritarrari?

Bai, guk hala pentsatzen dugu hainbat arrazoiengatik. Euskarara hurbilduz beste komunitate batean sartzeko aukera eskaintzen dizu, beste mundu bat ezagutuz. Izan ere, euskarak barnebiltzen duen errealitatea urrun heltzen da.

Kanpaina honetan nor erakarri nahi duzue?

Euskal herritar oro. Bai, hutsetik hasi nahi duena, baita euskara hobetu edo hizkuntza gehiago erabili nahi duen oro ongi etorria izango da.

AEK-k, ehun herritan baino gehiago ditu euskaltegiak, baina euskaltegietatik haratago beste leku batzuetara iristen zarete ?

Bai. Euskaltegietan eskaintzen ditugun eskola presentzialez gain, herri, enpresa eta elkarte ezberdinetara hurbiltzen gara euskara ikasteko ikastaro bereziak eskaintzera. Horretaz, gain, online ikastaroak ere eskaintzen ditugu.

Euskal Herria, administratiboki zatitua dagoen heinean, ekonomia arloan, diru laguntzei dagokionez, errealitateak desberdinak dira ?

Halaxe da. Hiru administrazio nagusietan banatua dago Euskal Herria eta tokian toki diru laguntza jakin batzuk eskaintzen dira euskara ikasteko. Gainera, administrazio nagusiez gain, udalek, aldundiak eta mankomunitateek ere diru laguntzak eskaintzen dituzte. Nolanahi ere, argi dago leku batetik bestera alde handia dagoela. Hain zuzen ere,  EAEn B2-rako prozesua doakoa da. Halaber, iaztik aurrera C1 mailara arteko doakotasunerako aukera zabaldu zuten hogeita hamar urtetik beherakoentzat. Bestalde, Nafarroako Gobernuak “Euskarabidea”-ren bitartez ematen ditu diru laguntzak euskara ikasteagatik. Aurten, partida zertxobait igo da eta mankomunitate eta udal batzuetan diru laguntza gehigarriak ematen dituzte. Iparraldeko herritarren kasuan, euskara ikasi nahi dutenek,  diru laguntza eskatzeko aukera dute baino oso urriak dira.

Korrikaren azken edizioan bidean geldialdia egin zenuten beste euskalgintzako eragileekin batera. Tartean, Euskal Herriko erakundeei euskara ikasteko bidea doakoa izatea eskatu zenuten. Oraindik ere bide asko dago egiteko?

Tokian toki errealitatea oso desberdina da. Batzuetan bide luzeagoa geratzen da, besteetan baino. Gure ustez, ikasleek euskara ikastea edozein tokitan bizita ere doakoa behar luke izan. Azken finean, Euskal herritarra edozein tokitan bizita ere Euskal herritarra da eta hortaz eskubide berberak izan beharko lituzke. Zentzu horretan bide luzea dugu egiteko.
 
Aldarri ezberdinak nahastuko dira ziur ikasturte honetan eta Korrikak ere nolabait poztasun hori eta aldeko olatu hori islatzeko balio izango du. Aurretik, azaroan euskalgintzak deitutako manifestazioa egingo da. Izan ere, euskal eragileek kezka adierazi dute hizkuntzaren biziberritze prozesua galgatzen duten hainbat epai izan direlako. Badirudi, beste zenbait lekutatik aurkako olatua datorrela?

Bai hala da. Korrikan eta beste ekimenetan ikusi dugun moduan herritarren aldetik euskarak aldeko olatua du. Aitzitik, azken aldian ikusten ari gara  euskararen aurkako oldarraldi bat dagoela, sistematizatzen ari dena. Urteak daramatzagu horrelako epaiak pairatzen baina oraingoan badirudi sistematizatzen ari direla eta hau nahiko kezkagarria da guretzat. Izan ere, epai hauek, euskararen alde emandako pausoak eraisten dituzte eta denok dakigu aldeko pausoak ematea asko kostatzen dela. Horregatik, azaroaren 4an manifestazio bat antolatu dugu euskalgintzan eta bertan hizkuntza politika ausartak egin behar direla aldarrikatuko dugu eta jauzi bat emateko garaia dela.

Kanpaina betean murgildurik zaudetelarik, zer aukera daude izena emateko?

AEK-ren kanpaina hilabete osoan zehar egongo da irekia eta herritarra edozein euskaltegira hurbildu daiteke informazio eske. Halaber, telefono bidez ere eskura daiteke informazioa eta web orrian  dena jasoa dago. Hortik aurrera, pausoa ematea besterik ez dago. Euskara ikasteko aukera asko eskaintzen ditugu, hau da, modalitate asko daude eta egokiena aukeratu eta bide horretan jartzea da. Batik bat, gogoa eta nahia dira izena ematerako orduan behar beharrezkoena.

Jaurlaritza Logoa