Live

Egoera gero eta okerragoa da Kara Tepeko errefuxiatuen kanpalekuan

Helena Ruiz de Azua Zaporeak-eko kidearekin izan da Hegoi Belategi lankidea, kanpalekua, errefuxiatuen egoera eta GKE honen lana bertatik bertara ezagutuz.

Audio_placeholder

Egoera gero eta okerragoa da Kara Tepeko errefuxiatuen kanpalekuan

Loading player...
Helena Ruiz de Azua, Zaporeak-eko kidea
Helena Ruiz de Azua, Zaporeak-eko kidea (NAIZ Irratia)

Zaporeak-ek Lesbosen egiten duen lana ezagutu dugu bertatik bertara. NAIZ Irratiko Hegoi Belategi han izan da, Helena Ruiz de Azua GKE honetako langilea lagun hartuta. Donostiako Intxaurrondo auzoko elkarte gastronomiko baten inguruan sortutako elkartea da Zaporeak. Etiopian izandako esperientziaren ondoren, Quiosen lanean hasi ziren, Grezian, eta 2019tik Lesbosen ere badihardute.

Zailtasun ekonomikoak eta politikoak beti mahai gainean izan dituzten arren, Zaporeak-eko boluntarioek prestatutako otorduek 2.000 lagunetik goraren elikadura betebeharrak asetzen dituzte, eta gaur egun arte 500.000 otordu baino gehiago prestatu dituzte.

Azken hilabeteetan beharrak handitu zaizkie. Gaur egun Kara Tepen eta, oro har, Lesbosen dauden errefuxiatuen egoeraz galdetuta, txarra dela nabarmendu du Ruiz de Azuak.

Azkenaldian txalupa asko iritsi dira, eta dagoeneko 3.000 lagun baino gehiago bizi dira bertan. Gehiegi dira, azaldu duenez, gehienez ere 2.000 pertsonarentzat pentsatutako kanpalekua delako.

Egoera txarrean bizi direla azaldu du Ruiz de Azuak. Plastikozko karpak eta kontainerrak dauzkate aterpe, eta, tenperatura altuekin, jasanezina da beroa. Horrez gain, umeek ez daukate eskolara joateko aukerarik eta kanpalekuko bizilagunek ez daukate askatasunez mugitzeko eskubiderik.

Hori gutxi ez eta, elikaduraren kontua dago: «Gu egongo ez bagina, ez lukete behar bezalako elikadura izango». Kanpalekuko arduradunek banatzen dutenaz gain, errefuxiatu gehienentzat Zaporeak-ena da jasotzen duten janari bakarra. GKEak banatzen dituen otorduak «osagarria» direla azaldu du, kanpalekuko arduradunek egunero menuak banatzen dituzten arren, askotan gertatzen delako ez banatzea edo, bestela, iraungita edo egoera txarrean egotea, «xixareekin».

Ruiz de Azuak salatu du errefuxiatuek diskriminazioa eta arrazakeria pairatzen dituztela: «Gu furgonetan sartzen gara kanpalekura, baina gurekin datozen errefuxiatu boluntarioek oinez igaro behar dute kontrola».

Egunean 2.200 otordu ematen dituzte. «Muga 2.000 otordutan jarrita geneukan, baina igo behar izan dugu». Hala ere, ez dira iristen kanpalekuan dauden pertsona guztiengana. Ruiz de Azuarentzat oso hunkigarria da horrenbeste jende ilaran ikustea, eta «oso-oso gogorra» mila pertsona banaketatik kanpo uztea.

Lan taldeari dagokionez, badira boluntarioak eta badira kontratatutako langileak ere, tartean, asilo eskaera egin duten eta kanpalekuan bizi diren sei pertsona: «Guretzat oso garrantzitsua zen haiek ere proiektuaren parte izatea, bestela ez daukalako zentzurik».

Utzikeria

Greziako agintarien utzikeria ere salatu du: «Ez dute ezer ere egiten». Azaldu du, gutxienez, haiei lan egiten uzten dietela, beste irla batzuetan elkarteak bota baitituzte.

Euskal Herritik jasotzen duten elkartasuna ezinbestekoa dela adierazi du Ruiz de Azuak, hemen egiten dituzten bilketetatik lortzen baitituzte pasta, arroza eta antzeko produktuak. Bere hitzetan, hemen jasotakoa «kozinatzerakoan mezu bat bidaltzen ari gara»,  kanpalekuko hesietatik harago badagoela haien alde mugitzen eta kezkatzen denik.

Jaurlaritza Logoa