Live

NAIZ Irratia

Gari Berasaluze (UEMA):«Oreka linguistikoak ez du balio lurrean zaudenean»

Hizkuntzen oreka bat behar dela arrazoituz, espainiar Auzitegi Konstituzionalak dokumentuak euskaraz ezin direla idatzi arautu du. Aferaren inguruan hitz egiten egon da Gari Berasaluze UEMAko komunikazio arduraduna, NAIZ Irratiak egindako elkarrizketan.

Audio_placeholder

Gari Berasaluze (UEMA):«Oreka linguistikoak ez du balio lurrean zaudenean»

Loading player...
UEMAren agerraldi jendetsua udal legearen harira Konstituzionalaren epaia salatzeko.
UEMAren agerraldi jendetsua udal legearen harira Konstituzionalaren epaia salatzeko. (Andoni Canellada | FOKU)

Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 1 zenbakiko Epaitegiko epaileak onartu egin du Idazkari, Kontu-hartzaile eta Diruzainen Elkargo Ofizialak aurkeztutako helegitea, eta bertan behera utzi ditu tokiko idazkari eta kontu-hartzaileen lan poltsetako euskara eskakizunak.

Zehazki, Lakuako Gobernantza Sailaren 2021eko apirilaren 22ko Aginduaren zenbait puntu baliogabetu ditu epaileak. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko bitartekoen poltsa bat eratzeko hautaketa prozesurako deialdia egin zen, Toki Administrazioko idazkari kontu-hartzaileena, Bizkaiko toki administrazioetan Estatuko hautagaientzat gordetako lanpostuak betetzeko.

Epaiaren arabera, «hizkuntza koofizialaren eskakizuna neurriz kanpo eta modu irrazionalean aplikatu da». Eta, dioenez, «funtzionario horiek hautatzeko eta prestatzeko eskumenak dituen administrazio bakarra Estatuko Administrazioa da, nahiz eta Autonomia Erkidegoak bitartekoen poltsa bat eratu dezakeen».

Gari Berasaluze UEMAko komunikazio arduradunak epai honi buruz hitz egin du NAIZ Irratiak egindako elkarrizketan. Dioenez, «oldarraldi judizialaren beste katebegi bat» da, Auzitegi Konstituzionalaren azken erabakia gogoratuz. Honek bertan behera utzi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletan euskarari lehentasuna ematea eskatzen duen legearen artikulu bat. Baliogabetu egin du udal legearen 6.2 artikulua, «euskara gaztelaniaren gainetik» jartzen duela arrazoituz.

Berasaluzeren esanetan, argudio horrek «ez du ez hanka ez bururik». «Orekak ez du balio lurrean zaudenean», esan du, abesti baten hitzak erabiliz, izan ere «euskara mendeetan zehar jazarria debekatua eta gutxitua izan da». «Orekaz hitz egitea zapaltzaileen estrategia da, euskararen zapalkuntza iraunarazteko», ohartarazi du.

Udalerri euskaldunetan euskara ez dakiten herritarren eskubideak bermatuak daudela azpimarratu du, eta «inolako eragozpenik» ez dela egon adierazi du. Hala, Konstituzionalaren erabakia «ideologikoa» izan dela kritikatu du. Euskaldunen aurka hartutako erabakia: «Euskaldunak gara bigarren mailako herritarrak, ukatzen zaizkigulako hizkuntza eskubideak».

Estatus juridiko berri baten beharra

Bere ustez euskarak estatus juridiko berri bat behar du halako erabaki judizialei aurre egiteko. «Euskara sustatu, blindatu eta lehentasuna emango dion lege babes handiagoa behar dugu».

Zentzu honetan, nabarmendu du «euskara aurrera joan dadin euskararen aldeko erabakiak hartzea eta euskara lehenestea ezinbestekoa» dela. «Bestela ezin izango du aurrera egin», gaineratu du, eta iragarri du UEMAko udalerriek euskaraz lanean jarraituko dutela. Dioenez, datozen asteetan irizpideak bidaliko dira udaletara, baina «gaur gaurkoz euskaraz jarraituko dugu lanean».

Amaitzeko, goraipatu du ostegun honetan hainbat alkatek Bilbon egindako protesta. «Batera erantzun behar dugu. Elkarrekin aurrera egin behar dugu», azpimarratu du, euskararen aurkako epai berriak heldu ahal direla kritikatuz. Eta egoerak okerrera egin dezake uztailaren 23tik aurrera.

Jaurlaritza Logoa