Live

NAIZ

Tafallako Udalean akordioak nagusi izango direla nabarmendu du Xabier Alkuaz alkate berriak

Akordio zabala lortu zuen duela astebete EH Bilduk beste hiru indarrekin eta, ondorioz, saio lasaia izan zuen Xabier Alkuazek larunbatean Tafallan. Hemendik aurrera ere akordioan oinarritu nahi du Udalaren egunerokoa alkate berriak.

Audio_placeholder

Tafallako Udalean akordioak nagusi izango direla nabarmendu du Xabier Alkuaz alkate berriak

Loading player...
Xabier Alkuaz (EH Bildu) da Tafallako alkate berria.
Xabier Alkuaz (EH Bildu) da Tafallako alkate berria. (@bildutafalla)

Duela astebete sinatu zuen akordioa Tafallako EH Bilduk Iniciativa por Tafalla, Geroa Bai eta Nafarroa Zurekin taldeekin. Beraz, larunbateko saioa patxadaz hartzeko aukera izan zutela nabarmendu du Xabier Alkuaz alkate berriak NAIZ Irratian egin dioten elkarrizketan. Hirugarren agintaldia jarraian izango da EH Bildurentzat Tafallako Alkatetzan, hiruretan gobernatzeko akordio zabaletan oinarritu delarik.

«Orain dela lau urte ere antzeko akordioa sinatu genuen. Datozen lau urteotan Udalean jorratu nahi ditugun ildo nagusiak jaso ditugu: etxebizitza, energia, zaintzak eta abar. Ildo horiek ezartzen dituen akordioa da», azaldu du Alkuazek.

«Argi dugu Tafallako herriak maiatzaren 28an EH Bilduk Alkatetza izatea nahi izan zuela, baina beste alderdien lankidetzarekin. Argi dugu azkeneko lau urte hauetan oso ongi lan egin dugula bai Geroa Bairekin, bai Iniciativa por Tafallarekin eta bai Nafarroa Zurekin-ekin. Lankidetza horrek datozen lau urteotan ere jarraituko du», adierazi du.

Sinaturiko akordioan talde hauek gobernu batzordean sartuko zirela ere jasotzen zen. «Horretan ez dugu arazorik izanen», azpimarratu du Alkuazek.

PSNk EH Bilduri Alkatetza kentzeko helburuarekin UPNrekin eta beste taldeekin egindako saiakerari buruz, Alkuazek honako hau erantzun du: «Uste dugu bakoitzak legitimitatea duela bere gobernua egiten saiatzeko. Baina guk egiten dugun irakurketa gu lehenengo indarra izan ginela da, alde handiarekin, eta ondorioz guri zegokigula Alkatetza izatea. PSNk bere jokaldia egin zuen eta zorionez ez zitzaion ongi atera».

Hala ere, datozen lau urteotan Tafallako Udala gobernatzeko PSNrekin izan beharreko harremanak normaltasunez izango direla nabarmendu du Alkuazek.

Jaurlaritza Logoa