Live
«Benetan sinisten dudanetik, lasaitasun horretatik gauzak esaten saiatu naiz»
Lan laburra den arren, su txikian egositakoa da ‘Erori behar haina’ Nahiak Nahi taldearen diskoa. Abesti berriak aurkezten hasita daude zuzenean, eta, hurrengoa, ostegun honetan, hilak 15, Iruñeko Oko Andre Mariaren plazan izango da. MusikHaria saioan izan da Nahia Ojeta taldeko abeslaria.
«Benetan sinisten dudanetik, lasaitasun horretatik gauzak esaten saiatu naiz»
Nahia Ojeta, egun on! Zer moduz?
Ongi, pozik eta ongi.
Aurreko diskoa zure etxean eta gitarra akustiko batekin sortuak dira. Hauek ere bai? Diot lokaleko lan gehiago antzematen delako.
Egiten duguna lehen pop-rocka zela eta orain rock-popa dela esan daiteke. Nik ere nabaritzen dut lokaleko lanaren soinua badagoela. Single moduan bota genuen kantuarekin, ordea, mezuan jarri nahi dugu fokua, horrela ibili garelako denbora honetan, gorabehera askorekin.
Erori eta altxa egin zaretela etengabe, alegia.
Bizitzan ibiltzeak hori dakar; ibili, erori eta altxatzea. Behar duzun guztietan erori, ibili eta altxatu, edo berpiztu.
‘Beldurra’ kantua izan zen atera zenuten aurrenekoa 2021ean, sentsazio bera duzu oraindik?
Beldurra beti egongo da eta diskoa ere badoa pixka bat bide beretik. Baina beno, kuriosoa da orain zuzenekoagoa egiten ari garela gure proiektua eta, gauza gehiegi aurreratu ezin dugun arren, zulotik atera garela esango nuke. Emozio gazi-gozo horiek daude diskoan jasota.
Hortaz, ‘Eman sua’ kantuak badu guzti horrekin bukatu izanaren mezua gordeta.
Bapatekotasun batean sortu zen kantu horietariko bat da.
Besteek diotenaz paso egin eta musikaz disfrutatzearen aldeko mezua ere badu.
Hori da, ez dut ezer gehiago gehitzeko.
Tempo erdietan zabiltzate disko guztian eta iruditu zait mezua potentziatzeko ahotsean zentratu duzuela guztia.
Nire harrikada zen norberaren zaintzan zentratzea guztia. Helburu maximoak eta ahaztu eta benetan sinisten dudanetik, lasaitasun horretatik gauzak esaten saiatu naiz, bideaz disfrutatu nahi izan dugu lan honetan.
‘Gora!’ kantuan, berriz, elkarrekiko zaintza aldarrikatzen da.
Hori da. Ez naiz sekula aspertuko hau esateaz, dena elkarrekin eta batasun hori deuseztu gabe egin behar dugula, batzuetan gogoko gauzak izango dira eta besteetan gogoko ez ditugun gauzetan aritu beharko dugu.
Gitarra garbi asko entzuten dira diskoan, Iñaki eta Rubenen kontua izango da hori.
Bai, ez naiz sartzen hor, bakoitzak nahi duenarekin gustura geratzea zen gure nahia.
Bateria eta baxuaren arteko harremana ere estua izan dela esango nuke.
Sekulako enpastea lortu dute eta oso oso pozik gaude horrekin. Kantuek eraman egiten gaituzte eta abesterakoan nabaritzen da, hori bai, jarri egin behar da horren aurrean abesten gero!
Gainera, koroek ere garrantzia dute.
Iñaki Santos eta Iñaki Pulidok abesten dituzte eta beren abesteko gaitasuna erakutsi nahi izan dugu, sekulako kolorea ematen diote kantuei.
‘Hego berriak’, askatasunaren inguruko aldarrikapen moduko bat duen eta lasaitasunetik eztanda bat egitera pasatzen den abestia.
Bi abesti direla esan daiteke. Pertsona baten galeraren ondoren egindako abestia izan da, orain arte ez nuen literalki halako gai bat landu eta horrela atera da. Oso lasai hasten da eta gero haustura bat egiten du denak gora eta gora abestia bukatzen den arte.
Udako kontzertuak eta nola dituzue?
Kantua eta hitzak zikloan Oko Andre Mariaren plazan izango da kontzertua ostegun honetan, ekainak 15. Eta Burlatan ere Herriko Parkean egingo dugu aurkezpena, ilusio berezia egiten digun kontzertua delako. Euriak ekidin du oraingoan, baina kontzertu hori egingo dela ziurtatzen dugu. Gainerakoan, beste hiru ere lotuta baditugu, baina oraindik ezin ditugu iragarri.
Bada erortzen jarrai ezazuela baina hego berriekin hegan egin ostean.
Mila esker!