Live

Bigarren Kafea

«Zama filma egitea atsegina izan den arren, zama ere izan da»

Zama film laburra sortu dute Oiartzungo Gazte Sortzaile taldeko kide batzuk, eta gaur, Bigarren Kafean izan dira Luix Mitxelena eta Ziggy Docherty filma sortzeko izan duten abentura kontatzen.

Audio_placeholder

«Zama filma egitea atsegina izan den arren, zama ere izan da»

Loading player...

Nahikoa zaintzen al dugu albokoa? Bakoitzaren zama kontuan hartuta ez al dugu albokoa ahazten? Edota bakoitzaren zama ezkutatzera iristen al gara ondokoari motxila ez betetzearren? Gogorra izaten da gure motxilak askatzea, edo pixka bat irekitzea albokoari barrukoa erakusteko. Baina batzuetan agian beharrezkoa izaten da hori. Nork daki noraino iritsi gaitezken albokoaren zama ez gehitzearren. Horren inguruan asko hausnartu eta gero, proiektu txiki batek argia ikusiko du datorren larunbatean Oiartzunen. 

Orgasmo sortzaileak, oiartzungo gazte sortzaile taldeak sortutako proiektua da Zama, pasa den irailean lantzen hasi eta apirilean grabatutako film laburra. Luix Mitxelena, proiektuko zuzendari eta aktorea, eta Ziggy Docherty, aktore zuzendaria izan ditugu gaur Bigarren Kafean, eta kontatu dute proiektua ateratzea zaila izan bada ere polita izan dela: «Azkenean proiektu potoloa izan da. Antolakuntza aldetik lan asko suposatu du. Zama filma egitea atsegina izan den arren, zama ere izan da».

Grabazio egunak luzeak izan zirela kontatu du Ziggyk eta tentsio uneak bizi izan dituztela. Gainera, kontatu dute gaia ondo landu nahi izan dutela eta hasieratik gidoiari buelta asko eman dizkiotela. «Egunerokotasuneko zamen inguruan hitz egiten du laburrak. Gure  bizitzetan, guretzat garrantzia hartzen duen zerbaiten inguruan obsesionatzen gara eta benetan garrantzia duten gauzak alboratzen ditugu», gehitu du Ziggyk. 

Filma datorren larunbatean aurkeztuko dute Oiartzungo Landetxen, Metraiak film laburren jaialdian. «Jaialdia film laburraren aitzakian sortu da. Film laburren mundu prekarioan, sortu diren lanpostuei bultzadatxo bat ematea da helburua eta gureaz gain, beste hiru film labur eskainiko ditugu». Horrelako proiektu batek dakarrenaren inguruan hitz egitera etorri dira gaur gurera Luix Mitxelena eta Ziggy Docherty.

Jaurlaritza Logoa