Live

Bigarren Kafea

«Orokorrean kritiko izan behar dugu gure kontsumo ohiturekin»

Nazio Batuen Erakundeak 1972tik ospatzen du Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ekainaren 5ean. Urtero herrialde batek hartzeko du egunaren inguruko tematika aukeratzeko ardura eta aurten Boli Kostari egokitu zaio. Nutrizioarekin lotura ikusi dio Maddi Etxeberria Otaegik eta horren inguruan aritu gara.

Audio_placeholder

«Orokorrean kritiko izan behar dugu gure kontsumo ohiturekin»

Loading player...

Etorkizunari begira nahikoa ezkor agertu da Etxeberria. «2030era bitartean ezin du tenperaturak gradu eta erdi baino gehiago igo. Isurketak erdira murriztu beharko genituzke eta hori ezinezkoa dela uste dut. Mundua ez dago puntu horretan». Gizakiak plastikoaren inguruko kontzientzia sortu duela uste du eta eman zaion irtenbideak ez duela askorik lagundu dio. «Plastikoaren inguruan kontzientzia handia sortu zen baina erabilera bakarrekoan jarri behar zen arreta. Erabilera bakarreko plastikoaren ordez papera erabiltzeak ez du gauza askorik konpontzen».

Ekoantsietateaz ere aritu da Etxeberria Bigarren Kafean. Modan jartzen ari den zerbait da. Erakunde ofizialek ez dute gaixotasun modura aitortu baina klima aldaketak gehiegi eragiteak asaldura psikologikoa sortarazi dezake. Beldurrak mugiarazten gaitu eta ekoantsietateak asko du beldurretik, zer nolako etorkizuna izango ote dugunak beldurtzen gaituelako».

Kontsumo ohiturak aldatu beharrean gaudela gaineratu du Etxeberriak. «Baliabide mugatuak ditugu, lurra bakarra da. Trantsizio proteikoa gakoetako bat da. Goazen elikadura sistema aldatzera, goazen animalietatik eratorritako proteinetatik landare jatorrikoak kontsumitzera. Haragia jateari utzi behar diogu? Ez. Erosten dugunean arreta jarri behar da eta kontzientizia garatu behar da; baina ez dakit gizartea horretarako prest dagoen».

Egoerak gain hartu arte ez garela mugituko uste du. «Hori gertatzeko klimak aldatu beharko luke. Errefuxiatu klimatikoak existitzen dira. Herrialde azpigaratuei edo garapen bidean daudenei gertatzen zaie baina guri, orokorrean, hori ez zaigu axola. Guri gertatu arte jendeari asko kostako zaio ohiturak aldatzea. Jendea ez dago prest pribilejioei muzin egiteko».

Entzun Maddi Etxeberria Otaegirekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.

Jaurlaritza Logoa