Live

Rock fresko eta berritzailea azken ‘Zarata’ tartean

Bizimodu intentsoaren atal berri bat kontatu digu gaur Iker Bárbarak Bartzelonatik iritsi berritan etorri delako MusikHaria saiora: «Eskertzen dugu askorik bidaiatzen ez dugunok hegazkina hartzea. Guretzat bidaia luzea da baina itzultzen zarenean jabetzen zarela ez dela hainbesterako izaten».

Audio_placeholder

Rock fresko eta berritzailea azken ‘Zarata’ tartean

Loading player...
Airu proiektuak oso proposamen pertsonala aurkeztu du beste behin ‘En el más allá’ kantuarekin.
Airu proiektuak oso proposamen pertsonala aurkeztu du beste behin ‘En el más allá’ kantuarekin. (Haizea OGUETA)

Mondo Sonoroko lankideekin elkartu da Bartzelonan aurreko asteburuan Iker Bárbara Zarata edizioko zuzendaria eta euskal musikaren inguruan «Euskal Herria plaza garrantzitsua dela» esaten dutela kontatu digu. «Musikak garrantzia handia du eta proiektu interesgarriak ikusten dituzte Euskal Herrira begira jartzen direnean. Baina ez da bizi dugun uneko kontua soilik, aspalditik dator gure eszenarekin duten begirunea. Hala ere beti egiten diet kritika, dena Madrilen eta Bartzelonan zentralizatzeko joera izaten dutelako», gaineratu du aste honetako ‘Zarata’ tartean.

Xordy - Rojo manzana

«Duela gutxi ezagutu dut donostiar musikari gazte hau eta single batzuen ostean iaz atera zuen bere lehen diskoa, ‘Willthedarknesskillthelaughs’ deiturikoa. Abesti berri honekin ikusten dugu popa eta rockaren beste adibide bat, gazteen artean geroz eta ohikoagoa dena. Denso izan da abestiaren ekoizlea eta badirudi neurria hartua diola estilo honi. Alizzz, Jimena Amarillo eta Sen Senra bezalako artistek dute eragina Xordyren proiektuan eta, nabarituko denez, melodiak abesteko duen modu horrekin jendeari etorriko zaizkio beste hainbat artista ere burura», esan digu kazetari bilbotarrak.

Airu - En el más allá

«Soinu oso berezia eta retroa du Airuk, Irune Vegaren proiektuak, eta lan berria aterako duela badakigu, ikusiko dugu nondik joaten den. Gorka Larcánek egindako diseinuaren animazioa darama bideoklipak. Abesti honetan elektronika pixka bat sartu dute eta laukoteak normalean instrumentu organikoak erabiltzen dituen arren, sinteak eta samplerrak erabili dituzte, beren soinua zabalduz eta bide berri bat irekiz», nabarmendu du Bárbarak.

Melenas - Bang

2021ean Europa mailan jasotako sari bati esker ezagutu genuen askok Melenas taldea: «Izugarria da talde hau egiten ari den bidaia. Ez dute estilo oso komertziala lantzen, baina underground eszenan eta Europan ere sekulako arrakasta izan dute. Hasi zirenean ziurrenik taldekide bakarra zen benetako musikaria eta gainerakoek bidean ikasi dute eta taldea geroz eta hobea izaten ari da horrengatik. Madril edo Bartzelonakoak balira zer gertatuko zen? Bada gauza bera gertatzen da beste talde askorekin ere, errealitatea hori da. Hurrengo diskoaren aurrerapen kantua da eta irailaren 28an etorriko da ‘Ahora’ lana Mushrom Pillow zigiluaren azpian. Abestiak Violen Femmes taldearen ‘Blister in the sun’ kantuaren eragina izan dezake. Eta aipatu behar da bideoklipa ere, ikusi beharrekoa da».

Munlet - El ser que quiero (Girl U Want)

Bukatzeko cover bat ekarri digu Zarata Mondo Sonoroko zuzendariak: «Mendarotik datorren taldea, Ina Iriondo buru duen taldea. ‘Munlet plays Devo’ diskoa egin dute, Izar & Star zikloaren baitan parte hartu duelako Munletek eta horretarako prestatuko abestiekin diskoa grabatzeko erabakia hartu dute. Batzuetan talde bat izaten da edota besteetan mugimendu edo eszena baten inguruan sortzen da emanaldia eta guztiaren atzean Javier Corral ‘Jerry’ dago, bera da ziklo honetako kontzertuak prestatzen dituena.

Jaurlaritza Logoa