Live

NAIZ Irratia

«Nafarroako EH Bilduren zerrendetan gazteen kopurua harro egoteko modukoa da»

Hauteskunde hauetan gazte belaunaldi berri bat ate joka ageri da. Hautagaitza oso gazteak ikusi dira Nafarroako hainbat herritan. Edurne Leon eta Lola Eslava, Tutera eta Irunberriko EH Bilduko alkategaiekin aztertu dugu egoera. «EH Bildu da gazteen hitza hoberen ordezkatzen duena», dio Eslavak. 

Audio_placeholder

«Nafarroako EH Bilduren zerrendetan gazteen kopurua harro egoteko modukoa da»

Loading player...
Labriten maiatzaren 19an egindako ekitaldian hainbat gazte EH Bilduren aldeko boza eskatzen
Labriten maiatzaren 19an egindako ekitaldian hainbat gazte EH Bilduren aldeko boza eskatzen (Iñigo Uriz | Foku)

Hauteskunde hauetan belaunaldi berri batek zerrendetan parte hartzeko hautua egin du. Nafarroan joera hau nabarmena da EH Bilduk aurkeztu dituen hautagaiei dagokionean.

Tuterako zerrendaburu Edurne Leonek NAIZ Irratian azaldu duenez, Alejandro Toquero eskuindarra Alkatetzatik kentzeko errotzen hasi zen mugimenduan parte hartzen hastea izan zen hautagaia bilakatzeko lehen urratsa.

Irunberriko Lola Eslava alkategaiak gogoratu duenez, EH Bildu Nafarroan lehen indar munizipalista da eta horrek gaztengana hurbiltzeko aukera eman du. Orotara, 70 zerrenda aurkeztuko ditu EH Bilduk Nafarroako udal hauteskundetan, inoiz izan duen kopururik handiena. Sei herritan lehen aldiz aurkezten dira.

Belaunaldi berriaren isla da bederatzi zerrendaburuk 32 urte baino gutxiago dituztela, nabarmendu du Eslavak. Honez gain, Labriten egindako mitinean hamarnaka gaztek EH Bildu bozkatuko zutela adierazi izanaren garrantzia azpimarratu du.

«Gazteok geroz eta gehiago gara EH Bildun eta erabakiguneetan gaude. Gazteontzat EH Bildu tresna eraginkorra dela uste dut», gaineratu du Eslavak.

Beste udal batzuetan bezala, Tuteran eskuinak agintea berreskuratu zuen 2019.ean eta aurreko lau urteotan izandako aldaketarekin amaitu. Leonek nabarmendu duenez, gobernantza eredua izan da gehien aldatu dena. «UPNk uste du Udalean gehiengoa duelako nahi duena egiteko bermea duela. Ikuspegi eta ideologia hori inposatu du lau urte hauetan. Herritarren parte-hartzerako ez da inolako espaziorik izan. Haiena inposatu dute eta besteena, euskara kasu, desagerrarazi», azaldu du.

Tuterako jaiei hasiera ematen dien suziria piztu zuen 2018an Leonek mugimendu feministaren ordezkari bezala. Euskara erabili zuen eta kritikak jasan zituen horregatik. Egunerokotasunean euskararen kontrako oldarkotasunik ez da somatzen eta horrelako jarrerak UPNren interesekin bat datozen mugimenduetan oinarritzen direla adierazi du. «Txupinazoan euskara entzutea euren Erriberan dituzten pribilegioak eta korralitoa mantentzearen kontra dela uste dute», azaldu du.

Herrialde osoan aurkeztu ditu hautagaiak EH Bilduk eta aniztasun horrek politika egiteko moduak aberasten dituela nabarmendu du Eslavak.

Jaurlaritza Logoa