Live

NAIZ Irratia

Asturiagako hilketak, «gerra zikineko lehenengotariko esperimentoa»

1974ko maiatzaren 20an, espainiar Poliziak Jose Luis Mondragon eta Xabier Roke gazteak hil zituen tiroz Hondarribiko Asturiaga itsasbazterrean. ETAko kide zirela eta heriotzak tiroketa baten ondorio izan zirela dioen bertsio ofiziala gainditzeko lanean dihardu Asturiaga 1974 oroimen elkarteak.

Audio_placeholder

Asturiagako hilketak, «gerra zikineko lehenengotariko esperimentoa»

Loading player...
Asturiaga 1974 oroimen elkarteko Xabi Bengoetxea, Jose Luis Mondragon Elortza eta Xabier Roke Mendez Villada gazteak hil zituzten itsasbazterrean.
Asturiaga 1974 oroimen elkarteko Xabi Bengoetxea, Jose Luis Mondragon Elortza eta Xabier Roke Mendez Villada gazteak hil zituzten itsasbazterrean. (Naiz Irratia)

Larunbat honetan 49 urte beteko dira espainiar Poliziak Xabier Roke eta Jose Luis Mondragon euskal errefuxiatu gazteak Hondarribiko Asturiaga itsasbazterrean hil zituenetik. Gertatutakoa argitu nahian egiten ari diren lana azaldu du Xabi Bengoetxeak, Asturiaga 1974 oroimen elkarteko kideak, NAIZ Irratian.

Poliziak argitaratu eta garaiko hedabideek erreproduzitutako bertsioan armatuta zihoazela, hirugarren pertsona batek ihes egitea lortu zuela eta frantziar Estatuan beste pertsona bat atxilotuta zegoela zabaldu zen. Bi hauek, Roke eta Mondragon, itsasontzi txiki batean gerturatu zirela, Poliziak altoa eman ziela eta, jaramonik ez egiteaz gain, tiroka hasi zirela dio orduko Poliziak zabaldutako informazioak.

Horren aurrean hainbat azterlan egin ditu Asturiaga 1974 oroimen elkarteak. «Aztertutako ohar guztietan mezua bera zen. Poliziak hitzez hitz esandakoa esaten zuen. Nola agertu ziren gorpuak, jende dezente zegoela hondartzan, tiroketa egin zenean batzuk ez zirela konturatu, ETAko kideak zirela... Egindako azterketetan konturatu ginen maiatzaren 20 hartan marea biziak zeudela. Marea asko igotzen da eta asko jaisten da. Gertaerak 17.00etan izan zirela agertzen da prentsa frankista guztian eta marea goian 16.30ean zen. Marea biziekin, guztiz goian, hondartza ia ez zen ikusiko», adierazi du Bengoetxeak.

Elkartearen iritziz, «frankismoa errelato bat zabaltzen saiatu zen». Are gehiago, «gerra zikineko lehen esperimentuetako bat» estaltzen saiatu ziren.

ETAk bi komunikatu egin zituen adieraziz Mondragon eta Roke ez zirela erakundeko kide. Berasategik azaldu du, haiek daukaten informazioaren arabera, Mondragon Arrasateko mugimendu abertzaleetan ibilia zela, alde egin zuela denbora batez eta ondoren Baionan errefuxiatu zela. «Erakundearekin harremanak moztuta zituen». Roke, berriz, fronte kulturalean ibilia zen. «Sekulako grina zuen poesiarekiko», nabarmendu du. Fronte kulturala utzi eta militarrera sartu zen. Harremana zuen Eustakio Mendizabal ‘Txikia’-rekin eta honen hilketa salatzeko propaganda banatzen ari zela atxilotzen saiatu ziren. Donibane Lohizunen errefuxiatu zen, ordurako erakundearekin harremanak moztuta.

‘Cocoliso’ infiltratua

Istorio honetan agertzen den beste izena Jesus Arrondo Marin ‘Cocoliso’ infiltratutako poliziarena da. «Bi akribilatuta hil zituzten eta batek ihes egin zuen. ‘Cocoliso’ ezaguna egin zen errefuxiatuen artean», gogoratu du Bengoetxeak. ETAn eta errefuxiatuen artean egondako infiltratuetako bat izan zen Arrondo. «Poliziaren hainbat informaziok diote ez ote zuten goizegi erre. Kotxean harrapatu zioten pistola bat, errefuxiatuen argazki pila batekin. Gertakari honen ondoren alde egin behar izan zuen. Urte batzuetara tirokatuta agertu zen Andaluzian hilda», azaldu du Asturiagako kideak.

Bestea, laugarrena eta ustez atxilotutakoa, Pierre Irigoien izan zen. «Hori zabaldu zen, baina ez dago berarekin zer gertatu zen azaltzen duen informaziorik. Poliziak dioenari pisua emateko dago bere izena. Hau montaje inportantea izan zen eta horretarako, Madrilen diseinatutako operazioa izanik, aurkitu zituzten hainbat pieza puzzle hori osatzeko».

Maiatzaren 21ean ‘ABC’-k publikatu zuen brigada politiko-sozialek aspalditik zeramatela operazio hau prestatzen, egunak zeramatzatela itsasbazter horretan. «50 polizia omen zeuden. Gauden tokia ikusita, hemen tiro rafaga bat badago, polizia zauriturik ez egotea ez da ulertzen», nabarmendu zuen Bengoetxeak.

Zauri sakonak

Elkartearen borroketako bat da bi gazteen autopsiak lortzea. Bengoetxeak azaldu zuenez, Mondragonen arrebak esku artean ez zuten informazio asko eman zien. «Berarekin ikusi genuen bakardadea eta zer den biktima izatea ahanzturan». Ainhoa, Rokeren alabarekin ere harremana egin zuten. Honek gordetzen zituen txosten pila baten artean autopsia zegoen. «Bertan zenbat detaile aipatzen dira. Autopsia egiten dion medikuak lesio ezberdinak aipatzen ditu. Bat kopetan, gertutik egindako tiro batekin kointzidituko zuena. Garuna bera txikitu zion. Beste batzuk, urrutitik eginda. Eskubitik jasotzen ditu tiro guztiak, buruaren erdi-erdian jasotakoa izan ezik. Beste tiro bat axilan, eskuak goian izan behar zituen tiro hori jasotzeko», dio, errenditzeko keinua eginez.

Informazioa bilatzerakoan soilik informazio ofiziala topatzen zuen elkarteak. «Horrelako gertakari baten aurrean bestelako informaziorik ez egoteak harritu egiten gintuen. Baina aurkitu genuen Oficina de Prensa Euskadik, Eusko Jaurlaritzak exilioan zuen prentsa ofizinak, maiatzaren 24ko ohar batean, aipatzen dituela gertakariak, non bai aipatzen den ‘bi euskal herritarren hilketa estaltzeko muntaia saiakera’».

Bengoetxeak nabarmentzen du hilketa horiek «inpunitate osoz» egin zirela. «Familia horiek ez daude biktima gisa aitortuta», gogoratzen du.

Jaurlaritza Logoa