Live

Lemoakustiken 6. edizioa nolakoa izango den kontatu digu Izkander Fernandezek

Aurreko astean aipatu genuen aste honetan Lemoakustiken 6. edizioa izango dela, eta horren inguruan osatu du tartea Izkander Fernandez jaialdiko antolatzaile eta MusikHaria saioko kolaboratzaileak.

Audio_placeholder

Lemoakustiken 6. edizioa nolakoa izango den kontatu digu Izkander Fernandezek

Loading player...
Lemoakoa den ZEINKE taldea ekarri du gogora Izkander Fernandezek Lemoakustik jaialdiaren aitzakian. (ZEINKE)
Lemoakoa den ZEINKE taldea ekarri du gogora Izkander Fernandezek Lemoakustik jaialdiaren aitzakian. (ZEINKE)

«Aurreko urtekoa bukatu orduko jarri ginen martxan aurtengoa nola hobetu genezakeen pentsatuz eta artisten izenak mahai gainean jarriz. Azken bizpahiru urteetan musikariek idazten digute bertan parte hartzea gustatuko litzaiekela azalduz, baina txikiak gara eta ez daukagu handiak izateko inolako nahirik. Mundu honetan dena ez da hazi behar derrigorrez, gure espazioa sortu nahian gabiltza eta espazioa definituta dugu. Irailean saiatzen gara kartela nahikoa bideratuta izaten, gauzak lasai eta ondo kudeatzeko», azaldu digu Izkander Fernandezek.

Jaialdia bitan banatzen da, eguerdian eta iluntzean izaten dira kontzertuak Lemoako Kotxepin Kultur Etxearen inguruan: «Arratiako Musika Eskola izango da jaialdia irekiko duena, iaz bezala. Aurten ez dut uste kolaboraziorik izango denik, baina aukera ona da bertako musikariei aukera ematea. Bide horretan lemoaztar bat ere izango dugu gurea, 13:00etan, kantautore moduan Maria Vaquerizo izango da gure artean, berezia harentzat, bere etxetik oso gertu izango delako. Atzetik, 14:00etan, Donostiako Mugan taldea izango da bertan, etorkizun handia duena eta interesgarria dena. Americana, folka eta popa uztartzen dituzte eta horrekin osatuko da goiza, etorkizunean zentratzen diren hiru eskaintzekin».

Zeinke - Katarsi emozionala

«Jokin Uriarte Zeinke talden motorea da eta Lemoakustiken antolakuntzan ere parte hartzen du. Kantu solte bat atera dute oraingoan, baina uste dut beste batek emango diola jarraipena. Duela pare bat egun atera zuten abesti hau eta azken EParen ildotik doala esango nuke. Testura asko sartzen ditu eta hitzetan emozioetan murgiltzen da, sorkuntza kreatiboaren inguruko sentimenduak kontatzen dituelako», azaldu digu Izkanderrek.

Ibil Bedi - Norabidearena

Atzera begirakoa ere egin nahi izan du, izan ere iaz izan ziren Ibil Bedi nafarrak Lemoakustikeko kartelean: «Iazkoa haiek itxi zuten modu bikain batean eta duela bi aste ‘Goldea’ disko berria kaleratu dute, gainera, nahi dutenean itzultzeko atea zabalduta dutela esan genien eta haiek ere erantzun positiboa eman zuten. Kontuz hauekin, ondo egiten diren gauzak ez direlako beti ondo irteten baina hauen kasuan ari da betetzen zorionez. Ausartak dira, baina baita gardenak ere, aurrekoan sarean beren inspirazio iturriak diren abestien zerrenda zabaldu zutelako, eta hori eskertzen da», gaineratu du musika aditu lemoaztarrak.

Audience - Alde egitea

«Aurten badirudi landan eta lorategian izan ordez karpan eta kultur etxeko aretoan izango direla kontzertuak euriagatik. 19:00etan Audience izango da karpan, 20:00etan Ghau aretoan eta 21:30ean aurtengo kartel burua, Olaia Inziarte, karpan. Gauerdira arte iraungo du guztiak», kontatu digu Izkander Fernandezek.

Audience gernikarrek BideHuts zigiluarekin atera zuten ‘Tolesdurak’ diskoa eta hura defendatzen izango dira Lemoakustiken: «Audiencek badu Lemoarekin erlazio estua, gaztetxetik pasatakoak direlako eta baita herriko jaietan eta. Deia jaso orduko baiezkoa eman ziguten eta guk uste dugu jaialdiaren filosofian sartzen da eta honekin hasi ginenetik buruan izan dugu Audience».

Olaia Inziarte - Martzianoak

«Diskoa entzun nuenean ez dakit erabakita zegoen Olaia Inziarte kartelean genuen edo ez, baina diskoa batez ere Aste Santutik hona asko entzun dut eta zuzenekoa nolakoa ote den galdera bururatu zait. Zuzenekora eramateko ekoizpen esijentea da, baina badut susmoa lortuko duela, nortasun handia erakusten duen musikari bikaina delako. Disko bat baino bere aukeren katalogo bat dirudi diskoak, «zer egin ahal dut? bada hau guztia egin dezaket» esan izan balio bezala bere buruari. Joan etorri asko dituen disko polita da, kolaborazio denak bikain aprobetxatuta… artista anglosaxoi bat izan balitz, ekoizlearen garrantzia azpimarratuko nuen soinu eta konposaketa lanetan, baina badakigu gurean ez dela horrela izaten eta dena Olaiaren buruan egongo zela. Zorte itzela daukagu gurean izango delako eta, gogoratu, euria ez dela aitzakia izango, aterpea egongo baita!», bukatu du Izkander Fernandezek.

Jaurlaritza Logoa