Live
Inkestek 1,6 puntuko gorakada ematen diote EH Bilduri Gernikako juntetxean. Iker Casanova ahaldungaiarentzat alderdiak instituzio ezberdinetan izan duen jardunak «sinesgarritasuna» eman die. Halaber, aurreikuspenak bete daitezen, lana egin beharko dela nabarmendu du. «Jendeari helarazten diogun mezua da: mugi gaitezen; aukera badago; EH Bilduk gauza itzelak egin ditzake Bizkaian».
Hala ere, inkestek nagusitasuna ematen diete EAJ eta Elixabete Etxanoberi. Emaitza iraultzeko gakoetan, Casanovak adierazi du jeltzaleek alderdi estatalisten gainbehera «ondo kapitalizatu» dutela. Jeltzaleen hegemonia politikoa aldatzeko, denbora beharko dutela onartu du. «Bizkaia ez da eskuindarra. Bizkaia aurrerakoia da. Gehiengo politiko eta soziologikoa ezkertiarra da, eta ez da logikoa. Anomalia da eskuineko alderdi batek halako hegemonia izatea», adierazi du. Jeltzaleen nagusitasuna ez bada gainditzen, «hegemoniaren eztabaidaezintasuna» bukatuko dela ziurtatu du.
«Gobernantza eredu berri bat»
Iker Casanovarentzat «jendearen mesederako» jarri behar da krisiek sortzen duten aldaketa garaia. Instituzioen babes izaera berreskuratzea aldarrikatu du. Baita ere, 5.0 industria eredua proposatu du, plano sozioekonomikoan, Bizkaiak «garai bateko lidergo ekonomikoa» berreskuratu dezan. Aldi berean, «abangoardiako politika sozialak» proposatu ditu. Ereduaren adibide gisa proposatu du Bilboko Punta Zorrotzako plana. «Pentsatzen dugu industria 5.0 horrek, bizitza kalitatearekin bateragarria dena, Bilbo handian espazioa izan behar duela. Gure proposamena da Punta Zorrotzan eta bi aldeetan dauden Zorrozaurre zein Burtzeña batzea, parke teknologiko erraldioi bat sortzeko».
Tokian tokiko eredutzat jarri ditu Bakio, Urduña eta Lemoako udal esperientziak. Hiru herri hauetan EH Bildu agintean dagoenetik gobernantza ereduari «buelta» eman zaiola aldarrikatu du. «Instituzioak hustuta zeudela ikusi genuen. Diruz hustuta eta sinesgarritasunez hustuta zeuden, EAJren kudeaketa eskasaren ondorioz».
Eredu fiskala
EH Bilduko hautagaiak aldaketa «sakonak eta zehatzak» proposatu ditu zergen progresibitatea areagotzeko. «Gehien duenak, gehiago ordaindu behar du. Areagotu behar da progresibitate hori, eta elementu berriak gehitu daitezke. Adibidez, etxebizitzaren aferari erantzun bat eman ahal zaio edo trantsizio eko sozialari aurre egiteko».