Live

Ainara Rodriguez-Amaia Zurutuza

Trafikoko eta laneko istripuetan, hildakoak antzera; isunak, aldiz, 300.000 versus 700

Laneko heriotza eta gaixotasunak ekidin daitezkeela aldarrikatu du LABek baina enpresarien zigorgabetasunak eragotzi egiten duela. Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak aberastasunaren pilaketari egotzi dizkio heriotza nahiz gaixotasunak.

Audio_placeholder

Trafikoko eta laneko istripuetan, hildakoak antzera; isunak, aldiz, 300.000 versus 700

Loading player...
Garbiñe Arnburu, LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra
Garbiñe Arnburu, LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra (Naiz Irratia)

Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean prebentzioan jarri du fokua LAB sindikatuak. Gertatzen diren heriotza eta osasun galerak ahaztu gabe, prebentzioaren bidez gertaera hauek ekidin daitezkeela aldarrikatu du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak NAIZ Irratian. Ez du ikusten, ordea, neurri zehatzak hartzeko borondaterik.

Alderaketa argia egin du. Baieztatu du trafiko eta laneko istripuetan hildako kopuru antzekoa izan ohi dela. Baina trafikoko arauak hausteagatik 300.000 isun inguru jartzen diren bitartean, lan osasuneko araudia ez betetzeagatik soilik 700 jartzen dira. Halaber, 423 ertzain daude trafikoa zaintzen eta 41 ikuskari lan osasuna bermatzeko. Aranbururen esanetan, aberastasunaren pilaketa handitzen jarraitzeko, lan osasunean inbertitzeari uko egiten diote enpresariek.

Ezagutu berri ditugun langabezia datuen inguruan, emakumeen artean igoera handiagoa izan dela nabarmendu du, gazteen langabezia tasa «oso altua» dela eta sektoreka, industria atzerantz doala, 3.000 lanpostu gutxiagorekin azken datuen arabera. Bitartean, lan munduan prekarietatea zabalduz doala ohartarazi du, soldatak murrizten ari direla eta egoera «kaskarra» dela.

Soldata igoera eta zerga politika progresiboa

Badira egungo testuinguru soziekonomikoan irabaziak izaten ari direnak ere. Banketxe eta enpresa handi asko inoizko irabazi handienak ari dira eskuratzen. Adibidez, urteko lehen hiruhilekoan BBVAk 1.800 milioi irabazi ditu eta Iberdrolak 1.500 milioi, bankuei eta energia enpresa handiei ezarri zaien aparteko zerga ordainduta ere. «Iraingarria da gertatzen dena» LABeko koordinatzaile orokorraren esanetan, aberastasunak kapital handietan pilatzen jarraitzen duelako eta ez dagoelako egoera iraultzeko borondaterik. Sindikatu abertzalearentzat bi neurri bultzatu behar dira: soldata igoerak, batetik, eta zerga politika progresibo bat, bestetik

Lan munduan berrikuntza bat ere bada, lau eguneko lanastearen inguruko eztabaida gurera iritsi da eta Gasteizko Parlamentuan babes zabala jaso du proiektu pilotuak. LABentzat lehentasunezko auzia da, lagungarria izan daiteke lana banatu, digitalizazioak eragingo duen enplegu suntsiketari erantzun nahiz garapen eredua birmoldatzeko.

Testuinguru honetan iritsiko da sindikatu abertzalea Maiatzaren Lehenera. Zaintzaren, enpleguaren eta ondasunaren banaketa aldarrikatuko du Langileriaren Nazioarteko Egunean, beharrezkotzat jotzen duen beste Euskal Herri bat eraikitzeko.

Jaurlaritza Logoa