Live

Garazi Castaño

16 mm-ko argindar printzak

Argindarraren inguruko hausnarketa plazaratzeko proiektu artistikoa aurkeztuko dute asteazken honetan Biteri Kultur Etxean Ainhoa Gutierrezek eta Eli Pagolak. Hernaniko Sorkuntza Bekari esker Urumeako zentral hidroelektrikoak izan dituzte aztergai, zientzia eta zinemagintza uztartuz.

Audio_placeholder

16 mm-ko argindar printzak

Loading player...
16 mm-ko formatua hautatu dute  ‘Ta argiya iñ zan’ proiektuko filmaketarako
16 mm-ko formatua hautatu dute ‘Ta argiya iñ zan’ proiektuko filmaketarako (AINHOA GUTIERREZ - ELI PAGOLA)

Urtebeteko lanaren ostean, argia ikusiko du ‘Ta argiya iñ zan’ proiektu artistikoak. Ainhoa Gutierrez eta Eli Pagola Ereñozun bizi dira. Hernaniko Sorkuntza Bekarako aukera parez pare topatu eta euren bizitokian ugari diren zentral hidroelektrikoekiko ikerketa lana abiatu zuten. Ikerketa lan honetan baina, zientzia eta artea uztartu dituzte. Gutierrez zinemagintzaren munduan dabil murgildua, Pagola ingeniaria da. Elkarrengandik urrun sumatzen ditugun arloak badira ere, haien kasuan nahasketa bikaina izan da haien kezkak mahai-gaineratu eta plazaratzeko.

Ikus-entzunezkoen filmaketa eta ikerkuntza-lana uztartu dituzte. Artistikoki, argiaren elementuarekin egin nahi izan dute jolas. Eta beraz, hautu teknikoak horren mesedetan egin dituzte. «Analogikoan, argazkigintzan zein bideogintzan argia zuzenean inprimatzen da eta horrek bazeukan guretzat zentzu bat elementu horrekin lan egiteko».

16 mm-ko filmaketa-formatua hautatu dute. Irudiaren emaitza estetikoa bera gustuko zutelako, baina baita modu zehatz batean lan egitera behartu dituelako ere. «Pelikulako 3 minutu duzu, aurrez ondo pentsatu behar duzu zertan erabiliko dituzun, ez baituzu nahi adina metraje. Horrek muga bat jartzen zigun eta uste genuen prozesuari dagokionez bazuela zentzua, energia berriztagarriez edo energiari buruz ari ginelako eta muga hori presente edukitzeak logika zuen». Argiaren eta argindarraren inguruan modu teorikoan hausnartu dute, eta praktikan ere jarri dute: «kamera honek ez du argindarraren beharrik filmatzerakoan, motor bat du eta sokarekin dabil; karga zuk ematen diozu eskuz. Pelikulak itzaletan, kotxean edo zuhaitzen azpian, aldatzen genituen».

Proiektuaren oinetako bat artistikoa da; bigarrena, zientifikoa. Ikerketari dagokionez, lehen egitekoa Urumea bailara bera eta ikerkuntza-eremua zehaztea izan zen: «zuzenak izango bagina Donostiako eta Astigarragako lurrak ere aintzan hartu beharko genituzkeen. Guri gehiago interesatzen zitzaigun orografia antzekoago bat izan zezakeen eremu bat; alegia, bailarari fidelagoak izatea. Kostata, baina hartu genuen lehen erabakia izan zen Hernaniko Zikuñaga auzotik gora izango zela gure ikerketa-eremua».

Zinkuñagatik hasi eta sorlekurainoko tartean dauden 15 zentralak hartu dituzte aintzat Pagolak eta Gutierrezek haien lanerako. Energia ikuspegitik, hainbat kalkulu egin dituzte; adibidez, instalazio horiek zenbat energia sortzeko diseinatuak dauden kalkulatu dute. Errentagarritasun energetikoa neurtzeaz gain, ondorioak edo zentralen inpaktua ere neurtu dituzte, tartean, arrai-migrazioarekin loturikoak.

Sorkuntza eta ikerketa prozesua zein puntura arte iritsi den islatuko du Biteri Kultur Etxean aurkeztuko den erakusketak. Apirilaren 28ra arte izango da ikusgai. Helburu nagusia eztabaida mahaigaineratu eta hausnarketarako gonbita egitea da. Urumeako bailararen konkreziotik aipatuta, eztabaida sakonagoak edo orokorragoan bultzatu nahi dituzte; «afera ez baitira zentral hidroelektrikoak, argindarraren gaineko gogoetak ertz desberdinak ditu eta bakoitzari heltzeko muturrak asko dira».

Jaurlaritza Logoa