Live

Oihane Ozaeta eta Garazi Castaño

Dena prest Gazte Topagunerako

Azken ikutuak ematen ari dira Elorrion; badator Gazte Topagunea. Ernai gazte antolakundeak bizitzeko modu bati gorazarre eginez ospatuko du bere 10. urteurrena. Dena prest beraz, milaka gazte indepentisten bilgune bihurtzeko Elorrio.

Audio_placeholder

Dena prest Gazte Topagunerako

Loading player...
Auzolanean aritu dira Elorrion azken asteetan
Auzolanean aritu dira Elorrion azken asteetan (Ernai)

Elorrioko Udalarekin eta herriko eragile eta elkarteekin batera aritu da buru-belarri Ernai azken hilabeteetan. Eta azkenean, milaka gazte jasotzeko prest dago Elorrio. Maria Herrero alkateordearekin mintzatu da Oihane Ozaeta. Pozik dira udaletik antolakuntza lanen garapenarekin. Udalaren parte hartzea beharrezkoa dela azaldu du, zaila delako bestela halako ekimenak aurrera ateratzea. Udaletxe osoa hankaz gora jarri dute, baina gustora daude  egindakoarekin. Elkarlana nabarmendu du Herrerok.

2002eko Topagunea ere bertan ospatu zen; eskarmentua badago beraz herrian. Baita oroitzapen gozoak ere, noski. Eta horregatik, udalaz gain, herriko eragile eta norbanako mordo batek parte hartu du aurreprestaketan. Inplikazioa handia izan da.

Asteburan zehar milaka gaztek hartuko dute Elorrio. Herritarren erantzuna positiboa izan den arren, aldi berean, urduri daude. Eta ulertzekoa da Herreroren ustetan, jende asko bertaratuko baita Elorriora eta horrek halabeharrez dakarzki zaindu beharrekoak. Lasaitasun mezu bat luzatu die herritar eta gazteei. Gozatzera animatu ditu: beti ere, errespetuz. Indarkeria matxistarik onartzen ez duen herria dela azaldu du eta gazte antolakundearekin batera protokolo feminista bat diseinatu dutela.

Atseden batean harrapatu du Oihane Ozaetak Txomin Aiartza Ernaiko bozermailea. Bertan ere azken lanekin dabiltza. Gunea jendez beteta ikusteko gogoa nekea baino handiagoa da, baina. Lan handia egin dute azken asteetan. Eta oraindik ere, lan handia dute aurretik. Azken asteetako auzolanean 90 kide batu dira eta ekimenak iraun bitarte 120 lagun arituko dira antolakuntza-lanetan. Herritarrekin batera egin dute azken asteetako auzolana. Aiartzak elorriotarren jarrera aktiboa eta lagunkoia azpimarratu du eta ondorioz, bertaratutakoek herriarekiko errespetuzko eta begirunezko portaera izatea espero du.

NAIZ ere, Gazte Topagunean

NAIZ gunea izango da Topagunearen egitaraua bilduko duen guneetako bat, baina ez da bakarra izango: Atara zarata , Ezker pareta, Iturri kultur etxea, gaztetxea, basoa, Arriola antzokia… Egitarau oparoa prestatu dute datozen egunetarako.

Ostegunean goizeko 10.00etatik aurrera iritsiko dira autobusak eta 13.00ean egingo da harrera ekitaldia. Gogorarazi dute oraindik ere egunetako sarrerak zein lau egunetarako bonoak salgai daudela Bibe plataforman eta ohiko salmenta guneetan ere. Milaka gazte espero dira Elorrion; igandera bitarte, oasi txiki bat bihurtuko da herri bizkaitarra. Bizitzeko modu baten erakuslehioa izango da 2023ko Gazte Topagunea.

Jaurlaritza Logoa