Live

Pello Aizpuru: «Publikoki salatuz gero erreakzionatzen dute, bestela ez»

Pasaiako sarraskiaren baitako ikerketa txosten bat haiei jakinarazi ez izanak haserrea eragin du biktimen senideen artean. Pello Aizpuruk eta Arantxi Isartek Lakuako Gobernuaren tratua eta erantzun falta salatu dute.

Audio_placeholder

Pello Aizpuru: «Publikoki salatuz gero erreakzionatzen dute, bestela ez»

Loading player...
Pello Aizpuru eta Arantxi Izart Pasaiako sarraskiaren 39. urteurreneko lore eskaintzan.
Pello Aizpuru eta Arantxi Izart Pasaiako sarraskiaren 39. urteurreneko lore eskaintzan. (Jon Urbe | FOKU)

Pasaiako sarraskiko biktimen senideak «harrituta» gelditu dira txostena hiru urteko atzerapenarekin ezagutu ostean. Txostena Lakuak eskatu arren eta dokumentua publiko egiteko gomendioa jasoa dagoelarik, ez dute gertaturikoa ulertzen. «Ezin dugu ulertu, eta mindu egin gaitu. Haserretuta eta minduta gaude», deitoratu du Pello Aizpuruk.

Arantxi Isartek txostena nola eskuratu zuten azaldu du. Lehen bilkurak ondo joan arren, «hainbat urtez» itxaronaldian egon direla zehaztu du. Martxoaren hiruan testigantza ematera joan zirelarik jaso zuten EHUko Giza Eskubideen katedraren txostena. «Testigantzak bukatu, eta ea txostenari buruz zerbait bagenekien galdetu ziguten». Dokumentua etxean irakurri ostean konturatu ziren ikerketaren dimentsioaz. Pasaiako eraildakoen biktima izaera aztertu behar zuen taldeak ere atzerapenarekin jaso zuen dokumentua. Hala baieztatu du Isartek. «Zer esan nahi du horrek? Zertarako? Kaxoi batean gordeta edukitzeko?», galdegin du.

Pello Aizpuruk erantsi du azken hiru asteetan txostena eman zien teknikariaren bila egon dela, dokumentua nork eman zion jakiteko. Ez dietela kasurik egin salatu du. «Garbi hitz egin behar dugu. Publikoki salatuz gero erreakzionatzen dute, bestela ez. Eusko Jaurlaritzarekin elkartzen garen bakoitzean beti bada es que bat».

Jonan Fernandez eta Aintzane Ezenarrorekin izandako bilera batean, 2019ko udazkenean, agian, kasua heldu eta biktima izendapenaren ebazpena egon zitekeela, aipatu zieten. Aizpuruk dio, «zerua argitu» zitzaiela. Orduz geroztik ez dute erantzunik jaso. «Ezin da hau jasan. Kontu handirik gabe, sentsibilitaterik gabe tratatu gaituzte».

Dionisio Aizpururen anaia kexu da José Antonio Rodriguez Ranz sailburuordeak eskainitako barkamenaz. «Txostena duela hiru urte eman baligute, agian, aditu talde horrekin Nazio Batuetara edo beste erakundeetara joango ginen. Hiru urte alferrik galdu ditugu. Barkatu soil batekin konpondu nahi dute. Horrek ez du barkamenik».

Benetako borondatea

Txostenaren ondorioak dira lau hildakoen gorpuek 113 bala-zulo zituztela; «judizioz kanpoko exekuzio baten antza duen polizia-operazio» baten egitateak daudela; edota prozesu judizialaren erritmoak «agonia judiziala» eragin duela. Arantxi Isartek eta Pello Aizpuruk bat egin dute ondorioekin. Isartek zehaztu du «nahiko garbi» azaldu dela sarraskia. Aurrera egitea eskatu du, bide judizialetatik ezin bada, exekutiboaren aitortza «ofiziala eta publikoa» eskuratzeko.

Dagoeneko bertsio ofiziala «hankaz gora» dagoela ohartarazi du Aizpuruk. «Gure senideek ez zuten tiro egin. Homizidio zantzuak daude. Orduan, zeren zain dago Eusko Jaurlaritza». Joseba Merino eta Rosa Jimenoren testigantzez gain, Paco Etxeberriaren autopsia-txostena dagoela nabarmendu du. «Zer gehiago behar dute? Senideok zer gehiago egin behar dugu, kasuak behar duen aitortza jasotzeko».

Nazio Batuen Giza Eskubideen batzordeko demanda

Giza Eskubideen eta Botere Publikoen gomendioak dira txostenaren berri ematea zein Giza Eskubideen Batzordean demanda jartzearen bideragarritasuna eta komenigarritasuna aztertzea. Arantxi Isartek azaldu du Lakuarekin izandako harremanetan ez direla halako gomendioak aipatu.

Epaitegiek kasua berriro zabaldu izanak mugatu egin du Giza Eskubideen idazkaritzaren jarduna. Txostenaren bitartez, sarraskiko lau exekutatuek biktima polizial izendapena jaso izan balute, bide berriak zabaltzeko «lagungarria» izango zela aipatu du Pello Aizpuruk.

Identifikazio saioa

Hurrengo asteartean Joseba Merinok burutuko duen polizien identifikazio saioaz, ez da baikor Arantxi Isart. «Dugun esperientziatik, ez dugu esperantza handirik. Lehen ere ekarri izan dituzte poliziak deklaratzera. Aitzakiak bilatzen dituzte ezer ere ez argitzeko». Identifikazio egunean babesa lortzeko elkarretaratzea egingo dute.

 

Jaurlaritza Logoa