Live
«Indibidualizazioan bizi garen honetan, ezinbestekoa da batu eta elkar hartzea»
2019an atera zuen ‘Dantzatu madarikatuok!’ debuteko lana Assata talde arrasatearrak. Boskotea osatzen dute Jon Arribas, Arkaitz Biain, Iban Morales, Beñat Unzueta eta Jokin Zubiriak. ‘Oasia’ izeneko diskoa aurkeztu digute orain eta martxoaren 21ean, Gasteizko Parral tabernan, izango dira zuzenean.
«Indibidualizazioan bizi garen honetan, ezinbestekoa da batu eta elkar hartzea»
‘Pluralean dantzan’, single moduan agertu zen duela hilabete batzuk. Pasatako denborari erreferentzia eginaz, elkar lagundu eta ahal bada dantzatuz, hori da diozuena.
Arkaitz Biain.: Azken hamarkadan nabarmena izan da betidanik egon den joera hori ematen ari dela, indibidualizaziora goaz geroz eta nabarmenago. Gizakiak, banaka, badu osasun mental eta sozialerako konponbidea, baina oso zaila ikusten dugu eta erronka moduan hartzen dugu gauza horiei kolektiboki erantzutea.
Musikalki zuek funkyaren bueltan zabiltzaten arren, disco ukitua badu abesti honek.
Jokin Zubiria: Akorde batzuetatik abiatu ginen eta horri erritmo pixka bat sartuta, dantzarako gonbita luzatzen duen kantua da.
A.B.: Doinu beltz eta dantzagarrien bueltan gabiltza, nahiz eta beltzek duten arima hori ez dugun gure baitan. Hortaz, elementu horiek nahasten ditugu.
Katya Martinen ahotsa nabaria da beste behin, kasik taldeki bat izateraino pasatzen da, ezta?
J.Z.: Katya gainera benetako musikari bakarra dela esan dezakegu. Aurreko diskoan ekarpen bat egin zuen eta oraingoan nabariagoa da, konponketa batzuk eta egin ditu eta, bera ere gu bezain zuria den arren, ukitu dotorea eman dio.
A.B.: Gertuko pertsona izateaz gainera, bera tradizionalagoa den musikatik badator ere sekulako ekarpena egin dio diskoari.
Bigarren abestia ‘Kontuz banpiroak!’ da, sinteak eta programazioa nabarmen dituen kantua. Iñaki Bengoaren laguntzarik izan duzue horretarako?
A.B.: Oraingo honetan sinte eta programazioak nahikoa definituta eraman ditugu, ordenagailuarekin lan handia eginda eraman dugu estudiora. Perkusio tradizional eta programazio elektronikoen arteko oreka dago, diozun moduan.
J.Z.: Abestia bera pandemia garaian kokatzen da eta denok ordenagailu parean ginen orduan. Bostok eskua sartzeko aukera izan dugu konposaketan eta denon esku-hartzea nabarmentzen da hemen.
Hemen beste kontu nabaria Iban Morales platerak jo eta jo dabilela da.
A.B.: Egia da Iban jotzen oso intentsoa dela eta daukagun lokal txikian ere bizi dugu hori. Gure iragan musikalak zerikusia du hor eta punkaren zera hori ere badu.
80 eta 90etako soinuak elektronikan eta 70etako funk eta discoa daude nahastuta.
J.Z.: Eta zer kontsumitzen dugun ere ikusi behar da. Iban eta nire playlistak begiratuko bagenituzke bada denetarik entzuten dugula ikusten da, hortaz, hamarkadaz-hamarkada saltoka gabiltza eta mazedonia hori sortzen da bukaeran.
Nor dira banpiroak?
A.B.: Besteen ekarpenaz elikatzen diren pertsonak dira banpiroak.
J.Z.: Fer Apoari erreferentzia egiten diogu, berak kritika zorrotza egiten diolako musika industriaren baitan besteen kontura bizi den asko egoteari.
A.B.: Musikagintzatik bizi den gehiengoa ez da artista, kudeatzailea da, eta zilegi da. Baina ematen diren fenomeno batzuk beste sektoreetan ideologia batzuekin lotzen ditugu eta artean eta kulturan dagoen expolioaz ari garenean ez da gauza bera gertatzen.
‘Lehia’ kantua ere bide horretatik lotu daiteke. Kantua argia da dena dela, haize sekzioarekin.
J.Z.: Konponketa berena da neurri batean. Arrasateko hiru gazte dira, Peru Atxa, Marina Garmendia eta Jurgi Iraola, eta guk proposamena bidali genien. Bi egunetara estudioan ziren grabatzen.
Beste kolore bat du kantuak, esaten nuen moduan.
A.B.: Souleroagoa izatea nahi genuen kantua eta argi hori hortik etorriko da.
Xabi Alonso aipatzen duezue ‘Gentleman’ kantuan, baina izena aldatu zitekeen lasai asko.
J.Z.: Askotan eredugarri izan diren gizon, zuri eta heteroaz ari gara, gu ere izan garenak nahi gabe, zapaldua eta zapaltzaile izan garelako kontziente izan gabe. Urrun daudenean errez identifikatzen dira, baina gertu ditugunean askoz ere gehiago kosta zaigu.
Horri paternalismoa ere gehitu behar zaio. Jaso ditugun balio askotatik desikasten gehien kosta zaiguna hori al da?
A.B.: Egia da maskulinitate berriaz asko hitz egiten dela eta asko aldatzen ari garela, edo omen garela, baina finean hain barneratuta ditugun kontuak dira, betiko kontuetan erortzen garela. Kontuz ibili behar dugu ea maskara bat jartzen ari garen edo ez konturatzeko.
Teklatuetan berotasun asko transmititzen da R&B estiloko kantu honetan.
J.Z.: Bai, nahiz eta gero, finean, nahiko sinplea den exekuzioa. Hiru akorde dira eta bere sinpletasunean funtzionatu egiten du. Oinarri homogeneo bat sortzen da eta Arkaitzek horren gainean esaldi luzeagoak, rap mundukoak, abesteko aukera ematen du. Bigarren planora pasatzen da une horretan teklatua eta asko betetzen du. ‘Gutxiago gehiago da’, asko aipatzen den fenomeno hori gertatzen da. Aurreko kantuan geruza askoz ere gehiago daude, adibidez.
Geruza horiek planoetan jartzerakoan, erritmoa markatzen dutenak oso aurrean jarri dituzue.
A.B.: Nahita egindako kontua da, soinu baten bila. Baxuak askotan ahotsa baino protagonismo gehiago du, ahotsa bera ere ez delako pop garbiaren ekoizpenetako modu berean tratatu.
Assata Shakurren omenez taldearen izena eta oraingoan ‘Jackie Shane’ deitzen den abestia ere baduzue:
J.Z.: 70etako emakume beltz bat da eta Arkaitzek kontatu zidan nor zen.
A.B.: Kapitalismoari apologia eginaz, Googlen bilaketa batean topatu nuen. 70etako soul munduko emakume transexual beltza zen, eta ibilbide bat egiteko aukera izan zuen jakinda zapaldua izateko ezaugarri denak zituela. Bere musika iritsi zaigu eta hortaz askatasun indibidual eta kolektibo guzti horiek biltzen zituen kantua da hau.
Bateriaren erritmika batzuk lekuz kanpo utzi naute.
A.B.: Ez daukat oso garbi, baina prozesuan mila aldaketa eduki ditzake zati bakoitzak, intentziorik gabe askotan. Saiatzen gara kantu bat eta bestea desberdinak izan daitezen, konponketan edota estiloan.
J.Z.: Sorkuntza hori ziurrenik besteak afinatzen ari diren bitartean sortuko zuen Ibanek, berezko sena duelako isiltasunak betetzen joatekoa Ibanek duena.
A.B.: Oteitzaren filosofiaren kontrara doa, hutsunerik ez da esistitzen Ibanentzat.
‘Norbait izan nahian’ kantuan electroswing ukitua ere badago, ezta?
J.Z.: Egia da musikaren atal hori baduela eta jungle estilotik ere baduela akaso, nahiz eta orain arte ez nintzen hori pentsatzen jarri. Soinu bankuetan maxiatzen ibiltzen gara eta hori ere bilaketa horretan sortuko zen.
Andoni Iñurrategi ‘Pottoko’-k kolore desberdina ematen dio kantuari.
J.Z.: Never Surrenderreko garaietatik bai jarreran, mezuetan eta egiteko moduetan erreferente izan da. Jon kantu honen amaierarekin maiteminduta dago, Katyak eta Iraitz Agirrek ere parte hartzen dutelako hemen.
A.B.: Hauekin espreski batu gara bestelako jarrera eta eredu batzuen bueltan aritu diren musikariak direlako, mezua eraikitzeko garaian garrantzitsua da hori ere.
Mediokre izateari gorazarre egiten zaio?
A.B.: Bai noski, hori ere badago eta abanderatu gisa jartzen gara hor. Baina eliterako aspirazio hori izan beharra dugula saltzen digute eta, modu batean edo beste batean, maila horretan ez egotea etortzen zaigu ispilu aurrean jartzean. Denok berdinak garela hor, hori da esan nahi duguna.
Sistema bera da ‘Munstroa’?
A.B.: Bai, eta baita sistema barruko egitura eta pertsona batzuk ere.
J.Z.: Orain electroswinga entzuten nabil toki guztietan, barkatu.
A.B.: Akaso hori izango da hemendik aurrera gure munstroa. Hemengo hitzak poetikoagoak dira, ez dira hain zuzenak, baina bada gure egunerokotasunean, gura edo ez, elikatzen gabiltzan munstro bat badela. Indibidualizazioan bizi garen honetan, munstro honi aurre egiteko ezinbestekoa da batu eta elkar hartzea.
Zenbat kosta zaizue elektronikoaren eta organikoaren arteko oreka mantentzea?
J.Z.: Eta hor bada beste erronka bat Anger taldean 19 urtez distortsioaren munduan ibili den gitarra jotzailea dugula taldean, orain gitarra erabat garbi jo behar duena. Dena ezkontzen lan asko izan dugu, nahasketetan zer esanik ez. Elkarren artean elkarrizketa asko izan ditugu gauzak nola utzi hitz egiteko.
A.B.: Beñati bere ekarpena aipatzeko, esan erronkaren tamainako erantzuna eman duela. Gitarra azpiko planoan dago baina sekulako ariketa egiten du elegante entzuteko eta bere tokian egoteko. Assatan organikoa eta elektronikoa, biak maite ditugu, baina ikasten ari gara teknikoki eta azken emaitza lortzeko bidean, ikerkuntzan gabiltza eta xumetasunetik ikasten gabiltza. Zuzenekora eramatea ere erronka polita izango da.
Diseinu oso garbia aukeratu duzue, baina dotorea aldi berean.
A.B.: Gure bidelagun garrantzitsua Unai Bergara da diseinua egiterakoan. Diskoa naturalean uztea bere ideia izanda, baita Dosis ekoiztetxearekin elkarlana egitea ere. Haiekin jarri ginen harremanetan eta lan prozesuarekin eta emaitzarekin oso pozik geratu gara, bai diseinuarekin eta baita bideoarekin ere.
J.Z.: Gero egia da sorkuntzarako erabat beren eskura uzten dugula nahi dutena proposatzea. Ez ditugu kontratatzen ditugun batzuk bezala ikusten, gurekin elkarlanean dabiltzanak dira; ez da guretzat egin duten zerbait baizik eta gurekin egin dutena.
‘Opio berriak’ kantuan dator ‘Oasia’ hitza bera ere. Diskoa ateratzea eta kontzertuak zer dira, oasi modukoak zuentzat?
J.Z.: Aitortza moduko bat da. Lagunartean disko bat sortu, ekoitzi eta grabatzea edota entseatu eta kontzertuak ematea, oasi bat dira gure egunerokoan eta horri abestu nahi genion, nahiz eta kritika bat ere baden, ustezko zoriontasun bat erakutsi nahian gabiltzalako inguruneak itota gauzkan bitartean. Bakoitzak bere oasiak izango ditu eta oasi baten atzetik ibiltzeak itotzen duen edo ez norberak ikusiko du, oasiak osasungarriak diren edo ez.
A.B.: Dualidade hori bilatzen genuen, oasia bere zentzu puruenean eta isladapenen kontu hori.
Kontzertuak noiz datoz?
A.B.: Martxoa bukaeran astea da gure nahia, aste honetan bertan Jon aita izan delako eta familia eta gu egoera berrira moldatu behar garelako. Martxoaren 21ean Gasteizko Parral tabernan izango gara eta, gero, Gernika, Ziburu, Arrasate eta abar agendan ditugu eta aterako dugu kartela. Orain, bitartean, entseatzen gabiltza.
Gogotsu zaudete, hortaz.
J.Z.: Aurreko diskoa atera genuenean pandemiak harrapatu gintuen, 2019an diskoa atera eta 2020an etxean ginen ogia egiten eta komuneko papera erosten. Espero dugu oraingo honetan diskoa zuzenekoetan aurkezteko aukera izatea.