Live

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Kolektiboak, gaztetasuna eta elektronika

Lau proposamen ekarri dizkigu aste honetan ere Iker Bárbara kazetari bilbotarrak Zarata tartea osatzeko. Lauek ere lotura dute beren artean, gazteen freskotasuna dutelako, elektronikaz baliatzen direlako batez ere, eta kasik kolektibo moduan funtzionatzen dutelako guztiek.

Audio_placeholder

Kolektiboak, gaztetasuna eta elektronika

Loading player...
Malentxo Zeberio, Maitane Iruiñ eta Mattin Zeberio dira MIrua osatzen dutenak.
Malentxo Zeberio, Maitane Iruiñ eta Mattin Zeberio dira MIrua osatzen dutenak. (MIRUA)

Urtaro aldaketarekin, musika berriaz gainera, ohikoak dira lehiaketak eta sariketak, eta hortaz zerbait badaki Iker Bárbara Zarata Mondosonoro aldizkariko arduradunak: «Aurreko astean hasi ginen Villa Sound sariketarekin, ostegunero Bilborocken egiten direnak. Jende oso gaztea da bertan parte hartzen duena eta ni bezalako ‘zahar’ batentzat oso interesgarria da bertan zer egosten den ikustea eta hortik ikastea».

Mutiko x Denso - Game Boy

Arrasate eta Aramaioko bikoa osatzen dute Mutikok eta Densok eta Tattarekin eta Etxepe kolektiboarekin batera bira bat antolatu dute. Hurrengo geldialdia Bilboko Kafe Antzokian izango da, ostegun honetan, martxoaren 16an. «Singleak aurkeztuz ibili dira eta, publikoaren erantzuna ikusi ostean, pixkanaka, emaitza hobeak kaleratu dituztela nabaritu da, profesionalago edo garatuagoak diren abestiak eta bideoklipak kaleratuz. Diskoa atera dute berriki, bideoklip interesgarriekin. Gauzak egin behar diren moduan egin dituzte, hobby moduan hasi eta hazten joan den proiektua. Trapa, elektronika, hyper-popa edota doinu urbanoak nahasten dituzte eta inda handia hartzen ari den zirkuitu baten parte dira. Aurreko astean atera zuten ‘Game over’ diskoa, entzuteko modukoa. Gomendagarria baita ere abestiaren bideoklipa ikustea», dio Iker Bárbarak.

Mirua - Goizean oskorri (Tatxers cover)

Mirua talde berezi moduan aurkeztu zigun bere garaian kazetari bilbotarrak, oraingoan gainera beste talde esanguratsu baten bertsio batekin datoz. «Tatxers talde nafarra bera ere oso berezia da, post-punk benetan interesgarria egiten dutelako. Miruakoen coverrak La Elite talde katalana ekarri dit gogora, azken bost hilabeteetan bi aldiz izan dena Bilbon, punk berria egiten dutela diotelako. Punk jarrera eta erritmoa dute, baina soinu guztia elektronikoa da eta jendea zoratu egiten da haien kontzertuetan. Miruakoek bertsio ravero bat egin dute Tatxersen kantuarekin eta erakutsi dute gauza delikatuekin soilik ez direla ibiltzen jolasean, zaplasteko galanta eman diote beren inguruan aurreiritziak zituen edonori», azaldu digu Zaratako arduradunak.

Suave x Aymí - Sta. Agueda

«Duela bi urte ezagutu genuen Villa Sound Bilbao sariketan Suave, orduan kolektibo moduan aurkeztu ziren. Batzuk musika egiten zuten, beste batzuk bideoklipak edo bestelako gauzak. Popa eta estilo elektronikoak bikain uztartu zituen ordurako. Orain diskoa atera du, eta Bartzelonako Pau Aymí ekoizlearekin egin du aukeratu dudan kantu hau, abesti tradizional bat berritu du. Euskal Herrian asko egiten ari dira euskal folk musika eta abangoardiako elektronika nahastearena, eta hau beste adibide bat da horren baitan. Ostegun honetan, 16an, Punto Cero zikloa hasiko da BBK aretoan, Bilbon, eta Trashi artistarekin batera izango da bertan Suave», gogorarazi du Iker Bárbarak.

Etxepe - Alboka (ft. Gozategi)

Abenduaren 20an eta kasualitatez ezagutu genituen NAIZ Irratian Etxepe taldekoak eta jabetu ginen zerbait interesgarria mugitzen ari zela Arrasate inguruan, hala, Beste Bat saioetan parte hartzera gonbidatu genituen Etxepekoak. «Arrasate eta Aramaioko lau kide dira eta Chill Mafia agertu zen moduan hit izugarri batekin agertu ziren sareetan. Gozategiren musika entzuten da, nahikoa soinu tradizionalarekin irekiz kantua, eta atzetik zati kluberoa dator. Euskal Herriko festa askoren arima ordezkatzen duela esango genuke nahikoa nabarmen, festa egun baten kronologia irudikatu dezakegulako. Lehen esan dugun moduan, ostegun honetan Bilboko Kafe Antzokian izango dira, eta, hurrengoan, martxoaren 23an, Jimmy Jazzen eskainiko dute emanaldia», bukatu du Zarata edizioko arduradunak.

Jaurlaritza Logoa