Live

Peli Lekuona | Maite Bidarte

Urumea ibaiaren bazterrean bada eskola bat… garaian emakumeen kartzela izan zena

1936ko kolpearen ostean milaka atxiloketa egin zituzten matxinatuek eta ez zuten presoak non sartu. Hainbat eraikin behin-behineko espetxe bihurtu ziren. Donostiako Prim kaleko 33. zenbakiko San Jose eskola da horietako bat. Emakumeen espetxe izan zen babes etxe hura.

Audio_placeholder

Urumea ibaiaren bazterrean bada eskola bat… garaian emakumeen kartzela izan zena

Loading player...
San Jose babes etxean egondako hainbat emakume, gunea espetxe zelarik.
San Jose babes etxean egondako hainbat emakume, gunea espetxe zelarik. (Donostiako Udala | NAIZ Irratia)

1936ko gerraren osteko errepresio gogorrak milaka herritarren atxiloketa eta espetxeratzea eragin zuen. NAIZ Irratiko ‘Hemen Gertatu Zen’ saioan Donostiako San Jose eskolan egin dugu aste honetako geldiunea Iñaki Egaña historialariaren laguntzaz. Emakumeen espetxe bihurtu zuten matxinatuek.

Hari horri tiraka gerra osteko beste hainbat emakumeren espetxeak izan ditugu hizpide, Saturraran, adibidez; eta baita 1936ko kolpeak emakumeen paper sozialean izan zituen eraginak eta horiek gerran eta borrokan izan zuten protagonismoa ere.

Saioaren bigarren zatian, 1916an Donostian izan zen lehen greba orokorra izan dugu hizpide, Josetxo Otegi historialariarekin. 

Hainbat eraikin konfiskatu

Goizeko hamaikak dira, umeak patioan daude, San Joseko eskolaren aurrean gaude. Plaka bat dago bertan, sei emakumeren argazkia duena. Etzanda dagoen enbor baten gainean eserita daude bi, besteak atzean zutik, seiak daude argazkilariari begira, seiak preso San Joseko espetxean.

Eraikin berezia da, karratua, harrizko pareta mardulak ditu eta hiru solairu. 1903an ireki zituen ateak babes etxe gisa. Maria Cristina erregina ere izan zen bertan. Gerran, ordea, emakumeen kartzela bihurtu zen denboraldi batez.

1936ko irailaren 13an matxinatuak Donostian sartu zirenean, agintari berriek hartutako lehen neurria atxilotze masiboak egitea izan zen, ideologia bereizi gabe. Ondarretako espetxeak gainezka egin zuen eta presoak sartzeko lekua behar zutenez, hainbat eraikin konfiskatu zituzten, tartean Prim kaleko babes etxea.

Pilar Gartziandia

Pilar Gartziandia 17 urterekin atxilotu zuten. Tolosako espetxean sartu zuten lehenengo, ondoren Ondarretan. Gaur 100 urte inguru izango zituen. Berak kontatzen zuenez, beste kide batzuekin batera Ondarretatik atera zuten. Bere garaiko senargaia ere, Andres, bertan zegoen atxilotua eta fusilatu egin zuten.

Tolosan sortu zen Pilar eta gazte batu zen gazte sozialistekin. 92 urte betetzear zela elkarrizketatu zuen Paco Etxeberriak, eta Aranzadik bildu zuen testigantza. «San Jose babes etxean oso ondo egoten zen», aitortu zuen.

Gutxi iraun zuen oasi hark. Han zeudenak atera eta lagun gutxi gelditu zirenez berriz Ondarretara eraman zituzten. Bertan izan zen epaitua Gartziandia; 20 urteko kondena eskatu zuten berarentzat, baina azkenean hiru urte eman zituen kartzelan.

Espetxean zegoela Saturraranera eramango zituztela uste zuten. Eskola ugari erabili ziren espetxe gisa Euskal Herrian, baita moja konbentuak ere. Bilbon, Eskolapioak espetxe bihurtu zituzten, Deustuko Unibertsitatea ere bai. 19-20 emakumezko San Jose babes etxera eraman zituzten, jakinarazi du Egañak.

Espetxe bihurtu bazen ere, babes etxe izaerari eutsi zion. «Kontrajarria da, atxilotuak zeuden alde batetik, bestetik umezurtzak». Saturrarango espetxea 1938ko otsailerako ireki zuten, hortaz, bost bat hilabete iraun zuen San Josek kartzela bezala.

Saturraran

1938tik 1940ra milaka emakume eta haur kartzelatu zituzten Saturraranen, bizi baldintza tamalgarrietan. Momentu batean 1.600 izatera iritsi ziren eta kalkulatu denez, bakoitzari 45 zentimetro lur zatia zegokion lo egiteko.

Euskal Herrian, 1937ko ekaina eta abuztua bitartean 60.000 atxiloketa inguru izan zirela azaldu du historialari donostiarrak. Horietatik %10 emakumeak ziren. Une batean, penintsula osoan 15.000-18.000 emakume preso izango ziren. Ipar frontea oso indartsua izan zen: Bizkaia, Kantabria, bereziki Asturias.

Toki handi bat behar zuten emakumeak preso hartzeko. Zornotzako espetxea erabili zuten hasieran, baina txiki geratu zen eta Saturraranen espetxe berezi bat sortzea erabaki zuten. Berezia ez zelako espetxe bat, gune bat zen hotel ezberdinekin, baina hotelen luxutik oso urrun. Jatorriz bainuetxea zen. Jabeek, negozioa gainbehera zihoala ikusita, elizbarrutiari eman zizkioten eraikinak.

Ondarretatik eraman zituzten bertara emakume gehienak, gero Galiziatik, Bizkaitik, Kantabriatik eta batez ere Asturiasetik. 116 emakume hil ziren murru horien artean.

Jose Angel Mendia

Jose Angel Mendiaren ama irakaslea zen, eta beste hainbat ofizio kide bezala espetxeratua izan zen bera ere. Jose Angelek, orduan umea bazen ere, ederki oroitzen du amari egin zion bisita hura. «Lonja bat zegoen, hara joaten ziren preso guztiak. Amak ‘yo quiero abrazar a mi hijo’ esaten zuen denbora osoan. Soldadu bat zebilen erdian buelta-bueltaka, eta militarrari esan zion ‘esa señora está todo el tiempo diciendo que quiere abrazar a su hijo’. Etortzeko esan zidan: ‘Chaval, te pones aquí, por aquí va a pasar tu madre’», kontatu du Jose Angelek.

Frankismoak atzerapauso bat ematera behartu zituen emakumeak, gizonaren itzalpean egotera, rol bat jarriz: etxekoandre izatea. Bigarren Errepublikan aurrerapauso batzuk emanak zituzten: botoa emateko aukeran, hezkuntzan. Baina, Egañak esplikatu duenez, «alde batetik ez zen denborarik izan gauza gehiago aurreratzeko, eta bestetik mende batzuetako egoera eta nortasuna ez daitezke bizpahiru urtetan aldatu».

Gerrak eztanda egin zuenean, ikaragarrizko atzerapena gertatu zen. «Ez dut esango erdi arokora itzuli zirenik gure amonak, baina bai antzeko eredu batera, gauza guztietarako behar zuten senarraren babesa». Gizonei mendeku hartzeko ere erabiltzen zituzten emakumeak, euren amak edo emazteak atxilotuz eta zigortuz eurei min egiteko. Fusilatu ere egin zuten ama bat, 60 urterekin, ezer egin gabe.

Jaurlaritza Logoa