Live

NAIZ Irratia
Interview
Gorka Bueno
Ekopol ikerketa taldea

«Zubietan kontrol automatikoa ez egotea oso larria da Administrazioaren aldetik»

Txosten batek akatsak eta legez kontrako praktikak identifikatu ditu Zubietako errauskailuan. 2020 eta 2021 urteen artean errauskailuaren jarduera aztertu du Gorka Bueno ingeniariak eta EHUko Ekopol taldeak argitaratu du lana. Ikerketaren xehetasunak azaldu ditu Buenok NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

«Zubietan kontrol automatikoa ez egotea oso larria da Administrazioaren aldetik»

Loading player...
Zubietako errauskailua.
Zubietako errauskailua. (Gorka RUBIO | FOKU)

Nortzuk egin duzue azterketa?

Azterketa neuk egin dut, neu naiz egilea. UPV/EHUko Ekopol ikerketa taldeko kidea naiz; Bilboko ingeniaritza eskolako irakaslea naiz, eta urte batzuk daramatzat hondakinen tratamendu-plantetako funtzionamenduaren jarraipena egiten.

Nordik atera dituzu aztertutako datuak?

Erabilitako datu gehien-gehienak datu publikoak dira, ingurumenari lotutakoak direlako. Datu batzuk neuk eskatu dizkiot Administrazioari; beste batzuk, beste eragile sozial batzuek eskatutakoak dira, eta niri pasatuta, GuraSOS elkartearen bidez.

Ze datu dira horiek?

Datu horiek dira SMEC izenekoak Zubietako errauste plantan 2020 eta 2021ean sortutako datuak.

Zer da SMEC?

SMEC da Sistema de Medición de Emisiones en Continuo delakoa. SMEC da sistema automatiko bat, errausketan sortutako hainbat substantzia kutsatzaileren isurketak neurtzeko, modu jarraituan. Substantzia horiek dira karbono monoxidoa, sufre eta nitrogeno oxidoak, partikulak, karbono organikoa, azido klorhidriko eta fluorhidrikoa, eta merkurio. Horrekin batera, hainbat tenperatura, gasen fluxu, eta beste kontzentrazio batzuk ere neurtzen dira, oxigenoa, ur lurrina nahiz amonioa. Erregistro horien bidez, gainera, posible da jakitea ea une zehatz batean errauste planta hondakinak errausten ari den ala ez.

Neuk eskatutako neurketak ordu erdiro erregistratzen dira. SMEC delakoa konektatuta dago zuzenean ingurumen organoarekin, Eusko Jaurlaritzan, eta horrek Zubietako isurketen erregistroa jasotzen du zuzenean.

Zer egin duzu datu horiekin?

Datuak prozesatu ditut, eta egiaztatu dut ea Zubietako plantak araudia betetzen duen, alde batetik; eta bestetik, egiaztatu dut ea ingurumen organoak beharrezko neurriak hartzen dituen ala ez, kontuan hartuta zer gertatzen ari den instalazioan.

Zenbat datu daude?

Guztira, milioi bat datu baino gehiago daude. Jasotako datu horiek guztiak eskuragarri daude txostenaren bidez, EHUko dokumentuen zerbitzaritik deskargatzeko, esteken bidez. Edonork kalkulu-orriak deskargatu ahal ditu, eta datuak zuzenean ikusi, nire kalkuluekin batera.

Txostenean zer jasotzen duzu?

Txostenean jasotzen dut, alde batetik, jatorrizko datuak, SMEC-ek egindako neurriak; gero, errauste planta honetan aplikatu beharreko araudia jasotzen dut, ondo ulertzeko instalazioak nola funtzionatu behar duen, alde batetik; eta bestetik, nire kalkuluak eta ondorio nagusiak jasotzen dira. Esteka asko daude txostenean zehar txertatuta, kalkulu-orriak eta beste dokumentu batzuk deskargatzeko, eta araudiaren testu osoak ikusteko. Posible den neurrian, saiatu naiz informazio nagusia tauletan biltzen, eta gauzak era erraz batean azaltzen.

Noiz hasi zen errauste planta hondakinak errausten?

Ez dago argi. Funtzionamendu operazionala 2020ko uztailaren 16an hasi zen ofizialki, Ingurumen Baimen Bateratuaren eraginkortasuna, efektibitatea, hasi zenean. Baimen horrek instalazioak ondo funtzionatzeko baldintza zehatzak ezartzen ditu, kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzko Europako araudian oinarrituz. IPPC delakoa da araudi hori.

Baina aurrerago ere, plantak hondakinak erretzen zituen. Lehenengoak 2019an erre omen zituen. 2020an, otsailetik ekainera arte, hondakin asko erre zituen bi lineatan. Zubietan bi labe daude, hondakinak errausteko; sorkuntza elektrikoa bakarra da bi labeentzat, baina bi errausketa-galdara desberdin daude plantan.

Administrazioak dio 2020ko ekaina baino lehen errauste planta probetan zegoela. Nik arazo bat daukat honekin. Baimena eraginkorra zen ekainetik aurrera, eta orduan argi dago zein arau aplikatu behar ziren. Baina ez dakit zein arau aplikatu behar zen probetan, kontuan hartuta, gainera, proba horietan hondakin asko erre zituztela. Linea batek, %100ean, hilabete batean 9 mila tona hondakin errausteko gaitasuna dauka; lehenengo lineak, 2020ko otsailean ia 4 mila tona erre zituen, eta 2. lineak martxoan ia 6 mila tona.

Funtzionamendu erregimen hori ez zait iruditzen probetakoa denik. Baina berriro diot, ez daukat argi zein araudi aplikatu behar den tarte horretan. Gainera, badirudi proba horietan isurketen neurri zuzentzaile batzuk ez zeudela instalatuta, martxan (medidas correctoras de las emisiones).

Horregatik, nire kalkulu guztiak bananduta daude hiru denbora-tartetan: probetako fase hori, 2020ko ekainera arte; hortik aurrera 2020an; eta gero 2021. urte osoko funtzionamendua.

Eta zer ondorio atera dituzu?

Datuak hainbat ikuspegitatik aztertu ditut. Araudiak esaten du plantak ezin duela isurketa-maila zehatz batzuk gainditu. Gainditze horiek zenbatu ditut, denbora-tarte bakoitzean. 2020ko bigarren zatian eta 2021. urte osoan, baimena jada eraginkorra denean, 100 gainditze baino gehiago detektatu ditut. Probetako fasean gainditzeak 1900 baino gehiago dira, funtzionamendu arrunteko mugak kontuan hartuta.

Gainditze horietako bakoitza ezohiko funtzionamendua da (funcionamiento anómalo), eta araudiak esaten du kasu horretan hondakinak labe barrura sartzeko sistema itxi behar dela. Horrek eragiten du errausketa-prozesuaren etetea; geldialdi hauek neurketetan erregistratuta geratzen dira.

Datuak aztertuz, honako hau ikusi dugu: Fase operatiboko 100 gainditze horietatik, 23tan errausketa prozesua ez da gelditzen. Hori, araudiaren ez-betetze bat da. Gainditze horiek ezohiko funtzionamendua izanik, administrazioari jakinarazi behar zaio, baina horren arrastorik ez dugu aurkitu dokumentazioan. Fase operatiboan ia 200 geldialdi erregistratu ziren, eta probetako fasean 59. Horrela funtzionatzea, ez dator bat Europako araudiak ezartzen duenarekin.

Txostenean esaten duzu Zubietan falta dela kontrol automatiko bat, eta hori oso larria dela. Azalduko duzu hori, mesedez?

Noski. Errauste plantetan badago urrezko arau bat: hondakinak beti erraustu behar dira 850ºC baino gehiagoko tenperatura batean, gutxienez bi segundoz. Instalazioan funtzionamendu anomalo bat gertatzen denean, errausketa prozesua gelditu behar da, baina lehenengo, labean dauden hondakin guzti-guztiak erre egin behar dira.

Arazo bat gertatuz gero, labe barruan dauden hondakinak ezin dira erraustu gabe atera; errausketa bukatu behar da, urrezko araua da hori. Eta hondakin gehiago ezin dira labe barrura sartu. Funtzionamendu hori gauzatzeko, hondakinak labe barrura sartzeko kontrol automatiko bat dago, eta ezohiko funtzionamendua gertatzen denean, hondakinen sarrera automatikoki itxi egiten dela. Itxi egiten da tenperatura 850ºC-tik jaisten denean, edo itxi behar da isurketen gainditze bat gertatzen denean.

Sistema automatiko horiek instalatuta egon behar dira instalazioan, eta ingurumen organoak egiaztatu behar du horrela dela.

Dokumentazioa aztertuz, honako hau egiaztatu dut: Alde batetik, instalazioak, gobernuari egindako komunikazio batean, onartzen du isurketen gainditzearen kontrol automatikorik ez dagoela, ingurumen baimenaren eraginkortasuna ebazten denean. Instalazioa martxan jartzeko ezinbesteko baldintza zen hori, eta hala ere, gobernuak eraginkortasuna ebazten du. Beste alde batetik, erregistroak ikusita, ikusi dut kontrol automatikoak ez duela funtzionatzen, hau da, nahiz eta gainditzeak gertatu, instalazioak errausten jarraitzen du; 15 aldiz gertatzen da hori 1. linean, eta 8 aldiz 2. linean.

Beraz, ematen du 2021eko uztailera arte, Zubietan ez zegoela martxan araudiak funtzionatzeko exijitzen zuen kontrol automatiko hori. Oso larria da hori, bai instalazioaren aldetik, eta baita kontrola egin behar duen administrazioaren aldetik ere.

Txostenean instalazioaren isurketa totalak ere kalkulatu dituzu. Zer ondorioztatu duzu?

Neurketa jarraituak eskuragarri daudenez, posible da, kalkuluak eginez, isurketa totalak bi urte hauetan kalkulatzea. Eta kontu oso interesgarriak atera dira. Lehenenik eta behin, egiaztatu dut probetan isurketa oso handiak gertatu zirela. Oso deigarriak, printzipioz probetan zegoen instalazio baterako. Baina logikoa, isurketen neurri zuzentzaile batzuk jarri gabe baldin bazeuden.

Neurketen bidez posible denez jakitea ea errausketa martxan edo geldirik dagoen, isurketak kalkulatu ditut funtzionamendu arruntetik kanpo, hau da, labeak gelditu eta martxan jartzen direnean. Eta ikusi dugu isurketa horiek oso handiak direla, batez ere 2020. urtean eta substantzia batzuetan. Funtzionamendu hori ez dator bat Europako araudiak eta gomendioek esaten dutenarekin. Ematen du Zubietako errauste plantan egiturazko arazoak zeudela urte horietan.

Eta zer gertatuko da orain txostenarekin?

Txostena publikoa da, eta espero dugu ahalik eta gehien zabaltzea. Nire aldetik, prest nago horren edukia azaltzeko, adibidez gaur zuekin egin dudan bezala. Uste dut nire agerraldia eskatu nahi dutela bai Eusko Legebiltzarrean, bai Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Hara joango naiz, eskatzen badidate.

Bitartean instalazio hauen jarraipena egiten jarraituko dut. Etorkizunean txosten gehiago atera daitezke.

Jaurlaritza Logoa