Live

Maria Luisa Garcia: «Ez da nire ardura Odonen erabakia epaitzea»

«Ilusio handiz» hartu du PSOEko diputatu kargua Maria Luisa Garcia Gurrutxagak. Aurrerantzean bera izango da Odon Elorza ordezkoa. «Ustekabean» jaso zuen Donostiako alkate ohiaren dimisioa.

Audio_placeholder

Maria Luisa Garcia: «Ez da nire ardura Odonen erabakia epaitzea»

Loading player...
María Luisa Garcia aulkia hartu berritan, Patxi Lopez, PSOEren Kongresuko eledunarekin.
María Luisa Garcia aulkia hartu berritan, Patxi Lopez, PSOEren Kongresuko eledunarekin. (PSE-EE Gipuzkoa.)

«Sorpresa handia izan zen. Alde batetik, penaz. Denok dakigu Odonen ibilbidea ze oparoa eta luzea izan den. Bestalde, arduraz eta erantzukizunez». Maria Luisa Garciak ez zuen aurreikusten PSEko diputatua izango zenik. Ordezkatzen duen Odon Elorzaren jarduna balioan jarri du NAIZ irratiari eskaini dion elkarrizketan. Aurrekoaren ibilbideari «ukitu propioa» emango diola, onartu du.

Garciak ibilbide propioa egin nahi du, eta «gipuzkoar guztien aldeko» ekarpena eskaini. Dimisioa aurkezteko Odon Elorzak aipatu zituen «ideien erabilgarritasunaz», hautetsi berriak ez du baloraziorik egin.«Ez naiz kongresuan egon orain arte. Ezin dut gehiago esan. Ez da nire ardura Odonen erabakia epaitzea».

Hezkuntza mundutik dator Maria Luisa Garcia. «Erabaki gabe» dago ze komisiotan parte hartuko duen. Hala ere, nabarmendu du «sentsibilitatea eta interesa» duela hezkuntza eta gai sozialetan.

Diputatuak EAEko Hezkuntza akordioaren balioa azpimarratu du. Ezagutzen diren lege-aurreproiektuetan badagoela zer eztabaidatu onartu arren, «optimista» da hautetsia. «Itunean bertan jartzen duena legean garatzen bada, bide onetik joango gara», nabarmendu du.

«Zulo juridikoak itxi egin behar dira»

‘Soilik bai da bai’ legea «oso ona» dela adierazi du PSOEko diputatuak, «disfuntzioak» izan arren. «Horiek aitortzea, saihesten saiatzea edo hobetzea beti izango da ona». Halaber, gezurtatu du alderdi popularrarekin akordioa dutenik edo baieztapena kenduko denik. «Onespena ez da ukituko. Gainera, alderdi popularrarekin omen dagoen akordio edo itun hori ez dago. Ez da egia».

Arrakala zabaldu du legeak PSOE eta Unidas Podemosen artean. Hala ere, Maria Luisa Garciak ziurtzat ematen du akordioa. «Ez ditut hainbeste tirabira ikusi. Atzo bertan, gehiengo progresistak bi lege pasatzea lortu zituen: animalien ongizatea eta kooperazioa. Hortaz, agenda aurrera doa. Tirabirak daude? Bai, koalizio gobernuetan tirabirak daude, baina, ministroak esan duen bezala egongo, egongo da akordio bat dudarik gabe».

Jaurlaritza Logoa