Live
Hiru hamarkada pasatxoko ibilbidea egin duen jaialdia da Bertsoaroa. 1991.an ospatu zen lehen edizioa eta urte horietan guztietan zehar, moldeak bai, baina helburua ez da aldatu.
Bertsoaroa bertsolaritzaren garapenaren isla da. Bertsogintzan dagoen aniztasuna eta eman diren aldaketak barnebiltzen erakusten ditu. Nafarroako bertsogintzari dagokionez, garapena izan dela uste du Perezek, eta hori ere antzeman ahal izango da aurtengo edizioan.
Ostegunean hasiko da eta guztira, sei ekitaldi antolatu dituzue. Bertso jaialdiak irekiko du egitaraua. Kantuan arituko diren bertsolariak Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Julio Soto, Miren Artetxe eta Saioa Alkaiza izango dira. Nafarroako Antzerki Eskolan 19:00etan hasiko da emanaldia eta aurretik, 18:30ean, Iruñeko III. Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa ekitaldia ospatuko dute.
Otsailaren 15ean bertsolari gazteen txanda izango da. LABAn ospatuko da bertso-saioa, arratsaldeko 19:00etan. Bertan izango dira Beñat Astiz, Bittori Elizalde, Eki Mateorena, Irantzu Idoate, Izaro Bilbao eta Maddi Agirre. Iratxe Muxikak jarriko dizkie gaiak. Hurrengo egunean, 19:00etan, Igor Elorzak eta Rafa Ruedak ‘Anonyme Popular’ ikuskizuna eskainiko dute Nafarroako Antzerki Eskolan.
Otsailaren 18an ‘Bertso jasa, bat-bateko jolasa’ 8-12 urte arteko haurrentzako bertso-tailerra eskainiko dute Ainara Ieregi eta Iker Gorosterrazu bertsolariek Arrosadiako Civivoxen, 11:00etatik aurrera.
Otsailaren 23an bigarren bertso jaialdia ospatuko da, 19:00etan Nafarroako Antzerki Eskolan. Aitor Bizkarra, Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Joanes Illarregi, Maddi Ane Txoperena eta Sarai Robles bertsolariek hartuko dute parte, Maialen Belarrak gidatuta.
Amaitzeko, ekitaldi berezi bat antolatuko dute martxoaren 2an Geltokin. Bertso afari sentsoriala eskainiko dute Alazne Untxalo, Nerea Ibarzabal, eta Sustrai Colinak. Ander Aranburu arduratuko da gaiak jartzeaz.
Ekitaldietarako sarrerak eskuragarri daude jada. Antzerki Eskolako emanaldietarako Nafarroako antzerki eskolako webgunearen bitartez eskuratu beharko dira. 14 urtetik beherakoentzat doakoa izango da eskaintza. LABAren kasuan ere sarrera librea izango da. Baita bertso-jasakoa ere, baina nafarroa@bertsozale.eus helbidean eman beharko da izena. Azkenik, Bertso-afarirako, geltoki.red atarian eskuratu beharko dira sarrerak.