Live

Los Angeles eta hard rocka

Izkander Fernandezek astero egiten duen tartean, Los Angeles hirian 80etan hard rockak bizi izandako etapa loriatsua izan du gogoan. Sorreraz, gorakadaz eta dekadentziaz aritu zaigu hizketan, lau abestiz lagunduta.

Audio_placeholder

Los Angeles eta hard rocka

Loading player...
Slash! eta Axl Rosen estetikak segituan gogorarazten digu Guns N'Roses taldea.
Slash! eta Axl Rosen estetikak segituan gogorarazten digu Guns N'Roses taldea.

The Who taldearen ‘Won't Get Fooled Again’ kantua entzun orduko, ‘Who's next’ diskokoa, «Who is the next?» galdetzen badiogu gure buruari, «Izkander is the next» izaten da erantzuna, bera baita abesti honekin batera NAIZ Irratiko uhinetan, MusikHaria saioan, sartzen dena. Oraingoan, ordea, 70etako psikodelia eta rock progresiboaren ordez, bere esparrura eraman gaitu guztiz, hard rockaren mundura.

«Hard Rockaren gaia ez da oso popularra egun eta saiatuko naiz ahalik eta azalpen eta argazki orokorrena egiten», hasi da lemoaztarra. Los Angeles aipatu digu lehen eremu bezala, baina New Jersey edo Alemania aldean ere egin zuten gisa honetako musika: «Inglaterran hasi zen hard rocka eta Europan zabaldu, baina bertako taldeak Los Angelesera mugitu ziren eta 80etan hura izan zen hard rockaren hiriburua 1992 ingurura arte. Hortik aurrera, desagertzen joan den generoa izan da».

Los Angelesen ekosistema berezi bat sortu zela kontatu digu Izkanderrek, hortaz, ez zen hiri bat soilik, soinu propioa garatu zuten bertan eta munduko beste txokoetan hara begira jarri ziren: «Aipatu dudan moduan Black Sabbath edo Deep Purple bezalako taldeen eskutik etorri zen musika hau eta Los Angelesen, Sunset Strip inguruan, birak egiten zituzten hauetako askok. Dena dela, 1982tik aurrera sortutakoan zentratuko gara. Hasiera batean glam metal edota hair metal bezala ezagutu zen, lakaren erabileragatik erabilitako adjektibo negatiboa bigarren hori. Gerora soinu zikinagoa etorri zen, baina pop melodiak zituzten oinarri, irratietan eta nahi zutelako saldu; gainera, janzkera oso bitxiak erabili zituzten eta kantuen hitzetan jaia, sexua eta rocka ziren nagusi, gazteekin konektatu asmoz», azaldu digu musika aditu bizkaitarrak.

Sozialki eta politikoki sexista eta matxista zen, «emakumearen papera oso iluna zen eta hori ezin da defendatu inondik inora» jarraitu du Fernandezek. «Reagan eta Thatcherren garaiak ziren eta Estatu Batuetan 50etako nostalgia zuten, gerora Trump bera ere berreskuratzen saiatu zen nostalgia hori. MTVn asko agertzen ziren eta horren kontrara sortu zen Seattlego rock alternatiboa eta grungea, astebetean Hard Rockaren dena behera botako zuena. Hard rocka etsaia bihurtu zen», dio MusikHaria saioko kolaboratzaileak.

Hard Rockaren eta reggaetoiaren artean paralelismoak ere topatu ditu: «Gazteentzako hizkuntza jorratu zuten, sexismoa estiloaren oso eremeu zabal batean agerian dago eta garaian garaiko helduek ezin zuten gertatzen ari zena ulertu. Horri estetika eta showaren kontzeptuak batu behar zaizkie. Eta Rock Radical Vasco delakoan ere nagusiek ulertzeko zuten ezintasuna ere partekatzen genuen hard rockarekin. Hortaz, patroiak behin eta berriz errepikatzen dira».

Autograph - Turn up the radio
Lau kontzeptu eta lau kantu landu nahi ditu hard rockaren bueltan Izkander Fernandezek. Lehenengoa «zu ere izan zaitez honen parte» izan da: «Autograph taldea ekarri dut bere bideoklipek burura ekartzen didatena aipatzeko. Bideoklipetan kamerak taldea oholtzan hartzen zuen eta festaren parte bihurtzen zuen ikuslea, Los Angeleseko hard rockaren estetikan eta idearioan oso ohikoa zen hau egitea. Hor, Bizarrapek egiten duenarekin antzekotasuna topatzen dut. Gazteekin gertutasuna bilatzeko guztiaren parte izatera gonbidatzen ditu argentinarrak ere bere bideoetan, eta, gainera, logela batean dagoenez grabatuta, entzuleari sortzera eta berak ere bere logelan gauza bera egin dezakeela iradokitzen dio».

Autograph taldeak, bere aldetik, segituan lortu zuen arrakasta eta 1984rako RCA diskoetxearekin kontratua eskuratu zuen. Gerora, abesti hori bideojokoetan eta beste hainbat txokotan ere entzun dugu.

Ratt - Round and round
Bigarren kontzeptua «zuen gurasoek ez zaituztete ulertzen» da. Kantu hau ere 1984koa da eta, taldearen etapa klasikoan, 1990a arte, bost disko atera zituzten eta bakoitzarekin, gutxienez, 500.000 kopia saldu: «Lehen ere aipatu dut 50etako nostalgia bizi zutela 80etan Estatu Batuetan eta gaur egungo gaitz sozial asko Reagan eta Thatcherrek sortu zituztela 80etan. Bi hamarkada horien artean bazegoen estetikoki antzekotasunik, inozoak ziren eta gizartean probokazioa bilatzen zuten gazteek. Hala, bideoklip batzuetan gurasoei edota irakasleei zuzendutako mezuak zeuden, esaterako».

‘The wrestler’ Robert Siegelen pelikulan entzuten da Ratt taldearen abesti hau Izkanderrek esan digunez: «Mickey Rourke eta Marisa Tomeiren artean hizketaldietako batean, esaten dute Nirvanak eta grungeak dena izorratu zutela, aurretik zeuden Ratt edota Guns N' Roses bezalakoak askoz ere hobeak zirela». Gerora ‘Kobra Kai’ eta ‘Stranger Things’ bezalako telesailetan ere jarri dute abestia.

Guns N' Roses - Think about you
Mundu mailan oso garrantzitsua izan zen ‘Appetite for destruction’ diskoa. Hala, hurrengo kontzeptua «lurrikara» izango da: «‘Appetite for destruction’ diskoa 10etik 10ekoa da eta abesti hau ez da irratian gehiegi entzun, egiari zor. Lurrikara zergatik etorri zen? Bada Los Angelesen inperio moduko bat izan zelako hard rocka eta sortu, hazi, hegemonia bat sortu eta dekadentzia etorri zelako, desagertu arte. Azken fase horretan, dena astindu zuena izan zen disko hau».

West Hollywooden, esan dugun moduan, izan zen hard rockaren eztanda: «20etako hamarkadan gangsterrak eta literatura beltza zeuden tokian, 60etan zinea eta musika ziren protagonista. Deep Purple eta halakoen atzetik, klonak etorri ziren, gose gehiagorekin, tartean Guns N' Roses eta horiek harago joan ziren. Talde hau ere bazen hard rockaren hegemoniarekin apurtu nahi zuen horietako bat, nahiz eta antzekoa izan askorentzat, baina sekulako lurrikara eragin zuten etorri zirenean. Lau urte beranduago, 1991n, munduko Top 1 eta Top 2 ziren Metallica eta biak. Soinuarekin apurtu nahi izan zuten, heavy metal eta glam rockarekin apurtu nahi izan zuten eta Detroit inguruko high energya eta punk rocka sartu zituzten ekuazioan, soinu zakarragoa bilatzeko asmotan-edo».

Love & Hate - One more round
«Bada pelikula bat, ‘La noche del cazador’, eta bertako pertsonaia nagusiak ditu hatz-koskorretan tatuatuta bi hitz hauek, maitasuna eta gorrotoa», aipatu du Izkanderrek. Hala, laugarren eta azken kontzeptua «amaiera» da. «Hau zuentzat egiten dugu», «zuen gurasoek ez zaituztete ulertzen» eta «lurrikara» eta gero, etorri behar zuen bukaerak: «Hamabi-hamalau urtez egon zen hard rocka puri-purian. Kontua da Guns N' Rosesen ‘Use your illusion’ disko saldu nahi zuenak, haren ondoan, derrigorrez, Nirvanaren ‘Nevermind’ jarri behar izan zuela dendan DGC diskoetxeak hala erabakita. Astebete beranduago hasi ziren saltzen ‘Nevermind’ eta dena aldatu zen hortik aurrera».

Hiria aldatzen ari zen etengabe Izkanderrek esan zigunez, eta horrekin bertako musika ere bai: «Jane's Adiction, Nine Inch Nails edota Red Hot Chilli Peppers bezalako taldeen gorakada etorri zen. Guns N' Roses taldeak bidea ireki zuen gauzak aldatzeko eta sleaze rock delakoan aurrera egin zuen guztiak, ordura arteko hard rocka baino zorrotzagoa eta zakarragoa zen eta bestelako eraginak ere ekarri zituen. Bada, beste talde batzuek ere bide hori hartu zuten. Hortaz, amaiera etorri behar zela ikusten zen eta etorri zen».

Horren ondorio bitxietako bat ere ekarri digu gogora lemoaztarrak: «Garai hartan ‘tiraderan gordetako diskoaren sindromea’ delakoa etorri zen. Nirvanaren diskoaren aurretik askok disko potente eta onak grabatuta zituzten, baina ‘Nevermind’ atera zenean paradigma aldatu zen eta disko horiek guztiak tiraderan geratu ziren. Oso fenomeno bitxia izan zen, artikulu luze eta zabal baterako ematen duena».

Izkanderren hitzetan, «akaso, ‘Smell like a teen spirit’ kantuarekin itxi behar genuen bidea, baina hard rockaz ari garenez, talde eta disko honek ere merezi zuten beren tokia. Love & Hate taldean ere ikusten baitira beste eraginak, funk estiloan jotako baxuak eta halakoak bazituztelako».

Beraz, gisa honetara eta lau abesti hauekin eman diogu errepasoa Los Angelesen eman zen hard rock mugimenduari.

Jaurlaritza Logoa