Live
«Nola izango naiz ni arrazista? Lagun beltzak ditut-eta!» Aitzaki eta esamolde ohikoa da geurean; eta, hain justu, horren atzean dagoen hautsa harrotu nahi izan du ‘Lagun beltz asko’ obrako lantaldeak.
Taberna batean kokatzen da istorioa. Ramon Ibarra migrazioan den gizona da, Asier Sota barra atzeko tabernaria eta Asier Hormaza azken orduan iritsi den bezero eta lagun ahoberoa. Garbi Losada arduratu da José Antonio Vitoriaren jatorrizko istorioa gidoi bihurtu eta zuzentzeaz. Trama txikiak elkarlotzen dira antzezlanean, gau-giroan aldrebestuko den kontakizuna osatuz.
Umorea «ezezagunari aurre egiteko eta desberdina denaren aurrean nola jokatzen dugun» hausnartzeko baliatu du konpainiak, Hormazak azaldutako moduan. Ispilu baten aurrean jartzen dute ikuslegoa, geure inguruan ezagun ditugun portaerak erakutsiz. Orain artean izandako emanaldietan publikoak helburua ulertu duela azaldu du aktoreak; baita publikoa pentsaraztera bultzatu eta «haien kontraesanen aurrean» jartzea lortu dutela. Hormazaren ustetan hori da antzerkiaren funtsetako bat: «askotan geure buruari egiten ez dizkiogun galderak behingoagatik egitea».
«Antzerkiari askatasun hori eman behar zaio» gehitu du. «Marra gorriak behingoagatik alboratu behar dira eta antzerkiari antzerkiak duen esentzia hori ateratzen lagundu behar zaio». Migrazioen gaiarekin ere hala egin behar dela uste du Hormazak: «badirudi beldurra dagoela gauza batzuetaz hitz egiteko, eta beldur hori kendu behar da, gaia bere osotasunean ulertu eta ezagutzeko».
2022ko otsailean ekin zioten ideiaren garapenari eta gidoiaren idazketari, ekainean hasi ziren entseguekin eta urrian estreinatu zuten obra. Hamaika herri bisitatu dituzte honezkero. Hurrengo hitzorduak ostiral honetan Arrigorriagan, larunbatean Zizurren eta hila bukaeran Ordizian izango dira.