Live

Interview
Ibai Gogortza
Harat taldeko gitarra-jotzaile eta abeslaria

«Inolako kontrarik edota sostengurik gabe, dena nire gain egotea nahi nuen proiektuan»

Ibai Gogortza, Iñigo Telletxea eta Mattin Arbelaitz musikariek osatzen dute Harat hirukoa, rock-zale melomanoentzat eta musika beste ertzetatik ikusten dutenentzat interesgarria den proiektua. Gogortzaren burutik ateratakoa diskora eraman eta zuzenean aurkezten duela gutxi hasi ziren debuteko lana.

Audio_placeholder

«Inolako kontrarik edota sostengurik gabe, dena nire gain egotea nahi nuen proiektuan»

Loading player...
Ibai Gogortzak bortzirietan sortu eta landutako Harat proiektuak 2022an ikusi du argia.
Ibai Gogortzak bortzirietan sortu eta landutako Harat proiektuak 2022an ikusi du argia. (Jon URBE | FOKU)

Diskoa atera eta gero nolakoa da bizipena?

Kontzertuak eta bilatzea… Tira, lehendabizi atsedena, diskoa atera dugulako. Orain kontzertuetan eta pentsatzen eta bizipen berri horien zain.

Diskoa bera ‘Jostailua’ da.

Musika da niretzako jostailurik ederrena.

Trantsistore baten soinua du single moduan etorri zenak.

Diskoa zintan, analogikoan, grabatu genuen. Alderantziz jartzen denean soinu erakargarri bat sortzen da eta hori grabatua genuen, pista konkretu bat alderantziz jartzea, oso erakargarria egiten zitzaidan.

Diskoaren bi lagin soilik daude sarean, apustua egin duzue fisikoaren alde.

Honekin ere dilema dezente izan genituen. Diskoko beste erabaki aunitz bezala hau ere hartu behar zen. Nire burua aunitz bonbakatua sentitzen dut disko aunitz badirelako, hortaz, hortik ihes egin nahi nuen. Interesa duenak jakingo du edota nonbaitetik etorriko zaio. Helburua ez zen norabait iristea, baizik eta modu errez batean zuzenekoak egitea hirukotean.

Erreza, logistika aldetik, zeren diskoa ez da erreza konposizio aldetik.

Niretzat ez da hain konplikatua, borobilduta daudelako kantu guztiak. Baina musika estiloaren araberakoa ere bada hori, batzuei atentzio gehixeago eskatuko die. Niretzako, berriz, errezak dira.

Borrokan taldean, JIELekin, MICErekin ekoizle eta musikari moduan… Sentitzen duzu zure arrasto propioa uzten duzula kantuetan?

Nahi gabe nik uste dut baietz, baina halako ekoizpenak egitean nire mugak gainditzen saiatzen naiz. Hala ere, ekidin ezina izango da nire marka uztea.

Disko hau ordea erabat zure mundua islatzen duena da.

Bai eta proiektua horrela abiatzen da. Inolako kontrarik edota sostengurik gabe, dena nire gain egotea nahi nuen proiektuan zer eta nola egin erabakitzerako garaian.

Erritmoari baxuak eusten diola esan daiteke disko honetan?

Dena aldi berean konposatua izan da. Buelta batzuk eman dizkiot kontuari, ahalik eta konponketa gutxien izateko. Baxua eta bateria aldi berean konposatzen nituen eta gitarra ere bai, baina ahotsa beste kontu bat zen.

Diskoa irekitzeko modua, bitxia izan da.

Bai, ‘Itzala’ nolabait ere sakfrikatu egin dugu. Estudiora joaten zarenean abesti batek lehenbizikoa izan behar du eta soinu froga guztiak horren gainean egiten dira, eta horrek kokoteraino bukatzea ekar dezake. Gorroto puntua hartzen diozu, baina pozik gaude.

Gure burua norbait izateko nahian, inor ez izateko saltzen dugula salatzen duzu.

Gure irudia, musika eta guztia sarean jartzen dugu eta, gero, itxaroten egoten gara erreakzioren bat noiz iritsiko.

Eta frustrazioak etor daitezke.

Edota uste baino gehiago zabaldu denaren sentsazio faltsua.

 

Soinuari erreperatuz, bonboarenak bazuela zerbait ikusi genuen, hasiera-hasieratik xuabe eta leun entzuten delako.

Soinua soilik ez, lekuz mugituta dagoela ere bada berezitasuna eta. horregatik. bere momentua duenez, lekua duenez, pertzepzioa desberdina da. Soinua goxoa bada, Mattinen hankari eta Iñigo Irazoki teknikariari esker da.

Gauzak mugituta… erabat. Diskoaren estiloa disonantea dela esango bagenu, asmatuko genuke?

Norbaitek esan dit aurretik ere, disonantzia maite dutenentzat disko ederra dela. Nik ez dut horrela ikusten, baina betiko akordeetatik aldentzeko modu bat izan da. Nik uste dut hor ere badagoela zerbait berria egiteko nahi hori.

Dena dela kantu denek dute argitasun une bat, edota, argi badoa, zatiren bat deskolokatuko zaituena. Erritmo aldetik konpas mota asko daude, ezta?

Bereziki matematiketan oso txarra naiz, ez nuke jakingo esaten buruz zein erritmotan dauden. Berez ateratzen dira, barrutik.

Kantu laburragoak dira batzuk, baina badira oso luzeak ere. Hautu kontziente bat da, ezta?

Eta kasik ohitura bat ere bai. Disko honetan beste modu batean konposatzen saiatu naiz, orain arte abesti denak egingo nukeen azken abestia balitz bezala konposatu ditudalako, garrantzia ematen xehetasun denei. Oraingoan ez dut horrela egin eta nahi gabe abesti luzeak atera dira. Gero, entzuterakoan, niri motzak egiten zaizkit.

‘Hau da’ kantuan esaldi bat asko gustatu zait: «Urrundu gaitezen egonean mugitzen».

Urrundu gaitezen gauden tokitik, barrua mugitu dadila. Ez hemendik harat joatea, baizik eta barruan duguna mugitzea, aurreiritziak xehetzea, hori da kontatzen dudana.

Kantu luzeak aipatu ditugu, ‘Utzi’ da horren adibide, arnasa ematen dio diskoari. Kantuak sortzen zoazen heinean bazabiltza ordena pentsatzen edota bukaeran hartzen duzu erabakia?

Puzzlea bukaeran egiten da eta arriskutsua da, intro bat ez duzulako akaso nahi den tokian geratzen edota aldaketak egin behar direlako, baina bukaeran dator diskoko kantuen ordena jartzearena.

Abesti horretan hizkuntza propio bat sortzen da kasik.

Hitzei dagokionez oraintxe ez nuke jakingo zein den gordetzen duen istorioa, baina bai ibilbide bat egin duen pertsona bati buruz dela eta nolabaiteko arnasa hartzen duen pertsona bat irudikatzzen dela.

Iruditu zait abestiak jendea animatzen duela bizitza bere kabuz bizitzera, bazterretik diotenari kasurik ez egiteko diola.

Pausuak emateari jartzen diot fokua, baina kontuan izan behar da egiten duzun bidean arrasto bat uzten duzula.

‘Zubia’ kantuan bada soinu berezi bat, gitarraren soken metal hotsa entzuten da. Nola lortzen da efektu hori?

Kordari dantzatzen uzten, puarekin zerbait eginda. Dantzagarriagoa egin nahi genuen kantu hori, eta zerbait lortu dugula uste dut, tarteko beste soinuei beren tokia ematea baitzen nahia. Klase tekniko bat ematen ari naizela dirudi eta hagitz gitarra-jotzaile txartzat dut nire burua.

Baxuarekin ‘ping-pong’ partida bat jolastuz mantentzen du kantuak tentsioa.

Erronka batzuk izaten dira kantu bat egiterakoan. Baxuarekin tentsioa mantendu nahi nuen kantu guztian, baina aspergarria izan gabe, arriskuak hartzen dira eta batzuetan ongi irteten dira.

Harat izena bera nondik dator?

‘Etorri naiz harat’ izeneko abesti bat bada. Gauzak nik nahi ditudan bezala egin eta aldatzeko aukera izatea iradokitzen zidan horrek. Esaldi horrek hori biltzen du, berez oker esandako zerbait delako, hortaz, zerbait oker egin baina nik horrela nahi dudalako egitea interesgarria iruditzen zait.

Hortaz, «zubiak eraikitzea inora joteko» pixkat bat hortik ere badoa.

Hitzak egiterakoan ohartu naiz kontraesanak ditudala edota gauzak normalean esaten ez diren moduan esatea gogoko dudala.

Diskoan erabili duzun afinazioa, ohikoa da?

Ez eta hori izan da disko honetako gakoa. Soka bat hartu eta mugitzen ibili naiz zer nolako soinuak ateratzen dituen entzuteko, bide bat hartzen duzu eta gero ikusten duzu gogoko duzun edo ez edota funtzionatzen duen edo ez. Egindako bideetatik ihesi ibili naiz eta gakoetako bat izan da gitarra hartu eta desafinatzea.

Hala ere disko gordina dela esan dezakegu.

Bai, nahikoa gordina da.

 

Abestean zer moduz?

Hor izan dut buruhausterik handiena. Nire proiektua egin nahi izan dudan momentuan beti izan da oztopo moduko bat, hagitz gaizki abesten dudala uste dudalako eta ahotsa ez dudala kontrolatzen ikusten sentitzen nuelako. Hortaz, nire ahotsa onartzearen kontua hesi bat kentzea bezala izan da, eta kostatu da. Nire ahotsa entzutean iguingarria zela sentitzen nuen eta gainerakoa ez nuen entzuten, belarria hor zentratzen zen. Lotsa kendu behar izan nuen eta Iñigo Irazokirekin bakarka jardun dut, konfiantza osoz, grabatzen. Banekien hark erridikuloa egiten egongo banintz, esango zidala. Kronologikoki grabatuta daude ahotsak, diskoaren ordenan.

Eta orain konforme zaude?

‘Jostailuak’ abestira iritsi nintzenean –azken aurrekoa da–, ados nengoen. Baina ez nuen dena berriz hasieratik grabatzeko asmorik. Pedalak eta halakoak erabiltzen ditut eta horrek ere erosoago egotea ekartzen dit. Hagitz errealizatua sentitu naiz.

Mugan bizitzeak gauza onak ekar ditzake.

Alde onera erortzen bazara bai.

Baina zer da mugan bizitzea?

Luxu bat, arrisku bat, konpromiso bat eta gauza aunitz, baina polita da.

Oso garbi hasten da diskoa ixten duen ‘Muga’ . Garbiena da?

Zikintasuna beranduago etortzen da. Ahots lineal horrekin esperimentazioan ibili naiz.

Esan dugu diskoa fisikoki eskuratu daitekeela. Zuzenekoak iritsi arte, non eros daiteke?

Berako Kattaku ostatuan, baina asteburuetan soilik irekitzen da. Batzuetan diskoak gainean eramaten ditut, suertatuz gero eta oroitzen bazarete, eskatu diskoa lasai.

Zuzenean aurkeztu ostean, zer nolako sentsazioa izan duzue?

Beste superazio bat izan da, kontzertuetan eta ez dudalako ahots nagusia nire gain hartu orain arte inoiz. Hagitz zaila zen eta beldur nintzen kontzertu sobera lotzeko, bereziki beldur eszenikoaren ondorioz gaizki pasatzen banuen ere. Egia erran sorpresa handia izan da, gustura aritu gara, gustura abestu dut eta jendea gustura ikusi dugu. Hirukotearen presioa gainditu dugu eta oso gustura geratu gara.

Gitarra bakarrarekin disko hau zuzenean defendatzea lan estra ere bada.

Egia erran konponketa asko sartzeko gogoz nintzen, baina diskoa egiten ari ginela, hirukotean defendatu behar zela ohartu nintzenez, ikasi dut konponketa batzuk ez direla zertan egin abestiaren muinak funtzionatzen badu. Askotan bigarren entzunaldiek lagundu dute bide horretan.

Iñigo teknikari, ez da kasualitatea Willis Drummondekin batera kontzertuak eskaintzea.

Konbinazio perfektua. Eskerrik asko Willisi gurekin kontatzeagatik eta teknikaria partekatzeagatik ere, kar-kar.

Urtarrilaren 6an izan zen lehena, beste datarik?

Itxita dugu Gasteizko Jimmy Jazzen otsailaren 17an izango garela berriz ere Willis Drummondekin. Baina espero dezagun etorriko direla.

Zailena eginda, zure burua onartuta, feedback gehiago ere nahiko duzue.

Kontzertuak emanda, ikasten joaten gara, eta kontzertu asko ematea da horretarako onena.

Jaurlaritza Logoa