Live

Ion Garate
Interview
Ander Imaz
Baikoko atzelaria

«Justu antzean hasi ginen, baina orain nik uste unerik onenean gaudela»

Lehen itzulia amaituta, sailkapeneko bigarren postuan dira Unai Laso eta Ander Imaz, iazko txapeldunordeak, Altuna-Tolosa eta Peio Etxeberria-Rezustarekin batera, launa garaipenekin. Orain artekoaren balantzea egin du oiartzuarrak NAIZ Irratian. 

Audio_placeholder

Ander Imaz NAIZ irratian

Loading player...
Ander Imaz.
Ander Imaz. (Gorka RUBIO/FOKU)

Lehen itzulia amaituta, bigarrenak zarete sailkapenean, lau garaipen eta bi porrotekin. Ze balorazio egiten duzu?

Igandeko garaipena nik uste oso garrantzitsua izan zela guretzat; azkenean aurkari zuzen batzuen aurka lortu genuen. Garbi dagoena da txapelketa oso berdindua dagoela, bikote asko puntu gutxiko aldearekin eta behintzat hor goian gaude, lehian. Guretzat lehen itzulia nahiko ona izan da eta lanean jarraitzeko ilusioarekin.

22-19 gailendu zineten, partida guztia aurretik joan ostean eta azkenerako nahi baino gehiago sufrituta, Jokinek sakez pasa eginda, amaitu zen partida. Polita eta lehiatua espero zen eta ikuskizunak ez zuen hutsik egin.

Beti esaten dugu Jokin aurrean dagoenean partidak oso gogorrak direla, momentuko pilotaririk onenetakoa da, onena ez bada, eta beti gauzak oso ondo egin behar dira berari irabazteko. Nik uste Unaik eta biok partida nahiko txukuna egin genuela eta pozik emandako mailarengatik eta, puntua irabazita, oraindik gusturago. Giroa ere bikaina zen eta horrela gustua ematen du jokatzeak.

Fisikoki, eskuz-eta nola zabiltza?

Ondo, azkenean txapelketa hasierak justuago harrapatu ninduen jokoz, baina pixkanaka bai Unai eta bai ni goraka goazela uste dut eta aste hauetan inolako minik gabe nabil eta garrantzitsua da halako txapelketa luze batean. Oraindik partida asko geratzen dira eta ea lesioek errespetatzen gaituzten eta partida guztiak jokatzeko moduan gauden.

Iazko bikote bera, Laso eta biak, ari zarete elkarrekin lanean; iaz finalera heldu zineten eta irabazteko zorian izan zineten, baina azkenean ezin. Aurten are gogo handiagoarekin zaudete, gutxienez, finalera heltzeko?

Bueno, azkenean iaz Unaik eta nik asko gozatu genuen, txapelketa oso polita izan zen guretzat eta pena bukaeran finala galdu genuelako, baina nik uste, orokorrean, oso balorazio positiboa atera genuela. Aurten ere oso gustura ari gara, oso harreman ona daukagu eta nik uste ikusten dela. Konfiantza daukagu gure buruarengan, badakigu oso zaila dela berriz ere finalera heltzea, baina saiatuko gara gure esku dagoen guztia egiten eta ea aukerak ditugun, lehendabizi finalerdietan sartzeko eta gero ikusiko dugu.

Iaz bezala, Unai Lasorekin berriro aritzeak gauzak erraztuko ditu; ezagutze lan hori egina duzue dagoeneko, ezta?

Bai, azkenean nik beti esaten dut binakako txapelketa batean zure bikotearekin harreman onik ez baduzu, oso zaila dela urrutira heltzea. Azkenean Unaik oso ondo ulertzen nau, egunero batera gaude, bazkaltzen ez bada, entrenatzen edo edozein gauzatan. Konfiantza daukagu elkarri edozer gauza esateko eta nik uste hori oso garrantzitsua dela. Oso gustura nabil berarekin, txapelketa hasieran nik uste justuago genbiltzala, baina nik uste ni ere azken bi hiru astetan nire maila ematen ari naizela eta, egia esan, plazer bat da berarekin jokatzea.

Lehen itzulia amaituta, bigarrenerako bidean, identifikatu duzue hobetzeko beharrik?

Bueno, hasieran nabari zitzaigun pixka bat erritmo falta hori, biak ere justu, baina azkenean txapelketak aurrera egin ahala konfiantza hartu dugu. Oraintxe bertan nik uste gure unerik onenean gaudela aurtengo txapelketan. Nire lana ondo egin, gutxi galdu eta Unaik aurrean asmatzen badu, partida guztietan lehiakorrak izateko aukerak izango ditugu eta hori da gure helburua, partida guztietan, irabazi edo galdu, lehiakorrak izaten saiatzea.

«Elordi-Zabaletak gauzak oso gaizki egin beharko lituzkete lehen bietan ez sartzeko. Nik beti esaten dut gehien gustatzen zaidan atzelaria Zabaleta dela, diferentzia handiak markatzen ditu»

Bikote indartsuena, momentuz, Elordi-Zabaletak osatutakoa izaten ari da; zaila dirudi horiei irabaztea; Jaka-Aranguren izan ziren gertuen egon zirenak. Nola ikusten duzu bikote hau, faboritotzat jotzen duzu?

Bai, nik uste Elordi-Zabaletak gauzak oso gaizki egin beharko lituzketela aurreneko bietan ez sartzeko. Nik beti esaten dut gehien gustatzen zaidan atzelaria Zabaleta dela; diferentzia handiak markatzen ditu hor atzean eta Aitor Elordi ere oso lan ona egiten ari da. Nik uste bikote bezala bikote perfektua osatzen ari direla eta txapelketa luzea da, baina momentuz besteon gainetik daude.

Hurrengo hitzordua larunbatean Jaka-Arangurenen aurka duzue. Momentuz garaipen bakarra dute, azken postuan dira, baina ez dakit horrek ez ote duen arriskutsuagoa bilakatzen partida. Irabazteko premia handia dute eta, gainera, lehen itzulian 22-21 nagusitu zineten. Nolako partida aurreikusten duzu?

Partida oso gogorra, azkenean nik uste, nahiz eta sailkapenean azkenak egon, zorte txar pixka bat ere izan dutela, bi partida 22-21 galdu dituzte, beste bat 22-20 eta, azkenean, nik uste, maila oso ona ematen ari direla. Bukle horretan sartzen zarenean partida bat irabaztea zaildu egiten da, baina, nik uste Aitor Aranguren, batez ere, maila oso ona ematen ari dela eta Erik Jaka aurrean beti da oso pilotari arriskutsua pilota baldin badauka. Nahiz eta azkenak joan, niretzat txapelketa oso berdindua dago eta edozeinek edozeini irabazteko aukera dauka eta saiatu behar dugu gure lana ondo egiten, zentratuak egoten eta ea beste punturen bat ateratzerik dugun.

Jaurlaritza Logoa