Live

Ainara Rodriguez

Aita Mari: «Bere herrialdetik ihes egin behar izan dutenengatik, lanean jarraituko dugu»

Italiak are gehiago gogortu ditu itsasoko uretan migranteak erreskatatzeko baldintzak. Isunak eta ontzien konfiskatzeak aurreikusi ditu arauak errespetatzen ez dituzten erakundeentzat. «Kezkatuta» mintzatu da Aita Mari ontzia.

Audio_placeholder

Aita Mari: «Bere herrialdetik ihes egin behar izan dutenengatik, lanean jarraituko dugu»

Loading player...
Hilabete inguru barru espero dute Aita Mari ontzia berriz itsasoratzea
Hilabete inguru barru espero dute Aita Mari ontzia berriz itsasoratzea (SMH)

Aurrerantzean ontziek portu seguru bat eskatu eta harantz nabigatu beharko dute erreskate bat egin eta berehala, atzerapenik gabe. Ezin izango dute itsasoan zain geratu, noraezean edo laguntza behar duen beste enbarkaziorik ikusten ote duten zelatan.   

Arau horiek betetzen ez dituzten kapitainek 50.000 eurorainoko isunak jasotzeko arriskua izango dute, eta, araua behin baino gehiagotan hautsiko balute, ontzia enbargatua izateko arriskua izan dezakete, beste neurri batzuen artean.

Aita Mari ontziko kideek «kezkatuta» jaso dituzte neurri berriak. Isabel Egiguren kideak azaldu du erreskate ontziek «beti» izan dutela zaila euren lana aurrera eramatea, baina «Georgia Meloniren Gobernuarekin areagotu» egin dela. Baina, oztopoak oztopo, gauza bat argi utzi du beste ezeren gainetik: «Itsasontzi guztiak aterako dira. Aita Mari ere hemendik hilabete inguru itsasoratzea espero dugu, horretarako tramiteetan ari gara. Tripulazioa prest dago, eta boluntarioak ere bai». Ez hori bakarrik, Italiak kaleratu duen dekretuaren aurrean legalki zein bide dituzten ere ari dira aztertzen, «paterak egon badaudelako, eta egoten jarraituko dutelako. Bere herrialdetik ihes egin behar izan dutenengatik, lanean jarraituko dugu».

Irmoa da erreskate ontziek bizitzak salbatzeko duten intentzioa, nahiz eta aurrean topatzen duten enbata samurra ez izan. Izan ere, Aita Mariko kideak gogoratu du Italiako Gobernuak dekretu bat kaleratu zuela pasa den azaroan, eta horrekin, «lehorreratze selektiboak» gauzatu zituztela; «bazekiten legez kanpokoak zirela, baina egin egin zituzten. Orain dekretu honekin jarraitu nahi dute». 

Aita Mari ontzia ez da handia, 150 bat lagun jasotzeko edukiera du, eta hiruzpalau egun egiten dituzte Mediterraneoko uretan erreskate lanetan. Baina badira ontzi handiagoak, edukiera 400 lagunekoa izan dezaketenak, eta horiei lana erruz zailduko zaiela gaineratu du. Gainera, beste elementu bat ere jarri du mahai gainean Egigurenek: «Beste tranpa bat ere egin dute azkenaldian: Lehen Sizilian porturatzen ginen, orain kontinenteko portuetan. Horrek esan nahi du denbora gehiago pasa beharko dugula portura ailegatzeko, eta beraz, erreskate berriak egiteko denbora galduko dugula».

Gobernuen lana

«Gobernuek egin behar duten lana ari da egiten gizarte zibila». Zorrotz mintzatu da Egiguren erakundeen lanaz, edo zehatzago esanda, egiten ez dutenaz.

Pasa den azaroan, hain justu, Gasteizko Legebiltzarrean izan ziren babes politiko eta finantzario bila, aurrez Nafarroako Parlamentuan egin bezala. «Horietan beti da harrera ona, sentsibilizazioa handia da». Kontatu du erreskate operazio bakoitzak 10.000 euroko kostua duela, eta sostengu horren bila jo ohi dutela erakunde publikoengana. Baina momentuotan «babes politikoa» da behar dutena.

Gauzak gehiago argitu bitarte, euren lanarekin irmo jarraitzeko asmoa azaldu du Aita Mari ontziak.

Jaurlaritza Logoa