Live

Naiz Irratia

«2003ko salbuespenezko arauaren interpretazio gaurkotua», presoak etxeratzeko gakoetako bat

Euskal preso politikoei aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe politikaz eta egoera gainditzeko oztopo eta aukerez hitz egin du ostiral honetan Txema Matanzas abokatuak Naiz Irratian.

Audio_placeholder

«2003ko salbuespenezko arauaren interpretazio gaurkotua», presoak etxeratzeko gakoetako bat

Loading player...
Presoen etxeratzearen alde Sarek Donostian egindako mobilizazioa
Presoen etxeratzearen alde Sarek Donostian egindako mobilizazioa (Idoia Zabaleta | Foku)

Txema Matanzasek ostiral honetan Naiz Irratian gogoratu duenez, duela bost urte bide berri bat abiarazi zuten Euskal Preso Politikoen Kolektiboko presoek. Beraien etxeratzea irteera politiko adostu baten ondorio izango ez zela ondorioztatuta, preso bakoitzak bide propioa egitea erabaki zuten: «Lehenengo gradutik atera eta bigarrena ezarri. Hortik, kalearekin kontaktua berreskuratu irteera programatuen eta baimenen bidez. Hurrengo urratsa 3. graduan egotea eta guzti horrek baldintzapeko askatasunean dauka bukaera».

Bide hori egiteko lehenik eta behin ezinbestekoak dira administrazioak egindako proposamenak eta ondoren proposamen horiek auzitegi batek baieztatzea. Arazoak hor sortzen dira, abokatuak azaldu duenez.

Izan ere, 2003. urtean sortu zen salbuespenezko legediaren ondorioz, preso arrunt batek egin behar duen bidea egiteko, euskal preso politikoek dituzten trabak askoz handiagoak dira. «Alde batetik, legedi berezi bat onartu zelako eta urrats bakoitza egin ahal izateko eskaera zorrotzagoak direlako, eta, bestalde, egiten diren proposamenak onartu behar dituen auzitegi eta epaitegiak bereziki oldarkorrak eta arrotzak direlako», azaldu du Matanzasek.

Abokatuak nabarmendu duenez, fiskaltzak ikusi zuenenak Lakuako gobernuak bazeukala nolabaiteko prestutasuna presoei hirugarren gradua emateko, helegite eta ekimen ezberdinak abiarazi zituen. Tresna horietako bat da Lakuako Gobernuak hartzen dituen erabakien kontrako errekurtsoak edo helegiteak.

Auzitegi Gorenak kaleratu duen azken erabakiaren arabera, gainera, aurrerantzean fiskaltzak helegitea aurkezten duen kasuetan presoak espetxean egon beharko du azken ebazpena atera bitarte.

«Espetxeak proposatzen du preso bat kalera joan dadin, Eusko Jaurlaritzak berresten du, automatikoki une horretan presoa kalera ateratzen da, eta, kalera ateratzen denean, fiskaltzak hilabeteko epea dauka bere helegitea tartekatzeko. Ebazten den bitartean, 6,7 edo 8 hilabeteetan zehar pertsona horrek kalean egiten du bere bizitza», azaldu du Matanzasek. Azken erabaki judizialaren ondorioz, ordea, helegitea aurkeztearekin bat presoa espetxeratua izango dela azpimarratu du.

2003. urteko legea

Arazo potoloena, abokatuaren esanetan, 2003. urtean onartutako legea da. «Gogortu zituzten euskal preso politikoek kalera ateratzeko bete beharko lituzketen betebeharrak. Nagusietako bat damuketarekin lotutako baldintza bat da. Duela 20 urte finkaturikoa da, helburu oso zehatzekin. Justiziarekin kolaboratzeko eskaeraz gain, artikuluak hitzez hitz eskatzen du 'biktimari barkamena espresuki eskatzea' edo 'errefusatze-deklarazio bat'», azaldu du Matanzasek, eta gaineratu hori norberak egin dezakeela idazki baten bitartez edo «espetxeetako teknikariak izan daitezke presoak guztia betetzen duela akreditatuko dutenak».

Zentzu honetan, Lakuak hirugarren gradua onartu die hainbat euskal preso politikori, eta «legea betez», Jaime Tapia Lakuako gobernuaren espetxe aholkulariak Naiz Irratian baieztatu zuen moduan.

Abokatuak balioan jarri du Gobernuaren jarduna: «Eusko Jaurlaritzak ateratzen dituen ebazpenak oso zuzenak dira, eta egiten dute orain dela 20 urte eta testuinguru oso zehatz baterako lege baten interpretazio gaurkotua. Eusko Jaurlaritzari txalotu behar zaio artikulu horren interpretazioan erakutsi duen irekiera eta ausardia».

Fiskala, ordea, «hitzez-hitzezko horri atxikitzen da eta exijitzen du barkamena eskatu dadila, kolaborazioa gauzatu dadila eta norberak errefusatu ditzala bere eginak», nabarmendu du.

Hor dago gaur egun gatazka. Baina badu irtenbiderik; izan ere, Matanzasen arabera, «garai hartan, helburu zehatz batzuetarako egindako artikulu hori gaur beste modu batean interpretatu beharko litzateke, horrela egiten du Eusko Jaurlaritzak, horrela egiten dute presoek egindako idazkietan 'etorkizunarekiko konpromisoa', 'bide baketsuekiko atxikimendua' eta 'egindako minaren inguruko hausnarketa' nabarmenduz, baina hori fiskalarentzat ez da nahikoa». Ez da nahikoa, ez duelako nahi, izan ere «borondate politikoko kontua bat da», dio Matanzasek, «eta hor gaude trabatuta».

«Bultzada»

Matanzasek uste du Lakuak ez duela aldatuko bere orain arteko jarrera, jarraituko duela 3. graduak proposatzen, eta, ondorioz, fiskaltzak denak blokeatuko dituela. Bi irtenbide ikusten ditu. Lehenengoa, «egoera honen oinarrian dagoen salbuespenezko legedia desagertzea, baina horretarako Kongresuaren gehiengo absolutua eta borondate politikoa beharko lirateke». Eta bestea, «fiskalak eta epaileek euren jarrera aldatzea».

Bata ala bestea, egoera honetan «bultzada» kolektiboa behar dela aldarrikatu du: «Denon artean bultzatzen badugu, Eusko Jaurlaritzak mantentzen baditu bere proposamenak eta bestelako eragile, aktore juridiko eta erakundeekin, denok bultzatzen badugu norabide horretan azkenean fiskalak amore emango du, baina epe motz-ertainean urte konplikatua datorkigu».

Jaurlaritza Logoa