Live
Donostiako Parte Zaharrean edo Bilboko Areatzan, milaka talo salduko dituzte bihar talogileek; abenduaren 21ean arto irinez egindako jaki hau kontsumitzeko ohitura izaten dugu. Baina taloak Euskal Herrian tradizio luzea du eta urteko beste egun askotan jateko aukera izaten dugu: Eibarren San Andres egunean edo Nafarroan Gabon Egunean, besteak beste.
Momentu historikoak zehaztu du taloa luxuzkoa edo pobrea den. «Garai batean bisigua oparitu egiten zen eta orain ea Gabon hauetan nork duen erosteko aukera» esan digu Javi Rivero Yarza sukaldariak. Luxua izan ala ez izan, «taloa jaten dugun bakoitzean historia berreskuratzen dugu» dio Yarzak.
Taloaren teknika dominatzeko proposamenak egin dizkigu sukaldariak, «soberakinik ez botatzeko». Aurreko eguneko ganbak zuritu, taloan bildu eta mahonesa pittin bat gehitu edo arrain pastelari kukulu batzuk txikitu eta gainetik lima birrinduz. «Eta gehiegi hitz egiten duenarentzat, polboroi taloa!» gomendatu digu Yarzak.