Live

Ainara Rodriguez-Amaia Zurutuza
Interview
Kike Amonarriz Gorria
Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria

«Euskaraldia esperimentazio fasean dago oraindik»

Topaguneko lehendakari Kike Amonarriz Gorriaren esanetan «lehen hitza beti euskaraz egitea aldaketa ikaragarria da». Euskaraldia pasa berritan ariketa «barneratuta dagoela» uste du, baina «etxeko lanak» ere utzi dituela azken edizioak. NAIZ Irratiarekin izan da elkarrizketan tolosarra.

Audio_placeholder

«Euskaraldia esperimentazio fasean dago oraindik»

Loading player...
Kike Amonarriz Gorria, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria.
Kike Amonarriz Gorria, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria. (Jon URBE | FOKU)

«Euskaraldia oso artefaktu indartsu, konplexu eta berritzailea» da Kike Amonarriz Gorria Topaguneko lehendakariaren hitzetan. Horregatik, oso normaltzat jo du hirugarren edizioaren ostean «hobetu beharreko» elementuak daudela ondorioztatzea, izan ere «oraindik esperientazio fasean gaude», dio. Oro har, positiboa da hirugarren edizioaren Euskaraldiaren balorazioa, parte-hartzea aurreko edizioen antzekoa izan da baina «etxeko lanak» ere utzi dizkie antolatzaileei.

Euskaraldia amaitu berritan aitortu zuten txapa gutxiago ikusi dela aurten eta uste dute horrek erakusten duela ariketa «onartuagoa» edo «barneratuagoa» dagoela, baina baita jendea «erlaxatu» egin dela ere. Lehen edizioan «berritasuna» izan zen ezaugarri nagusia eta «burrunba» ikaragarria eragin zuen. Hirugarrengoan jada jendeak bazekien «zer egin behar zuen». Edonola, Topaguneko lehendakariak argitu du Euskaraldia «ediziotik ediziora» berrikuntzak eskatuko dituen ariketa dela.

Izan ere, txapa gutxiago ikusteak ondorioak dituela baieztatu du tolosarrak, Euskaraldiaren sinbolo horrek «sekulako» eragina duelako euskaraz egiteko ohiturarik ez dutenengan, «asko euskaraz hitz egitera animatu dira inguruan txapak ikusi dituztelako».

Erabilera, ez ezagutza

Euskaraldiaren funtsa sozializatzeko «pedagogia» handia egiten ari direla azaldu du Amonarrizek, berretsiz ariketa honetan gakoa ez dela ezagutza, erabilera baizik. Harago, «hau ez da euskararen aldeko kanpaina bat» dio, «hizkuntza ohiturak aldatu eta finkatzeko ariketa bat baizik».

Zentzu honetan uste du badagoela euskararen aldekotasunak bultzatuta izena ematen duen jendea baina ondoren ariketa egiteko prest ez dagoena, edo lehen hitza beti euskaraz egiteko konpromisoa hartzea kostatzen zaiona. Baina argi dio Amonarrizek: «Txapak konpromiso eta jarrera aldaketa batzuk eskatzen ditu». Uste du «lehen hitza beti euskaraz egitea aldaketa ikaragarria» dela eta zehaztu du erronka ohitura hori masibo bihurtzea dela.

Elkarrizketa elebidunak ere baditu helburu Euskaraldiak eta hemen ere badira zailtasunak. «Niri ere kosta egiten zait», aitortu du. «Kosta egiten da tentsio hori mantentzea, badagoelako tentsio puntu bat», baina emaitza positiboa dela baieztatu du, «tentsio puntu hori mantentzen baduzu laugarrenean parean dagoena euskaraz hasten da». Amonarrizen esanetan bada euskaldun asko ohituragatik, segurtasuna falta zaiolako, uste duelako ez duela ondo egiten edo dena delakoagatik lotsa duelako, euskaraz hitz egiteko «insistentzia» bat behar duena.

Agian kuantifikatzeko zaila den edo oharkabean pasa daitekeen eremu bati begira balorazio baikorra egin du Amonarrizek. «Milaka pertsonak aldatu dituzte hizkuntza ohiturak Euskaraldiari esker baina hori ez da ikusten, gerta daiteke Bilbon 2000 aldaketa egotea baina ez da pertzibitzen oso harreman pertsonalak direlako, aldaketa hauen eragina barrukoa da, sakona», adierazi du.

Jaurlaritza Logoa