Live
Hastear den "Itsasargia" ez da Gure Eskuren lehen hausnarketa prozesua. 2015. urtean, tankerako beste prozesu bat izan zen. Etxabururen esanetan, «egituratzeko» balio izan zuen. Prozesu berrian antolatzeko moldeak berrikusteko aukera dagoela onartu du. «Agian balekoa zen egituratzea, ez da hain balekoa gaur egunerako».
Etxaburuk burujabetza «presentzia mediatikotik at» ikusi arren, egunerokotasunaren parte dela, erantsi du. Horiek hala, Gure Eskuk «subiranotasuna» xede duen burujabetza eredua aldarrikatzen du. Hau bera zalantzan jartzen duenak ere onurak jasoko dituela, adierazi du eledunak.
«Sinestezina egiten zaigu herritarron arteko adostasunak alderdi politikoetara nola ez duen jauzi egiten»
Plano instituzionalean, ekainean Gasteizko Legebiltzarrean izan zen Gure Esku, erabakitze eskubidea lege egiteko eztabaida berrabiaraztea eskatuz. Josu Etxaburuk azaldu du lehen erronda burutu dutela, eta «aurki» iritsiko direla batzordera zehazturikoak. Dinamikak «alderdien arteko adostasuna» sustatu nahi du. Etxabururen esanetan, oinarritzat dute gizartearen %80ak erabakitze eskubideari ematen dion babesa. Aldiz, «sinesgaitza» egiten zaie alderdiek adostasunik ez topatzea. Etxaburu kritiko da “ez da garaia” esaten dutenekiko.
«Europako mugimendu subiranistaren kide gara»
Beste herrien erabakitze eskubideen aldarriaz, Gure Eskuko bozeramaleak zehaztu du, mugimenduak «tentuz» jarraitzen dituztela. «Zalantzarik ez daukagu olatu subiranista etorriko dela. Geure buruari egiten diogun galdera da nola harrapatzea nahi dugun. Ona litzateke igerian harrapatuko bagintu, eta gizarte ahaldundu bat harrapatuko balu». Zehazki, Eskoziara begira, bertako «indarra eta determinazioa» azpimarratu du.
Itsasargia prozesua
Gure Eskuk Nazioarteko Konferentzia antolatu du heldu den apirilaren 22rako. Bertan, nazioarteko esperientzia subiranista ezberdinetatik «ikasteko» nahia sustatuko dute. Halaber, Tourra ere begiz jota du dinamikak. Txirrindularitza froga baliatuko dute, «Euskal Herria badagoela» adierazteko.