Live

«Antza haur transexualek 12 urtera arte ezin dute eskubiderik eduki»

Trans Legearen tramitazioa azken txanpan aurkitzen da estatu espainiarrean. Zuzenketak bozkatu dituzte astelehen honetan Kongresuko Berdintasun Batzordean eta datorren astean iritsiko da egitasmoa osoko bilkurara. Adin txikikoen egoeraz ohartarazi du Naizen elkarteak.

Audio_placeholder

«Antza haur transexualek 12 urtera arte ezin dute eskubiderik eduki»

Loading player...
Naizen, adin txikiko transexualen familiek elkartearen aurkezpen ekitaldia. (Gorka RUBIO / FOKU)
Naizen, adin txikiko transexualen familiek elkartearen aurkezpen ekitaldia. (Gorka RUBIO / FOKU)

16 urtetik beherakoen kasuan erregistroan generoa aldatzeko epaile baten baimena beharrezkoa izatea nahi zuen PSOEk. Baina Berdintasun Batzordeak atzera bota du zuzenketa. Unidas Podemosen aurkakotasunarekin, PP giltzarri zen baina azkenean ez du neurria babestu. Hala, jatorrizko testuan zehazturikoa mantendu du osoko bilkurara iritsiko den lege proposamenak: 12 urtetik beherakoek ezingo dute generoa aldatu erregistroan, 14 urtera arte epaile baten baimena beharko da, 16 urtera arte gurasoena eta hortik aurrera norberaren hautua izango da.

Balorazio «gazi-gozo» egin du Naiz Irratian Bea Sever Naizen elkarteko bozeramaileak. Positibotzat jo du erregistroan «sexu aipamena» aldatu ahal izateko «azkenean» transexual helduek «existitzen ez den gaixotasun baten txostena» aurkeztu behar ez izatea eta bi urteko hormonazioa jasotzeko betebeharra ere ezabatu izana. «Hori da garaipen nagusia», dio Severrek baina gaineratuz «hortik aurrera dena galerak dira».

Lehenik zehaztu nahi izan du hizpide duguna ez dela Trans Legea. «PSOE eta Podemosen gobernu akordioan bi lege ezberdin adostu zituzten, LGTBI Legea eta Trans Legea, baina transexualitateari buruzkoa bidean gelditu da», dio. 53 orriko zirriborro bat osatu zela baina azkenean LGTBI Legearen baitan transexualitateari soilik 3 orri eskaini zaikiola gaineratu du, «arraroa da Trans Legeaz hitz egitea transexualitatea hain gutxi sartu denean, justu erregistroari dagokiona soilik».

Erregistroan generoa aldatzeko 12 urteko muga ezarri izana «atzerapusutzat» jo du Hego Euskal Herrian «beherago aldatzen delako». Severren esanetan, Nafarroan lau eta bost urteko haurren kasuan ere ari ziren aldaketak onartzen baina «hemendik aurrera ate hori itxita gelditu da, 12 urtera arte itsoin beharko da». PSOEk muga 16 urtetan finkatu nahi izateak «beldurra» eragin zien baina azkenean itsuraz ez da halakorik gertatuko. Edonola, parez pare jarri nahi izan ditu legea eta egunerokoa, izan ere, praktikan, «gure haurrak 3, 4 edo 5 urtetatik diren moduan bizi dira, izen berriarekin».

«Bakoitza bada badena»

Lege honen eztabaidak ondorio kaltegarriak izan dituela ere baieztatu du, «gezurrak zabaldu dira eta kaltea eragin dute». «Pertsonek nor diren erabakitzea» arriskutsutzat jotzen dutenen aurrean, Severrek azpimarratu du pertsonek ez dutela erabakitzen nor diren, «bestela inork ez luke aukeratuko biderarik zailena». Gogoratu du transexual askok beren buruaz beste egin edo baztertuta bukatu dutela. «Ez da erabakitzen, bakoitza bada badena, hori oso argi dugu adibidez desioaren orientazioarekin, ez da erabakitzen homosexuala izatea, ba hemen berdin».

Naizeneko bozeramaileak aldarrikatu du eztabaidak galdera nagusi bati erantzun beharko liokeela: «haur transexualak existitzen dira?». Eta argi dio, «bai, beti existitu dira eta beti existituko dira». Eta horri lotutako galderak ondoregoa izan beharko lukeela: «haur transexualek eskubideak eduki ahal dituzte?». Kasu honetan, «antza 12 urtera arte ezin dute», dio.

Ezezagutza da transexualitatea aitortzeko ezintasuna sortzen duena Severren ustez, ezezagutza eta honek sor dezakeen beldurra. Eta horrekin batera gobernu espainiarraren baitan, «Berdintasun ministerioan edo alorraren inguruan boterea edukitzeko borrokak eta egoak» aipatu ditu.

Jaurlaritza Logoa