Live

NAIZ Irratia

«Zerbait behar badu euskararen biziberritzeak politika da, auzi politiko bat delako»

Durangoko Azokaren ateak zabaltzear zirela, Naiz Irratiaren mikrofonoaren baitan batu dira Kontseiluko idazkari nagusi berri Idurre Eskisabel eta postua utzi berri duen Paul Bilbao. Maila sozialaz harago, erakundeekin «zoru komun» bat defendatzeko beharra nabarmendu du Bilbaok.

Audio_placeholder

«Zerbait behar badu euskararen biziberritzeak politika da, auzi politiko bat delako»

Loading player...
Idurrek Eskisabelek Durangoko San Agustin Kulturgunean hartu zuen Paul Bilbaoren lekukoa.
Idurrek Eskisabelek Durangoko San Agustin Kulturgunean hartu zuen Paul Bilbaoren lekukoa. (Marisol | FOKU)

Lekuko aldaketa izan da Euskalgintzaren Kontseiluaren lidergoan; 12 urtez idazkari nagusi izan ostean, Paul Bilbaoren lekukoa hartu du berriki Idurre Eskisabelek. Kontseiluak dagoeneko «aro berri» bat hasita zuela sinetsita, ibilbide horretan jarraitzeko konpromisoaz hitz egin du Eskisabelek, arlo sozialaz harago joatearen beharra azpimarratuz, «zerbait behar badu euskararen biziberritzeak, politika da, auzi politiko bat delako».

Astearte honetan (hilak 6) hartu zuen kargua Eskisabelek, Durangoko San Agustin kulturgunean, euskararen aldeko politikak «letra larriz» egiteko beharra aipatuz. Gaur (hilak 7) eta Durangon bertan hitz horietan sakondu du Eskisabelek, Naiz Irratiak Landako Gunean prestatu duen espazioan. «Politika letra larriz, ulertuta, epe luzerako auzi batetaz ari garela. Bizikidetza justizia soziala eta kohesio soziala dauzkala gai honek muinean eta alderdien jokoetatik kanpo behar duela. Horregatik letra larriz aritzearena», azaldu du Kontseiluko idazkari nagusi berriak.

Hizkuntza eskubideen defentsak, eragile sozialez gain, erakunde publikoen konpromisoa ere behar duelakoan, «zoru komun» baten baitan lan egitera deitu ditu Paul Bilbaok, «politikariek ulertu behar dute beraiei badagokiela hizkuntza politikak egitea, baina herritarron eginkizuna ez dela soilik lau urtero botoa ematea». Herritarron ekarpenak aintzat hartzeko «gobernantza eredu berriak» beharrezkoak izango dira Bilbaoren arabera eta erakunde publikoei «hausnarketa serio bat» egitera gonbidatu ditu.

«Mamu zaharrak»

Argi du Kontseiluko idazkari berriak, aukera askoko bide bat dutela aurretik baina oztopoz betetako bidea izango dela edozein kasutan; «Erronka berriak eta mamu zaharrak» aipatu ditu Eskisabelek. Zentzu horretan Euskal Herriko auzitegi ezberdinetatik heldu diren erasoak aipatu dituzte. «Auzitegiei ez dagokie hizkuntza politika egitea, baina egiten dute» kritikatu du Bilbaok. Aldiz, «arduragarriena da» Eskisabelen arabera, «jendartearen espresio diren lege eta arauak goitik behera botatzen dituztela». 

 

Jaurlaritza Logoa