Live
Hotzetik hasi zena, bero amaitu da. Hala uste dute Naiz Irratian mintzatu diren Imanol Larrañaga, Elgoibarko batzordeko kideak, eta, Andoni Izagirrek, Doneztebekoak. Azken honek ariketa sozial erraldoia martxan hasteko bezperetan sumatu zuen beroaldia, baita Larrañagak ere: «Behetik gora etorri den zerbiat izan da. Izan ere, Euskaraldiak asko du arduratik eta konpromisotik, baina emozioetatik ere bai».
«Ez da erraza hizkuntza ohiturak aldatzea», jarraitu du Larrañagak. hautu eta ohitura asko aldatu behar dira, eta hori ez da boteprontoan egiten. Premisa horretatik abiatu beharrean gara, akaso, Euskaraldiaren balizko arrakasta neurtzerako orduan. Baina aurtengo edizioak izan ditu abantailak: «Hirugarren edizioa izan da, herritarrek bazekiten zer zen egin behar zutena, eta horrek asko erraztu ditu gauzak», dio Izagirrek.
Fokoa, esan digutenez, gazteengan parte-hartzea sustatzean jarri dute herri askok, baita helburua lortu ere, baina hausnarketarako beste elementu bat utzi du Larrañagak: «Gizonek, oro har, gutxiago hartze dute parte, nabarmen, eta nahiko genuke jakin zergatik. Zaintza aipatzen dute zenbaitek... elementu asko izango dira ziur asko, baina aztertu beharko genuke horren inguruan nere ustez». Edozein kasutan, uste du txapa jantzita eramateak ematen duela «konfidantza», eta horrek balio duela hizkuntzaren auzia «agenda sozio-politikora» ekartzeko.
Araba,
Oscar Gartzia Arabako Euskaraldiko koordinatzaileak ere eman du bere ikuspuntua Naiz Irratian. Ziur mintzatu da Euskaraldia amaituta ere «euskarari eutsi» egingo diotela askok, eta zentzu horretan, pozik mintzatu da edizioak emandakoarekin. «Euskaraldia ezaguna da, baita parte-hartzen ez dutenen artean ere». Horrek, akaso, badu bere horretan garrantzia: «Ulertzen da belarriprestak zer suposatzen duen, badakigu zer den ahobizi izatea», eta horrek ahalbidetzen du hainbat praktika martxan jartzea.
Hori bai, oso bestelakoa da egoera hiriburuaz mintzatu edo barnealderago diren herrien inguruan: «Arabako biztanleen %75 Gasteizen bizi dira. Horrek gauzak erraztu ditzake zenbait ikuspegietatik».
Nabarmendu du ahobizi eta belarriprest kopuruak mantendu egin direla «orokorrean», eta azpimarratu du ariguneen egonkortzea ere eman dela Araban.