Live

Ainara Rodriguez-Amaia Zurutuza

Jaime Tapia: «Auzitegi Nazionalak hirugarren graduarekin duen jarrera kontrajarria da»

Lakuako gobernuak emandako hirugarren graduak defendatu ditu Jaime Tapia aholkulariak, baieztatuz «oso kasu antzekoetan» Auzitegi Nazionalak erabaki ezberdinak hartu dituela. Dio gobernuak «era eraikitzaile batean» lan egin behar duela «merezi duenak hirugarren gradua lor dezan».

Audio_placeholder

Jaime Tapia: «Auzitegi Nazionalak hirugarren graduarekin duen jarrera kontrajarria da»

Loading player...
Jaime Tapia
Jaime Tapia (Naiz Irratia)

Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuak espetxeen eskumena bereganatu zuenetik urtea pasa denean balorazio «gazi-gozoa» egin du espetxe gaietarako gobernuaren aholkulari den Jaime Tapiak NAIZ Irratian. Iñigo Urkullu buru duen Gobernuak 'Euskadin espetxe-eredua ezartzeko oinarriak' dokumentuan finkatu zituen bultzatu nahi duen ereduaren xehetasunak, «erdi-askatasuneko erregima»ren aldeko apustu nabarmenarekin. Tapiaren esanetan urte betean aurrerapusoak eman dira finkaturiko eredua garatzerako orduan, gizonezko presoen artean semi-askatasun maila %30 ingurukoa da, eta emakumeen kasuan, helburua betez, %40 ingurukoa, baina «oztopoak» ere sortu dira aitortu du.

Egiteko modu batzuk aldatu egin dira lehengo eta oraingo espetxe politikari dagokionez, legedia, ordea, berbera da. Gauzak beste modu batera egitea zerk egin duen posible galdetuta, Tapiak adierazi du «batzutan legeak eta araudiak aplikatzerako orduan sentsibilitate eta jarrera» ezberdinak daudela, «era batera edo bestera» aplika daitekeela legea. Lakuak legea aplikatzerako orduan «sentsibilitate soziala, emakumeekiko berdintasuna, presoen umeekiko begirada edo osasun mentalari buruzko hausnarketa sakona» haintzat hartzen dituela baieztatu du eta irtenbideak eskeintzen saiatzen dela. «Gizarteratze aukeretan sinesten baduzu horren alde egiten duzu lan», dio aholkulariak.

Gradu progresioak «legea betez»

Gradu progresioak ari dira izaten azken boladan kezkarako motibo. Lakuak onarturiko hirugarren graduen aurka ari da Estatu espainiarreko Fiskaltza, Auzitegi Nazionalak ukatu egin ditu hainbat eta preso batzuk kartzelara itzularazi ditu. Tapiak berretsi du Lakuak «legea betez» onartzen dituela hirugarren graduak, badakien arren Auzitegi Nazionalarena dela azken hitza. Aholkulariak uste du ez duela zentzurik exekutiboa salbuespenezko auzitegiaren aurka aritzeak, «ezin dugu beraien kontra jo, ez dauka zentzurik, ez garamatza inora». Hala, Urkulluren gobernuaren apustua Auzitegi Nazionalaren epaiak aztertzea eta betetzen saiatzea da, «batzutan zenbait zantzu agertzen dira ikusteko nora joan behar dugun pertsona horrek berriro erdi-askatasuna berreskuratu dezan».

Gradu progresiorako baldintzak zehaztuta daude eta garrantzitsuena, Tapiaren esanetan, espetxeetako Tratamendu Batzordeak dira. Eurek zehazten dute preso batek baldintzak betetzen dituen ala ez. Euskal preso politikoen kasuan «aztertu behar dute presoa ea benetan delituaren aurrean damutzen den eta nolakoa den biktimekiko jarrera», dio Tapiak gaineratuz, «batzutan barkamena ere eskatzen da baina guk uste dugu ez dela beharrezkoa esamolde hori erabiltzea». Tratamendu Batzordeak «teknikoak» direla, gradu progresiorako baldintzak «zehatz mehatz» exzagutzen dituztela nabarmendu du Tapiak. Ondoren Lakua da hirugarren gradua ematea erabakitzen duena. Baina azken hitza Auzitegi Nazionaleko Zaintza Epaitegiarena da eta bidean Fiskaltzak helegitea aurkezteko aukera du. Zaintza Epaitegiak «zenbait kasutan» Lakuak emandako hirugarren graduari balekoa eman diola gogoratu du, ebatziz «bidezkoa dela juridikoki».

Barkamen eskea, «kritikagarria»

Barkamen eskearen baldintzan tematu izan da Fiskaltza. Tapiak adierazi du legeak barkamen eskea jasotzea «kritikagarria» izan daitekeela baina aipamena «legean agertzen» dela, «artikulu edo arau» oso kritikatua den arren. Gaineratu du legeak ere esaten duela «frogatu daitekeela presoak justiziarekin kolaboratzen duela zenbait adituren txostenen bitartez». «Guk legea aplikatu behar dugu», errepikatu du baina zehaztuz legea aldatzea aukera bat dela, «alda daitekeela argi dago, orain adibidez sedizio delitua kolokan dago».

Baina une honetan indarrean dagoen legedia eskuan, Tapiak azaldu du Lakua bere usteen arabera eta «era arrazoitu batean» ari dela legea interpretatzen, «uste dugu ez dela guztiz beharrezkoa barkamena eskatzea badaudelako doluminak, barkamena, damua adierazteko beste era batzuk». Adituen lana funtsezkoa dela gogoratu du, «adituen txostenak daude eta bertan agertzen da pertsona horrek muzin egin diola bere delituari eta biktimekiko errespetua agertzen duela». Tapiaren esanetan Lakuak, administrazio publiko gisa, ezin dio legea aplikatzeari uko egin eta presoarentzat gainera ez luke «zentzurik». «Guk modu eraikitzaile batean egin behar dugu lan benetan merezi badute hirugarren gradua lor dezaten», dio.

Epaileen jarrera «kontrajarriak»

Lakuako gobernuak 32 euskal preso politikori onartu die hirugarren gradua. 21en aurka helegitea aurkeztu du Fiskaltzak eta sei espetxera itzularazi ditu Auzitegi Nazionalak. Helegite gehienak ebazteke daude oraindik eta Tapiak dio ez dakitela zein norabide hartuko duten. Izan ere, fiskaltzaren lau helegite atzera bota ditu Auzitegi Nazionaleko Zaintza Epaitegiak eta deigarriena da Lakuak ez dakiela zergatik esan dien kasu batzutan ezetz eta batzuei baietz. Ez dakite ezta ere zergatik hainbat kasutan fiskaltzak ez duen helegiterik aurkeztu eta beste batzuetan bai.

Tapiak azaldu duenez, lehenengo zazpi edo zortzi kasuetan fiskaltzak ez zituen Lakuak emandako hirugarren graduak errekurritu, «gure iritziz betebehar guztiak betetzen ziren», baina arazoa da «apiriletik aurrera» kasu «oso berdintsuetan» hirugarren graduen aurkako helegiteak aurkezten hasi zela Fiskaltza. «Ez daukagu garbi zergatik, aztertu ditugu kasuak eta oso antzekoak dira, bat errekurritu da eta bestea ez, gero epaileak honi baietz eta honi ezetz erantzun dio, ia kasu berberak direnean, jarrera kontrajarriak dira». Lakuaren helburua kasuak aztertu eta kasu berrietan «fiskaltzak errekurtsorik ez jartzea edo jartzen badu auzitegiak atzera botatzea» dela azaldu du.

Jaurlaritza Logoa