Live

NAIZ Irratia

«Jasotzen ditugun elikagaiak gutxiago dira eta hartzaileak gero eta gehiago»

Urteroko janari bilketaren kanpaina amaitu berritan eta oraindik datu zehatzik gabe, jasotakoa biltegietako egoera zaila iraultzeko balio izatea espero dute Gipuzkoako Elikagaien Bankuan. «Bestela, gaizki behar dugu», adierazi du bertako kide Joxe Mari Beitiak.

Audio_placeholder

«Jasotzen ditugun elikagaiak gutxiago dira eta hartzaileak gero eta gehiago»

Loading player...
Artxibo irudian, janari bilketa Nafarroako Elikagai Bankuan.
Artxibo irudian, janari bilketa Nafarroako Elikagai Bankuan. (Nafarroako Elikagai Bankua)

Azaroaren 25 eta 26an egin zen aurtengo elikagaiak biltzeko kanpaina Hego Euskal Herrian. Oraindik ere bilketaren datu zehatzak esku artean eduki gabe, aurten herritarrek egindako donazioak elikagai bankuak hornitzeko balioa izatea espero dute antolatzaileek. Baina zaila dirudi pandemia aurreko kopuruetara heldu ahal izatea, izan ere, «jasotzen ditugun elikagaiak gutxiago dira eta hartzaileak gero eta gehiago», Joxe Mari Beitia Gipuzkoako Elikagai Bankuko kideak azaldu duenez.

Aurtengo kanpaina heldu orduko, egoera muturrekoa zen elikagai bankuetan. «Apalak hutsik zeuden eta ohikoan banatzen ditugun loteak erdira ez, baina dezente murriztu dira». Ez du zalantzarik Beitiak joera honen atzean egungo «egoera sozioekonomikoa» dagoela, baina espero du kanpainak egoera zertxobait arintzeko balio izatea. Ohartarazi duenez, «bestela, gaizki behar dugu».

Bildutako kopuruak behera egin ahala, eskatzaileen profila ere aldatu dela azaldu du Gipuzkoako Elikagaien Bankuko kideak, «lehen batez ere etorkinak ziren. Gaur egun bertako jendea da gero eta gehiago datorrena elikagaiak eskatzera».

Jaurlaritza Logoa