Live
‘Autobiographikal’ ikuskizunarekin ekin zion poesia emanaldiak sortzeari Ane Zublediak eta Eider Adeletxek osatutako tandemak. Urte batzuk pasata eta Hi(zki)bridoak bekaren eskutik, bikoteak bere burua Mejillon Tigre izenpetu eta ‘Hitz Esana’ ikuskizuna ondu du. Hasierako asmotik pixka bat urrundu dira. Euskal emakume erreferenteak lantzea izango zen ikuskizunaren funtsa; sormen prozesuan zehar ordea, erdigunea bestelako elementuek hartu dute. Etxebizitza, fedea edota heldutasuna dira oholtzaratuko dituzten gaietako batzuk.
Hi(zki)bridoak bekak hitzen hibridazioa du oinarri. Eta musika, antzerkia edo bestelako diziplinak literaturarekin uztartzean datza egitasmoaren xedea. Adeletxek eta Zubeldiak, baina, ikuskizuna soiltzera jo dute. Hitzek, askotan, ez baitute «zarata» lagun.
Spoken word eredua arrantzatu dute mundu anglosaxoitik. Eta haien hitzak eta gorputzak oholtzaratuko dituzte ikuskizun berriari esker. Esperientzia propiotik abiatuta, belaunaldi-kezkak ekarri dituzte lehen lerrora. Gazteak dira eta gazte ahotsetik mintzo dira, baina ez dute partikularitatean iltzatzerik nahi. Gizartearen egiturazko gabezien oihartzunak dira haien olerkiek dakartena.
Azaroaren 10ean Bilboko Berreginen Museoan aurkeztu zuten ‘Hitz Esana’. Emaitzarekin eta jasotako erreakzioekin pozik, hitzei bide ematen jarraitzeko prest da kolektiboa.