Live

Ainara Rodriguez-Amaia Zurutuza

«Zientzilarion lana gizarte hobe bat sortzea da»

Aranzadi Zientzia Elkarteak Irulegiko eskuaren aurkikuntzaren berri eman duen astean, zientziaren garrantziaz, beharrez eta aukerez aritu gara Izortze Santin eta Koldo Gartzia tertuliakideekin.

Audio_placeholder

«Zientzilarion lana gizarte hobe bat sortzea da»

Loading player...
Zientzialari bat uraren egoera aztertzen.
Zientzialari bat uraren egoera aztertzen. (AZTI)

Biologoa izaki, «esku momifikatu bat aurkitu dute?», galdetu zion bere buruari Koldo Gartzia zientzilariak Irulegiko eskuaren inguruko lehen informazioak jaso zituenean. Berehala kokatu zen eta aurkikuntza «berri oso ona» dela iritzi dio. Izortze Santin zientzilaria «hunkitu» egin du berriak eta «poztu» egin da Aranzadiko kideengatik zientzilariek ez dituztelako egunero halako aurkikuntzak egiten.

Euskal Herriko aktualitatea astindu duen gaiari lehen aipamen bat egin, eta Gartziak euskara «bizirik dagoen hizkuntza bat» dela eta iraganari begiratu bai baina euskara orainaldian erabili behar dela aldarrikatu ondotik, zientziaren ikuspuntutik begiratu diogu gaiari bi tertuliakideekin. Iñaki Sanz-Azkueren txio batekin heldu diogu gaiari, «zenbat ‘Irulegi’ geldituko ote ziren bidean finantziazio faltagatik?». Santinek argi du, «ikertzaileen ideia onak maiz koadernoetan gelditzen direla finantziazio faltagatik», eta uste du hori zientziari behar duen garrantzia ematen ez zaiolako gertatzen dela. Zehatzago, «berehalako aplikazioa izango duten ikerketei» eta ez «oinarrizko zientziei» ematen zaie lehentasuna bere esanetan. Egoera honetan, zientzilari asko «borondate onak» eta «militantziak» gidatuta aritzen direla gaineratu du Gartziak.

Zientzia euskaraz

Mundu mailan zientzia, %95ean, ingelesez egiten dela argitu du Santinek. Gurera etorrita, euskaraz egin egiten da zientzia, tesi asko tartean, eta «azken urteetan esfortzu handia egin da dibulgazio zientifikoa euskaraz egiteko», baina gehiago egin liteke, noski. Horretarako, besteak beste, EHUk graduak, osotasunean, euskaraz eskeintzeko garaia baduela aldarrikatu du.

Zientzilariak «plaza publikora»

Finantziazio beharra du zientziak baina baita jendearengana iristeko beharra ere, Santinen esanetan. Diruak lagunduko du horretan, baina zerbait gehiago behar da. Bere ustez «zailtasunak» daude zientzia jendarte guztiarengana helarazteko, «mugak ditugu» esan eta egoera aldatzeko esfortzu handia egin behar dela aldarrikatu du. Hedabideek lagundu lezakete, baina gaur gaurkoz maiz zabaltzen diren zientzia arloko berriak «oso sentsazionalistak» direla deitoratu du. Zientzilarien eta kazetarien erronka da, bere iritziz, zientzia jendarte zabalari helaraztea.

Gartziak uste du potentzial handia egon litekeela, zientziarekiko interesa izan lezakeela jende askok informazioa erraztasunez helaraziko balitzaio. Izan ere, «gure lana gizarte hobeago bat sortzea da», baieztatu du. Aitortu du zientzia arloko gaiak batzutan ez direla azaltzeko errazak baina zientzilariek «plaza publikora» atera eta euren ezagutza azaldu behar dutela defendatu du.

Jaurlaritza Logoa