Live

Ainara Rodriguez-Amaia Zurutuza

«Gazteriak aldaketak bultzatzeko gaitasun handia du»

'Orain dugu aukera' dinamika berria aurkeztu du Ernai gazte antolakundeak. Antolakunde gisa hamar urte betetzen dituen honetan, etsipena dena gauzak aldatzeko olatu bilakatu nahi dute. Ane Alava bozeramailearekin izan gara.

Audio_placeholder

«Gazteriak aldaketak bultzatzeko gaitasun handia du»

Loading player...
Ernaiko gazteak ‘Orain dugu aukera’ dinamika  berriaren aurkezpenean
Ernaiko gazteak ‘Orain dugu aukera’ dinamika berriaren aurkezpenean (Raul Bogajo | FOKU)

«Etsituta» nahi dituzte gazteak Ane Alava Ernaiko bozeramailearen esanetan, «etorkizuna irudikatu» ezinik, espektatibarik gabe. Etorkizun baten alde borrokatzeko aukera ere «lapurtu» egin nahi diete, «gauzak aldatu ezin direnaren sentsazioa hedatu nahi dute».

Naiz Irratiari eskeinitako elkarrizketan Alavak onartu du gazteek «nolabaiteko fustrazioa» bizi dutela, ezegonkortasunak etsipena sortzen duela eta «mundua bera irudikatzea» zaila egiten zaiela bizi dugun krisi testuinguruan egoeran.

Zentzu honetan, ‘Geroa Gurea’ inkestaren emaitzak ezagutu berri ditugu eta ondorio asko utzi ditu mahai gainean. Etxebizitzari lotuta, gazteen erdia gurasoekin bizi dela, hamarretik zortzik emantzipatzeko nahia duen arren. Alavaren esanetan alokairuaren prezioa eta etxebizitzarako sarbidea, orohar, arazo bat da gazteentzat ez ezik, gizarte osoarentzat, eta salatu du instituzioek ez dituztela hartzen funts putreen nahiz bankuen espekulazioari aurre egiteko «neurri ausartak». Gazteei bideraturiko laguntzak, gainera, ez direla nahikoak eta mugatuak direla baieztatu du.

Lan munduan ere egoera ez da samurra, «prekarietatea» eta «kontratu zaborrak» dira gazteen artean nagusi, Ernaiko bozeramailearen esanetan. Egoera hobetzeko aukerak ikusten ditu, edonola, horren adibidetzat jarri ditu lan gatazkak, gaineratuz «antolatu eta borrokatzeko» nahia transmititzen dietela lan gatazkek gazteei.

Testuinguru honetan, aipaturiko inkestaren beste emaitza batek dio Hego Euskal Herriko gazteen %62ak uste duela demokraziaren kalitatea «txarra» dela. Alavarentzat bistakoa da gazteriak ez duela bere ahotsa instituzioetan «islatuta» ikusten eta kalitate txarreko demokrazia bat baino «politika oso tradizional» batean eroso sentitzen diren alderdi asko ikusten ditu, «gizarteari hitza emateko ariketa» egiten ez dutenak.

Gazteriari gorazarre

Baina Ernaik etsipena izan daitekeena aukera modura ere ikusten du. Alavak argi dio, «egoera honi aterabide bat eman behar zaio, kapitalismoaren mugak agerian gelditu dira, eta hori ez dugu soilik ezkerreko eragileek esaten, ikusi, ikutu eta bizi daitekeen zerbait da, aldaketaren beharra nabaria da». Zentzu honetan, «badago aukera bidegurutze honetan aldaketa handiak bultzatzeko», adierazi du eta bide horretan «kaleak hartzearen» eta «alternatibak martxan jartzearen» garrantzia azpimarratu.

Gazteak funtsezkotzat jo ditu, izan ere, «hortaz gazteak asko daki, asko erakutsi dezake, komunitatearen garrantzia berreskurtazen ari gara pandemiaz geroztik», baieztatu du Ernaiko bozeramaileak, gazteria «kritikoa» dela eta aldaketak bultzatzeko gaitasun handia duela gaineratuz.

Izan ere, gazteria «subjektu politiko» bat dela, mugimendu sozialei bere aletxoa jartzeko «gogoa eta anbizioa» duela uste du Ernaiko ordezkariak eta borroka askoren motore dela, «hori da betetzen dugun funtzio garrantzitsuena».

Jaurlaritza Logoa